Zazpi hilabete zain, eta jai. Hilabete hasierako soldata jaso zain nola, hala zeuden txirrindularitzako zale denak, Kronplatz mendate ikusgarriaren zain. Azaroan iragarri zuten Giroko antolatzaileek mendate hori igoko zela. Xehetasun gutxi batzuk eman zituzten, baina nahikoak jakin-mina pizteko: eski pista bat zela, %24ko desnibelak...
Zaleen poza, izoztuta. Kronplatz mendate garaia da, 2.273 metro ditu, eta maiatzean, zoritxarrez, normala da paraje haietan elurra egitea, Euskal Herrian ere Auñamendi edo Hiru Erregeen Mahaia zuritzea normala den bezala (2.500 metro). Elurra polita da ikusteko, baina enbarazu handia egiten du sarri. Atzo, esaterako, ikuskizuna erabat zapuztu zuen. Egiari zor, Giroko antolatzaileek erabaki zuzena hartu zuten, Kronplatzera igotzea erokeria zelako, txirrindularien osasunerako kaltegarria agian.
Eguerdian, berriak txar-txarrak ziren Tremin abiapuntuan (Hego Tirol). Bi gradu zeropetik eta elurra mara-mara Kronplatzen. Txirrindulariak Angelo Zomegnan Giroko buruarekin batzartu ziren eta Passo delle Erbe kentzea hitzartu zuten aurrena. Mendate horretako jaitsierako lehen kilometroetan 20 zentimetroko elur geruza pilatu zen errepidean. Kronplatzeko bukaera mantentzea erabaki zuten, eguraldiak hobera egingo zuen itxaropenarekin. Baina ez zen hobetu, eta helmuga Kronplatz baino bost kilometro beherago jarri zuten, Passo Furcian.
PIEPOLIREN BIGARRENA. Passo Furcian Kronplatzen gertatuko zenaren laurdena ere ez zen gertatu. Laurdena edo gutxiago, Furciak bost kilometro tente bakarrik baititu. Bassori eusteko gai den bakarra Leonardo Piepoli dela ikusi zen. Simoni, atzo Savoldelliri hirugarren postua kenduta ere, larri dabilela, eta gorriak ikusiko dituela Gutierrez valentziarrari bigarren postua kentzeko. Savoldelli, Cunego eta Di Lucaren ezina ez da albiste iturri dagoeneko. Di Lucak kito esan zuen atzo, eta hiru minutu galdu, helmugan.
Azken Giroetako behin betiko sailkapen nagusiei begiratu eta urteak dira hain alde handiak pilatu ez direla. Girokoak ez, Tourrekoak dirudite, Giroa oso gogorra izan den seinale. Milanera iritsi aurretik bi etapa menditsu geratzen dira, gainera.
Sailkapenak
17. ETAPA
1. Leonardo Piepoli (SDV) 3.21.26
2. Ivan Basso (CSC) d. b.
3. Jose Enrique Gutierrez (PHO) 15era
4. Franco Pellizotti (LIQ) 19ra
5. Julio Alberto Perez Cuapio (PAN) 28ra
6. John Gadret (A2R) 37ra
7. Damiano Cunego (LAM) 41era
8. Gilberto Simoni (SDV) 48ra
12. Juanma Garate (QSI) 1.14ra
16. Paolo Savoldelli (DSC) 1.29ra
25. Patxi Vila (LAM) 1:50era
26. David Lopez (EUS) 1.53ra
NAGUSIA
1. Ivan Basso (CSC) 67.56.31
2. Jose Enrique Gutierrez (PHO) 5.43ra
3. Gilberto Simoni (SDV) 10.34ra
4. Paolo Savoldelli (DSC) 10.58ra
5. Franco Pellizotti (LIQ) 12.30era
6. Wladimir Belli (CLM) 13.00ra
7. Sandy Casar (FDJ) 14.06ra
8. Damiano Cunego (LAM) 14.48ra
9. Victor Hugo Peña (PHO) 16.40ra
10.Jose Luis Rubiera (DSC) 17.48ra
11. Andrea Noe (LIQ) 17.58ra
12. Leonardo Piepoli (SDV) 18.19ra
13. Danilo Di Luca (LIQ) 18.27ra
14. Giampaolo Caruso (LSW) 18.49ra
15. Juanma Garate (QSI) 19.15era
16. Patxi Vila (LAM) 20.50era
Zaleen poza, izoztuta
Elurrak ezinezko egin du Kronplatzera igotzea, eta zaleak atsekabetu ditu; Piepolik irabazi du etapa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu