Zailtasunak lehenengo jardunalditik

Realak eta Osasunak etxean hasiko dute liga, Atletico Madril eta Valentziaren aurka; Athleticek Real Madril bisitatuko duTxuri-urdinek eta zuri-gorriek jokatuko dute lehen derbia, urriaren 2an, Anoetan

Donostia
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Lehen Mailako taldeek atzo jakin zuten zer egutegi izango duten datorren sasoian. Espainiako Futbol Federazioaren batzar nagusian egin zen zozketa. Lehen jardunaldian, abuztuaren 21eko asteburuan jokatuko den jardunaldian, arerio zailak izango dituzte euskal taldeek. Iaz bezala, Realak eta Osasunak etxean hasiko dute lehen jardunaldia; aurten, ordea, Atletico Madril eta Valentziaren aurka. Athleticek, berriz, Madrilera bidaiatu beharko du Real Madrilen aurka jokatzeko.

Azken jardunaldian, maiatzaren 13ko asteburuan, talde txuri-urdinak soilik jokatuko du etxean: Valentziaren bisita jasoko du. Talde zuri-gorriak, berriz, Valentziara bidaiatuko du Levanteren aurka lehiatzeko. Eta nafarrek bidaia laburrago bat egingo dute, Santanderrera, Racingi aurre egiteko.

Sasoiko lehen derbia Realak eta Athleticek jokatuko dute, zazpigarren jardunaldian, urriaren 2an, Anoetan. Jarraian, eta iazbezala, Bilboko taldeak bi derbiak jarraian jokatuko ditu. Astebete geroago, urriaren 16an, zortzigarren jardunaldian, San Mamesen jasoko du Osasunaren bisita. Azken derbia 18. jardunaldian izango da, Realaren eta Osasunaren artekoa, hori ere Anoetan.

Lehen bi jardunaldien ondoren, etenaldi bat egingo du Ligak, Espainiako selekzioak Liechtensteinen aurka jokatu behar duen partida dela eta. Egutegi arazoak direla eta, lau norgehiagoka jokatuko dira aste barruan; bosgarren jardunaldia (irailak 21), 10. jardunaldia (urriak 26), 29. jardunaldia (martxoak 21) eta 33. jardunaldia (apirilak 11). Gabonetan, berriz, hiru asteko etenaldia egingo du txapelketak, abenduaren 18tik urtarrilaren 8ra.

Athleticek lehen jardunaldian jokatuko du Real Madrilen aurka, Santiago Bernabeu zelaian, eta Bartzelonaren aurka 12. jardunaldian ariko da, San Mamesen, azaroaren 6an. Realak, berriz, Bartzelonaren bisita 3. jardunaldian jasoko du, irailaren 11n. Real Madrilen aurkako norgehiagoka, berriz, 11. jardunaldian izango da, urriaren 30ean, Anoetan hori ere. Azkenik, Osasunak Bartzelona bisitatuko du laugarren jardunaldian, irailaren 18an. Real Madrilen aurka 12. jardunaldian ariko da, irailaren 6an, Santiago Bernabeun. Real Madrilen eta Bartzelonaren arteko norgehiagokak abenduaren 11n eta apirilaren 22an izango dira (16. eta 35. jardunaldietan) .

Espainiako Kopari dagokionez,finala liga amaitu ondoren jokatuko da, maiatzaren 25ean. Egun hori maiatzaren 20ra aurrera daiteke, bi finalistek Txapeldunen Ligako finala jokatzen ez badute—Txapeldunen Ligako finala maiatzaren 19an izango da, Munichen (Alemania)—. Lehen Mailako taldeek abenduaren 8an ekingo diote Kopari.

Donostian pozik etxean hasita

Philippe Montanier Realeko entrenatzailea pozik azaldu zen zozketa egin ondoren. «Garrantzitsua da etxean hastea, zaleen aurrean errazago baita irabaztea». Hasierako zailtasunari buruz zalantzak ditu — lehen bost jardunaldietan Atletico Madril, Bartzelona eta Sevillaren aurka ariko dira—. «Inoiz ez da jakiten zer den hobeago, hasieran jokatzea, erdialdean ala amaiera aldean». Horrez gain, bihar lanean hasteko «irrikan» dagoela azaldu zuen, bere taldea ezagutu nahi baitu entrenatzaile frantziarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.