Itxura batean uste baino garrantzitsuagoa da Caja Laboral Baskoniarentzat gaur Buesa Arenan Zalgirisen aurka jokatuko duen partida. Atenasen galdu egin zuelako, eta garaipen premia duelako, noski, baina baita ere Lituaniako taldea aurkari zuzena izan litekeelako lehen ligaxkako azkeneko jardunaldian. Gauzak ondo, Olympiakos eta Anadolu Efesentzat izanen dira multzoko lehen bi tokiak, eta ikusteko dago beste zein bi taldek bereganatuko dituzten hirugarren eta laugarren postuak, Top 16rako sailkapena ematen duten postuak.
Cedevita Zagrebek muturreko handia jaso zuen Kaunasen lehen jardunaldian (90-62), eta nahiko garbi ikusten da multzoko apalena dela. Ondo bidean, Zalgiris, Baskonia eta Emporio Armani Milan dira 3. eta 4. postuak eskuratzeko hautagaiak, baina bat sobera dago. Nor, ordea? Zalgiris iraganean izan zen talde indartsuaren itzala ere ez da egun, baina Joan Plaza entrenatzaile kataluniarra, eta Lituaniako jokalari ezagunenak berreskuratuta, aurreikuspenak hausteko prest da. Gaur zortzi Zagrebi eman zion astindua, horren adibide.
Lanak emango dizkio Zalgirisek Baskoniari, eroso jokatzen uzten badio. Marko Popovic joko antolatzaile kroaziarra hazi egin da Lituanian, eta hirukoetan trebea izateaz gain, ondo elikatzen ditu taldekideak. Eskolta lanean Rimantas Kaukenas eta Oliver Lafayette estatubatuarra aritzen dira. Kaukenas bere kirol ibilbideko azken urteetan dagoen eskolta bikaina da. Lafayette, aldiz, gorabeheratsuagoa da bere zenbakietan. 3 postuan Mindaugas Kuzminskas gazteak jokatzen du, eta saskipean, kalitatea, giharra eta talentua batzen dituzten eskarmentu handiko bi jokalari: Paulius Jankunas hegal-pibota eta Darjus Lavrinovic pibota.
Aulkian ere ordezko onak ditu Plazak: Ksistof Lavrinovic, Tremell Darden Unicajako jokalari ohia, Mario Delas harribitxia eta Jeff Foote dorre estatubatuarra (2,13 luzean). Cedevitaren aurka portzentaje bikaina lortu zuten hirukoetan: %56. Trantsizio jokoan bizi-bizi jokatzen dute lituaniarrek, eta maisuak dira kontraerasoetan eraginkorrak izaten. Egia da Cedevita Zagrebek erraztasun asko eman zizkiola defentsan, eta ikusteko dago arlo horretan estutzen duen aurkariaren aurka zein neurri ematen duen. Tylor Rochestie, Tibor Pleiss eta Zalgirisko Javtokas ez dira kantxaratuko.
BASKONIA-ZALGIRIS
Lehiaketa. Euroligako lehen ligaxkako bigarren jardunaldia.
Caja Laboral Baskonia. Nocioni, Milko Bjelica, Hernandez Sonseca, Cabezas, San Emeterio, Heurtel, Oleson, Lampe, Nemanja Bjelica eta Causeur.
Zalgiris Kaunas. Darden, Jaaber,Popovic, Darjus Lavrinovic, Juskevicius, Lipkevicius, Klimavicius, Jankunas, Delas, Kuzminskas, Lafayette, Kaukenas, Foote eta Ksistof Lavrinovic.
Lekua. Buesa Arena (15.504 ikusle).
Sailkapena. Baskonia laugarren da C multzoan (0-1) eta Zalgiris lehena (1-0).
Ordua. 20:30 (ETB1).
Multzoko beste partidak. Gaur: Cedevita Zagreb-Emporio Armani Milan (18:30) eta Anadolu Efes-Olympiakos (19:00).
Zalgiris aurkari zuzena da
Lituaniarrak, Baskonia eta Armani Milan dira C multzoko hirugarren eta laugarren postuak lortzeko lehiakideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu