Kirol epaileen lana

Zalerik gabeko taldea

Presioa, ardura, ilusioa, egoera... hiru kiroletako Lehen Mailako epaileek euren barrunbeak azaleratu dituzte, gazi zein gozoak. Kirolariak direla onar dezatela nahi dute, parte direlako, eta ez dira harritzen gazteen artean dagoen bokazio faltarekin.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Garaipen handien zein kirol porroten lekuko izaten dira. Are gehiago, haiena izaten da lekurik onena. Lekuko isil nahiko lukete izan epaileek, oharkabean pasatu, baina gero eta oihu eta petralkeria gehiago jasaten dituzte, baita modu txarrak ere, pentsaezinak ziruditen kirol batzuetan. Iraina eta presioa gehienetan; saria gutxitan, eurak baitira aldeko zalerik ez duen talde bakarra, eta era berean beharrezkoak dira. «Zaleentzat gu ez gara kirolariak, eta oker dabiltza: gu ere kirolaren parte gara». Ruben Sanchez ACB ligako epailearena da atsekabea (Donostia, 1965).

Hiru urte dira Sanchez ACB saskibaloi ligan epaile hasi zenetik. Berak darama epaileen ardura Gipuzkoako Saskibaloi Federazioan ere. Elitea eta epaile gazteen egunerokoa uztartzen ditu, eta bere ondorio propioak atera ditu harreman horretatik. «Gizartearentzat epaileak ez gara kirolariak; alde batera uzte gaitu. Jendeak ez du ikusten epaile batek bere burua prestatu behar duela, asko ikasi... Jendearentzat filmeko gaiztoak gara. Jokalariak bateko jaurtiketan kale egiten badu, 'irten egin zaio, a ze pena' dio jendeak. Epaileak kale egiten badu, aldiz, harekin ez dago errukirik. Gizarteak mezu hori bere egin du». Sanchezek ACB ligako 24 eta 27 partida artean zuzentzen ditu urtean, eta noizean behin Gipuzkoako epaile gazteei laguntzen die. Astean bi-edo lan saio fisiko egiten ditu, eta partida bakoitzaren ondoren, berrikusi eta txosten zehatza bidali behar dio ACBri. Gero, ligak 15-20 jokaldiko bideo bat bidaltzen dio, eta bakoitza aztertu behar du. Ligako 32 epaileek egiten dute lan hori astero.

Eduardo Iturralde (Bilbo, 1967) Euskal Herriko futbol epailerik ezagunena izango da ziur asko. Hamasei denboraldi egin ditu Lehen Mailan, eta sasoiaren bukaeran hartuko du erretiroa, Vallecasen. Kirolaritzat dauka bere burua, eta prestaketa zehatza du. Lan fisikoa egiten du astean hirutan, eta jardunaldi bakoitzeko hamar partidak ikusten ditu. Berak baten bat zuzendu badu, hura zehatzago, noski. «Lan fisikoa egiten dugu, atletak izateko entrenatzen gara, baina epaile izatea zelaian bakarrik entrena daiteke. Jokalariek aste osoa pasatzen dute egunero gauzak berak egiten, baina guk?». Dena den, «ezagutza ere garrantzitsua» da, haren ustez, eta adibide ona jarri du. «Talde bakoitzak nola defendatzen duen jakitea garrantzitsua da, nola egiten dituen gauzak... Adibidez, Valentziaren kornerrak zaintzea zaila da, Unai Emeryk estrategia ondo lantzen duelako, eta hori jakitea mesedegarria da».

Luis de Miguelek ere (Goizueta, Nafarroa, 1960) uste du jokoaren ezagutza garrantzitsua dela. Pilota epaile da, eta hiru urtez EPEL Esku-huskako Enpresen Ligako epaile izan zen. Garai hartan lau partida zuzentzen zituen asteburuko: pare bat afizionatu mailakoak eta profesionaletako beste bi. Aurretik palan aritu zen. «Jokoa ezagutzen laguntzen dizu; aurretik aritu izatea ona da: mugimenduak... Pilotaria ezagutu egin behar da. Adibidez, nekatuta badago, litekeena da gehiago arriskatzea, errematean saiatzea. Bada, horretaz jabetu eta are adiago egon behar duzu».

Erabakiak hartzeak erantzukizuna dakar. Eta erantzukizunak, normalean, presioa ekartzen du berekin. Asmatzeko presioa da, eta kirolean zenbat eta gorago egon, orduan eta presio handiagoa dago erabakiak hartzeko garaian? Iritzi ezberdinekoak dira epaileak. «Niri presioa apustuzaleek eta pilotarien ingurukoek eragiten zidaten; batez ere, pilotarien botileroek, enpresetako kideak zirenean», azaldu du De Miguelek. «Jaialdi arruntetan nik ez nuen presiorik sumatzen, baina txapelketakoak ezberdinak ziren. Tentsioa batzuetan ona da, halere. Adi egoten laguntzen dizu. Partida orekatua bada, sartuta egoten zara. Badu bere alde txarra ere, baina hor, pilotariak baino gehiago, enpresetako jendea nabarmenduko nuke: intendenteak, teknikariak... Horiek euren interesak lehenesten dituztelako». Hiru urte dira profesionaletan epaile izateari utzi ziola, eta ez bakarrik presioarengatik. «Nekea, presioa... horiek bazeuden. Nik ez nuen batasunik ikusi epaileen artean. Bakoitzak bereari begiratzen zion, eta deseroso nengoen».

