Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Zalantza zeukanarentzat

Wigginsek Tourreko garaipena biribildu du, erlojupekoa irabazita; Froome eta Vincenzo Nibali igoko dira gaur Parisko podiumeraHaimar Zubeldiak seigarren postuan amaituko du, Cadel Evansi aurrea hartuta

Zalantza zeukanarentzat.
unai zubeldia
2012ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Bradley Wiggins (Sky) da 2012ko Frantziako Tourreko txirrindularirik indartsuena. Berak dauka maillot horia soinean; berak gozatuko du gehien gaur, Parisen; berak irabazi ditu bi erlojupeko luzeak, nagusitasunez irabazi ere; bera aritu da lanean lider handien moduan hala behar izan duenean; eta merezita jaso du berak taldekideen laguntza. Baita Chris Froome (Sky) harrigarriarena ere. Tourreko garailearen taldekidea indartsuago ibili da mendiko etapa gehienetan, itxura hori eman du igoera bakoitzean. Baina Skyri esker igoko da gaur Froome Parisko podiumeko bigarren koskara. Ez du hartu ardura askorik, ez du lan handiegirik egin beharrik izan, eta fresko iritsi da igoera bakoitzera. Horren ondorio ere izan da ondorengo maila bikaina.

Maila txundigarria daukala berretsi du Froomek, iaz Espainiako Vueltan egindakoari jarraipena emanda. Baina errespetutik ez du izan kirol mailaren erdirik ere. Harro ibili da, neska-lagunak Twitter bidez bidalitako mezuek puztuta. Baina errepideak berak jarri zuen atzo bere lekuan. Etapan eta sailkapen nagusian bigarren. Emaitza bikaina, baina bere jarrerarekin itsusitutakoa. Tour dotorea egiteko aukera galdu du Skykoak, nahiz eta etorkizunean (eta orainean ere bai) Frantziako lasterketa sonatua berea izan daitekeela erakutsi duen.

Artean zalantzaren bat zeukanarentzat, ederra izan zen erlojupekoa. Hasi eta bukatu, egurrean egin zuen ibilbidea Wigginsek. 14. kilometroan zegoen lehen erreferentzia puntua, eta 12 segundo kendu zizkion bertan Froomeri. 35 segundora geratu zen hor Tejay Van Garderen (BMC), eta, lanak askoz lehenago amaituta, Luis Leon Sanchezena (Rabobank) zen laugarren denborarik onena, 38 segundo kaskarragoa. Oso saio ona egin zuen espainiarrak. Aurretik zeukan amorruari erreferentzia onaren indarra gehitu zion Wigginsek, eta hegan egin zituen gainerako kilometroak.

Koska txikiren bat edo beste gorabehera, erlojupekoak ez zeukan gogortasunik. Eman beharrekoa zen. Eta eman bazuen, eman zuen Wigginsek. 30,5. kilometroan zegoen bigarren erreferentzia puntua, eta hortxe eman zuen astindurik handiena. Aurretik, Sanchezek baino lau segundo gutxiago behar izan zituen Froomek lehen 30 kilometroak egiteko. Baina taldekideak 54 segundo kendu zizkion bertan. Momentu horretan gustura jarriko zen Wiggins Froomeren ondoan, Pirinioetan egin zizkion keinuak eginez, erritmoa azkartzeko eskatuz.

Vincenzo Nibalik (Liquigas) erlojupeko zoragarririk ez zeukan egin beharrik podiumeko hirugarren koskari eusteko, eta horixe egin zuen italiarrak, saio txukuna. 16. posturik onena lortu zuen helmugan, Wigginsengandik 3.38 minutura. Sailkapen nagusian ia lau minutu atera dizkio laugarren sailkatuari, Jurgen Van den Broecki (Lotto). Oso saio ona egin zuten belgikarrak eta Van Garderenek ere. Baina etapa garaipenetik urruti zebiltzan horiek guztiak. Goraka-goraka, erabat hazita amaitu zuen Wigginsek erlojupekoa (1.04.13). Froomena baino minutu eta hamasei segundo hobea; Sanchezena baino 1.50 hobea; Peter Velitsena (Omega) baino 2.02 hobea... Tourreko txirrindularirik indartsuena zein zen zalantzaren bat zeukanarentzat, erakustaldia.

Haimar Zubeldia, dotore

Wiggins-Froome demaz eta etapa garaipenaz gain, argitzeko gutxi geratzen zitzaion atzo Tourrari. Baina gehienentzat podiumera igotzearen parekoa da lehen hamarren artean sartzea. Borroka horixe zeukan Haimar Zubeldiak ere (RadioShack). Lehertuta amaituko du itzulia, baina Pierre Rollandi (Europcar), Janez Brajkovici (Astana) eta Thibaut Pinoti (Francaise) eusteaz gain, Cadel Evansi (BMC) postua kentzeko gai izan zen. Erlojupeko eskasa egin zuen australiarrak, eta seigarren postuan amaituko du lasterketa usurbildarrak. Bikaina bere lana. Gaur amaituko da Tourra, Rambouillet eta Paris arteko 120 kilometroekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.