Bera Bera 35. Lada Togliatti 34

Zama izan da lehen zatia

Donostiako taldeak gol bakar batez irabazi dio Ladari, eta EHF kopatik kanpo geratu da

Julen Etxeberria.
Donostia
2012ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Bera Bera. Zoqbi, Altuna (3), Campa (1), Carvalho (3), Cuña (1), Pinedo (6), Ziarsolo (2)—hasierako zazpikoa—; Yamiley, Rubio (5), Bea Fernandez (10), Berta (4) eta Menendez.

Lada Togliatti. Sidorova, Gorxkova (2), Muravieva (5), Davidenko (8), Xipilova (1), V. Zhilinskaite, Zhernoivanenko (3) —hasierako zazpikoa—; Basarab, Y. Zhilinskaite (3), Bliznova (3), Smirnova (1), Garanina (3), Marennikova (5) eta Gorxenina.

Markagailua. 3-2, 4-4, 5-7, 8-10, 11-14, 14-18 (atsedenaldian); 18-19, 22-21, 25-24, 28-26, 31-31 eta 35-34.

Epaileak. Bonifert eta Olah (Hungaria). Bi minutuz kanporatuak: Bera Berako Pinedo, Rubio eta Carvalho (2); eta Ladako Smirnova, Xipilova, V. Zhilinskaite (2), Zhernoivanenko eta Muravieva (2).

Bestelakoak. 1.000 ikusle inguru Gaska kiroldegian.

Kito. Bukatu da Bera Beraren bidea EHF kopan. Donostiako taldeak erronka zaila zuen Europatik bidaiatzen jarraitu ahal izateko, Lada Togliattik duela astebete Errusian jokatutako joanekoan lortutako sei goleko aldeari eman behar baitzion (28-22). Bera Berako kideak, halere, itxaropentsu zeuden. Sinetsita zeuden taldeak bere jokoa eginez gero, sailkatzeko aukera izango zutela. Hori argi zuten, baina baita ere hori egin ezean Errusiako taldea izango zela final-laurdenetan ariko zena.

Eta atzo, Bera Bera ez zen izan Bera Bera, ez behintzat, ABF ligako neurketa askotan pistan ikusi ahal izan den Bera Bera. Defentsan pattal aritu zen, eta erasoan huts asko egin zituen. Halere, irabazi egin zuen, gol bakar batez, hori bai (35-34), hein handi batean Lada joanekoan lortutako errenta kudeatzen aritu zelako. Errusiarrek ez zuten inoiz arriskuan ikusi euren burua, bi golekoa izan baitzen Bera Berak atzo izan zuen alderik handiena. Gainera, bisitariek bigarren zatiaren erdia iritsi baino lehen sartu zuten 23. gola, eta horrek zazpi goleko aldeaz irabaztera behartzen zituen etxekoak, erronka ia ezinezkoa, are gehiago une horretan norgehiagoka oso parekatua zegoela kontuan hartuta: 24-23 zen aurretik Bera Bera.

Bera Berak lehen zatian galdu zituen kanporaketari buelta emateko aukera asko. Presaka aritu zen, eta huts asko egin —dozena bat baloi galdu zituen—. Ladak ondo baliatu zuen, eta lau goleko aldearekin iritsi zen atsedenaldira (14-18). Miraria behar zuten donostiarrek, baina miraririk ez zen izan. Hobekuntza bai, ordea, eta horri esker lortu zuten partidari buelta eman eta irabaztea. Zoqbiren geldiketek eta Bea Fernandezen golek (hamar) izan zuten zerikusirik susperraldian. Zoritxarrez, berandu zen. Ladarena zen sailkapena. Bera Berak Errusiako talde bat kanporatu ezinik jarraitzen du. Laugarren ahalegina ere ez da izan balekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.