Futboleko eta saskibaloiko epaileek, berriz, garrantzia kentzen diote presioari. «Presio handiena zuk ezartzen diozu zeure buruari», onartu du Sanchezek.«Partida bat bukatzeko hamabost segundo falta badira eta jokaldi hori erabakigarria bada, zuk ondo egin nahi duzu. Presio hori entrenatzaileek edo ikusleek egin dezaketena baino handiagoa da. Jendearen oihuak ez dituzu entzuten: burrunbada da. Zu jokoan sartuta zaude». Iturraldek, berriz, «presio gutxi» sumatzen du, eta ondo argudiatu du. «Presioa gehiago dago gazte mailetan. Kazetari eta jokalari asko egongo dira, baina zu zelaian gustatzen zaizuna egiten ari zara. Presioa lanik ez izatea da. Ez ahaztu futbola kirola dela! Presio handiagoa duzu hasten zarenean: bakarrik zaude, hamar guraso harmailetan, eta denok dakigu nolakoak diren. Baina nik? Ni hegazkinez noa, Poliziak eramaten eta ateratzen nau zelaitik, soldata jasotzen dut eta handik etxera noa. Agian, zaharra naizelako izango da, baina nik ez dut presiorik ikusten. Begira, presio handiagoa ikusten dut pilotan, mundu txikia delako eta agian gero norbait tabernan topa dezakezulako. Hala ere, argi dago Madrilen partida bat zuzentzea beste gauza bat dela». Sanchezek berretsi egin du Iturraldek esandakoa: «Errazagoa da gazteetan iskanbila izatea profesionaletan baino».

Denak begira

Kazetariak izendatu ditu Iturraldek, eta berak ere onartu du urteekin mediatiko bilakatu dela. Jendeak kalean ezagutzen du, baina, dioenez, Euskal Herrian Espainian baino errespetu handiagoz tratatzen dute. Futbolean hedabideek zorrotz jarraitzen diete epaileei, eta, haren ustez, garrantzitsua da ezagutzea zein den hedabideen motibazioa. «Futbolaren atzean interes asko daude; dirua dago. Hedabideen atzetik ildo editorialak daude, eta ezagutu behar dira. Bartzelonako eta Madrilgo prentsa hartu, eta Mundu Gerra dela dirudi. Nik hedabideei erreparatzen diet. Kontrakoa esanez gero, gezurretan nenbilke. Zure munduan zein interes dauden jakin behar duzu. Hori barneratzean ulertzen duzu hau zirku bat dela eta zeintzuk diren pailazoak». Sanchezek, berriz, aspaldi utzi zion garrantzia emateari egunkarietan irakurtzen duenari. «Noizbait irakurtzen dut: foroak-eta... Egunkari batean idazten baduzu, interesatzen zaizuna idazten duzu. Aurrekoan, Alacanten, entrenatzailea egotzi genuen, eta haren ordezkoak lana ondo egin eta irabazi zutenez, dena arrakasta izan da. Aldiz, galdu izan balute, epaileak izango ziren errudunak. Eramaten jakin behar duzu, besterik ez».

Eta kirolariak? Zer moduzkoa da haiekiko harremana? Hirurek diote «oso ona» dela. «Pilotariek ulertzen gaituzte. Tratua ona da oro har. Noizbait, haserrealdiren bat badute, gero, normalean, barkamena eskatzen digute», adierazi du De Miguelek. Futbolean eta saskibaloian protestak betidanik izan dira, baina pilotan azken urteetan ugaritu egin dira. «Nik, pilotan baino gehiago, esku-huskan esango nuke, erremintan ez dagoelako halakorik. Ni Galarretan ikusitakoa naiz enpresako gerentea harmailetatik jaisten protestaka ari zen pilotari bat isilarazteko. Pilota klasikoan ez zen kexarik ikusten. Azken pilotari belaunaldian, berriz, kexak ugariagoak dira, eta okerrena da eredu hori beheko mailetara zabaltzen ari dela, eta gaztetxoek telebistan ikusten duten hori imitatzen dutela. Hori bai, berriz diot: erremintan ez dago halakorik».

Salbuespena da, baina De Miguelek nahiko kasu latza izan zuen gertu: «Epaile bat ezagutzen dut erabaki bat hartu, zuzena edo okerra, eta pilotari baten ingurukoak gainera etorri zitzaizkiona. Hari buelta ematea izugarri kosta zitzaion, eta epaile izateari utzi zion. Eta ez hori bakarrik, lanean ere gaixo agiria hartuta egon zen gertatutakoak eragin zionarengatik».

Hutsegiteekin bizitzen

Huts egitea kirolaren parte da. Ezin da beti asmatu. Baina, Sanchezek aurretik esan bezala, zaleak askoz larriagotzat jotzen du epailearen hutsa. Egun ia partida profesional guztiak grabatzen dira, eta epaileak argi ikus dezake noiz huts egin duen. Alde horretatik, kirol bakoitza ezberdina da, epaileek hartu beharreko erabaki kopuruaren arabera. «Denok dugu sakelako telefonoa, eta partida bukatzen denerako jakinarazi dizute asmatu duzun edo ez», azaldu du Iturraldek. «Denok egiten ditugu hutsak, eta, nire kasuan, ez ditut errudunak bilatzen, konponbideak baizik. Hutsa aztertu egin behar da, eta zergatik egin duzun ikusi. Ni ez nator bat 'horrek huts egin du, eta lasai joan da etxera' dioenarekin, ez baita hala. Buruari buelta asko ematen dizkiozu, eta huts egin duzula baldin badakizu, egun horretan ez duzu afaltzen, eta kostata egiten duzu lo. Zerk egin duen kale galdetzen diozu zeure buruari, eta hortik ikasi behar duzu: ondo kokatuta zeunden, jokalariren batek ez zizun uzten jokaldia ikusten...».

Pilota epaile batek partida batean, asko jota, pare bat erabaki zail izan dezake, eta De Miguelek nabarmendu du «funtsezkoa» dela horietan asmatzea. «Baina horietan asmatu behar da, eta asmatzen ez duzunean... Lo hartzea ere zaila izaten da; agian, aste osoan daukazu bueltaka buruan. Askotan, huts egin eta berehala dakizu ez duzula asmatu. Oso sentipen txarra da. Gorputzean sartzen da, eta ez da irteten». Sanchezek uste du saskibaloian desberdina dela hutsaren samina. Estatistika kontua da. «Hasiberria zarenean zailagoa da, baina denbora daramazunean... Garrantzitsuena zeure buruarengan konfiantza izatea da. Hutsegiteekin bizitzen ez badakizu, galduta zaude. Saskibaloian 50 erabaki hartzen ditugu partida batean. 60tik 55 asmatzen badituzu, batez besteko ona da. Futbolean, aldiz, ez baduzu penalti bat adierazten...».

Hutsa eraman daiteke, baina beldurra? Hirurek diote inoiz ez dutela beldurrik izan euren zereginetan. «Lurralde mailako partidetan beldurra pasatzea errazagoa da. Ni bizpahiru aldiz irten naiz Poliziak lagunduta pabiloietatik, baina ez dut beldurrik pasatu», zehaztu du Sanchezek. Antzekoa dio Iturraldek. «Niri behin jokalari batek ostikada bat jo zidan Arrigorriagan. Beldur handiagoa pasa daiteke gazteen kategorian». De Miguelek beldurra ez, baina onartu du askotan jarri izan dela urduri. «Askotan urduri egon naiz, partida estua zenean batez ere. Bat dut gogoan: Tolosan, Uriarte-Galarza VI.a Apezetxea-Zubietaren aurka, Bigarren Mailako binakakoan. Aurrenekoek 22-21 irabazi zuten. Azken txanpan zalantzazko bi erabaki egon ziren, biak nire kideak hartu beharrekoak, eta ikustekoa izan zen nola etorri zitzaion Galarza VI.a gainera. Gogoan du Bidarte [Fernando Bidarte Aspeko burua] bera goiko harmailatik ziztu bizian jaitsi zela lasai zedin agintzeko».

Eta etorkizuna? Ba al dago belaunaldi berririk? Pilotan, kostata. «Epaile izateko azterketa erraza da, baina bokazioa falta da, eta jokabideak aldatzen ez badira, zaila izango da jende gaztea sartzea». Pizgarri ekonomikoak ere ez du balio, profesional mailako hiru partidako jaialdi batean epailea izateagatik 110 euro pasa kobratzen baitira. Iturraldek ere ikusten du bokazio falta. «Behe mailetan egoerak okerrera egin du nire garaietatik. Gazteak ikusten ditut eta neure buruari esaten diot: 'Orain behetik hasteko esango balizute? Ezta inondik ere'. Jendea zoratuta dago: 14 urteko epaileek sekulakoak entzuten dituzte. Zurea bezalako ume bat da hura ere, ikasten ari da! Ni talde bateko presidente banintz, ez nieke utziko gurasoei zelaira joaten». Sanchez, berriz, lanean ari da kimu berriak sor daitezen, baina badaki epailearen irudia «kaltetua» dagoela gizartean, eta aldarria errepikatu du. «Kirolariak garela eta kirolaren parte garrantzitsua garela ulertu behar du zaleak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.