Zalantza adina kezka

Baionak Toulon hartuko du gaur Jean Daugerren, hainbat jokalari jokatzeko prest izanen diren jakin gabe

Baionako eta Stadeko jokalariak, lehian, denboraldiko lehen partidan. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Sasoia Tolosaren aurka modu onean hasi ondoren, joan zen astean Bordelen jasotako kolpeak (18-6) min egin dio Baionari. Bigarren Mailatik igotakoen aurka itxura oso txarra erakusteaz gain, hainbat jokalari galdu ditu Lapurdiko taldeak. Top14ko lehen bi partidek balantze oso txarra utzi dute zauritutako jokalariei dagokienez. Anitz dira han edo hemen min duten jokalariak, eta gaur arratsaldera arte itxarongo du Christian Gajan kirol zuzendariak jokatzeko moduan nor dagoen ikusteko.

Gauzak horrela, hainbat zalantza izanen ditu gaurko hamabostekoak. Puricelli, Boutaty eta Elhorga ez direla zelaian izanen segurua da. Horiekin batera, ikusteke dago Boyet (sorbaldan mina du), Mazars (bizkarra hunkituta dauka), Bernad (kaskezurreko hezur bat hautsita dauka) edo Pietersen (lunbagoa du) osatuta egonen diren.

Horiek denak zalantza anitz dira, eta gaurko hamabostekoa anitz baldintzatuko dute, batez ere gibelean jokalari garrantzitsuak falta baitira. Izenen inguruko zalantza horiei joan zen astean jokoan ikusi ziren zalantzak erantsi behar zaizkie. Partida horretarako, gibelean jokalari garrantzitsuak falta ziren, eta itxura ez zen batere ona izan. Zieglerren gisako jokalari bat, adibidez, erabat galduta ikusi zen, eta Boyeten hutsunea ere igarri zen. Horretaz jakitun, Christian Gajanek azken unera arte itxarotea erabaki du gaur Toulonen aurka Pietersen edo Mazars zelairatzen ahalko dituen jakiteko.

Zalantza horiek gutxi ez, eta krisian sartuta dagoen Toulon etorriko da Baionara. Mediterraneoko taldea final-laurdenak jokatzeko hautagaia da, eta joan zen astean etxean galdu zuen, gazte anitz zelairatu zituen Clermonten aurka (17-0). Touloneko entrenatzailea, Philippe Saint Andre, Frantziako hautatzailea izanen da Munduko Kopa bukatuta. Berri horrek ez dio grazia handirik egin ordezko bila hasi behar izan den Mourad Boudjellal Touloneko presidenteari. Clermonten aurkako porrotaren ondotik, oso gogor mintzatu zen Boudjellal Saint Andreren aurka. «Burua ez dauka gurekin. Baina ez diot zernahi egiten utziko. Indemnizatu beharko gaitu. Taldea lehen postuan uzten badu, dohainik aterako zaio. Hortik behera, 20.000 euro postu bakoitzeko». Presidentearen eta entrenatzailearen arteko epaiketa mehatxuak tarteko, tentsioz beteta etorriko da Toulon Baionara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.