Zalantza gehiegirekin

Azken bi porrotek zalantzak eragin dituzte Iruñean, eta Valladoliden irabazita uxatu nahi dituzte kezka horiek gorritxoek

Iruñea
2009ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Athletici irabazita, sailkapeneko 11. posturaino igo zen Osasuna, eta hain denboraldi zaila izan ostean, gehiegizko euforia ere nabaritu zen. Astebetean, Almeriaren, Malagaren eta Valladoliden aurka jokatu beharreko hiru partidetan salbazioa ziurta zitekeela sinesten ere hasiak ziren. Baina Almeriaren eta Malagaren aurka galduta, zalantzak agertu dira berriz. Jaitsiera postuak hiru puntura ditu Osasunak, eta 11. postutik 15.eraino erori da. Gauzak estu daude, eta gaur arratsaldeko partida jokatuta, bost jardunaldi bakarrik faltako dira ligaren amaierarako. Azken txanpan Sevillaren, Bartzelonaren eta Real Madrilen aurka jokatu behar dutenez, etxeko lanak agudo egitea zen gorritxoen asmoa orain astebete. Lehen bi hankasartzeen ostean, Valladolidera zalantzak uxatzera doaz Jose Antonio Camachoren jokalariak. Gaur irabaziz gero, gertu ikusiko dute salbazioa; galduz gero, aldiz, Bigarren Mailarako bidea ikusiko dute gertu. Partida erabakigarria da.

Ezkortasuna erabat heda ez dadin, Camachok lasaitasun mezua helarazi nahi izan zuen atzo: «'Benetan kezkatuta egon behar dute guk baino hiruzpalau puntu gutxiagorekin dauden taldeak', esan zidan aurrekoan lagun batek, eta arrazoia dauka. Salbatzea gure esku dugu. Ez dugu besteen emaitzen zain egon behar, eta hori imajinatu ere ezin genuen egin orain hilabete batzuk». Azken bi partidak galdu izanak kezka areagotu du Osasunako zaleen artean, baina, lehen itzuliaren amaieran, zale eta jokalari guztiek sinatuko zuketen azken jardunaldira salbatzeko moduan iristea. Ez da komeni hori ahaztea.

Azken bi emaitzek taldearen inguruan zalantzak eragiteaz gain, Malagaren aurkako porrotak bestelako ondorio negargarriak ere utzi zituen nafarrentzat. Josetxok, Puñalek eta Vadoczek txartel gorri bana ikusi zuten, eta hirurak zigortuta daude. Horrez gain, Pandianik mina nabaritu zuen eskuin zangoan Malagaren aurkako lehian, eta, gainkarga gainditu ez duenez, taldeko golegile nagusia ere deialditik kanpo uztera behartuta izan zen atzo Camacho. Ondorioz, ez dago batere argi zein izango den Osasunaren hasierako hamaikakoa. Zalantzak dira nagusi hor ere.

Miguel Flañok beteko du Josetxoren tokia atzealdean, eta atzoko lan saioan ikusi ahal izan zenez, Antonio Hidalgo izan daiteke Puñalen ordezkoa euskarri bikoitzean. Erasoan Masuden laguna nor izango den ere aukeratu beharko du Camachok: Kike Sola edo Hector Font. Dena dela, Osasunaren bigarren taldeko euskarri Ruper deialdian da. Lehen taldearekin entrenamendu bat egin du, eta jokatzeko aukera duela esan du Camachok. Roberto Lopez Eskiroz, Ruper, 1987ko ekainean jaio zen, Aiegin, eta Osasuna Bn egindako lan txukunaren ostean iritsi zaio lehen taldearekin jokatzeko aukera. Puñalen antzeko ezaugarriak ditu, eta denboraldi-aurreko lehen partidan gol bat ere sartu zuen lehen taldearekin jokatu zuen lagunarteko norgehiagokan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.