Golak: 1-0: Lisandrok (53. min.); 1-1: I. Gomezek (79. min); 2-1: Briandek (86. min.). Epailea: A. Marriner (ING). Txartel horia Lyongo Fofanari eta Athleticeko. Bestelakoak: 30.587 ikusle, Lyongo (Frantzia) Gerland estadioan, tartean Athleticeko 600 zale zaratatsu.
Sei partidako ligaxka batean hasieratik egin behar dira gauzak ondo. Hala ez bada, gaitza izaten da egoerari buelta ematea. Presiopean eta beste taldeen mende jokatu beharra egoten da. Hala zelairatu zen Athletic Gerland futbol zelaira. Bielsaren jokalariek jakin bazekiten euren esku zegoela Europako Ligan bizirik jarraitzea, baina, era berean, argi zuten hirugarren kale batek asko zailduko zuela final-hamaseirenetarako sailkatzea. Bada, beste behin, esku-hutsik utzi zuten soropila lehoiek. Eta norberak bere lana egiten ez duenean halabeharrez egoten da aurkariek egiten dutenari erreparatu beharra. Eta eguna guztiz beltza izateko, Athletici gutxien komeni zitzaion emaitza izan zen Sparta Pragak eta Happoel Shmonak jokatu zuten norgehiagokan. Txekiarrek bigarren garaipena lortu zuten erreskadan eta sei punturekin urrats handia egin zuten lehiaketako hogeita hamabi talde onenen artean egoteko.
Hiru jardunalditan puntu bakarra irabazita, iluna da Athleticek aurtengo Europa Ligan duen etorkizuna. Baina larri egon arren, ez dago hilda. Matematikoki badu aukerarik oraindik. Hori bai, bizirik jarraitzeko bigarren itzuli perfektua egin beharko du. Amets egiten jarraitzeko jokoan egongo diren bederatzi puntuak poltsikoratu beharko ditu talde bizkaitarrak.
Jakinekoa da egungo futbolean asko baldintzatzen duela azken emaitzak. Askoz gehiago balio du txarto jokatu eta irabazteak, ondo aritu eta esku hutsik geratzeak baino. Beraz, garrantzi handiko neurketa bat galdu ostean, taldea gogor kritikatzea izan daiteke errazena. Galtzen bada, zerbaitegatik izaten da eta.
Hala, beti aurkitzen da taldea egurtu ahal izateko tiratzea merezi duen hariren bat: sakontasun eza ikusiko zioten batzuk atzoko Athletici; Susaetaren gol sen eskasa nabarmenduko dute beste batzuk: Iraizozek sekula ez diola punturik ematen taldeari aipatuko dutenak ere ez dira faltako; behin berdindu ostean zelai-erdia erabat galdu izana ulertezina dela pentsatuko duenik ere badago… Asko izango dira Athleticen porrota azaltzeko erabiliko dituzten argudioak. Eta, seguruenik, ia inori ez zaio bere tesia defendatzeko arrazoirik faltako.
Baina ezin da esan Athleticek neurketa txarra jokatu zuenik, ezta etxeko taldea baino gutxiago izan zenik ere. Eta ezin da esan Bielsaren taldea ausarta eta irabazlea ez denik. Frantziako Ligako hirugarren sailkatuaren etxean aurpegia eman zuen eta. Athletici berdin zaio non eta zein taldearen kontra jokatzen duen. Beti ahalegintzen da bere jokoa egiten. Beti ahalegintzen da bere armak erabilita aurkaria gainditzen. Eta Gerlanden ere ohiko jarrera erakutsi zuen.
Lehen minututik egin zuen baloiaren aldeko apustua. Zuri-gorrien jarrera erasokorra aintzat hartuta, bere zelai zatian elkartzea eta zain egotea erabaki zuen Olympique Lyonek. Bazirudien Athletic zela zaleen aurrera ari zen talde handia. Hori bai, nahi izateak ez du beti arrakasta bermatzen. Zuri-gorriek arazoak baitzituzten Vercoutreren areara gerturatzeko. Neurketako lehen aukera ikusteko ia ordu erdi pasatu zen. Adurizen jaurtiketari erantzun ona eman zion frantziarren atezainak. Donostiarrarena izan zen zuri-gorriek lehen zatian izan zuten aukera on bakarra. Etxekoen artean, Malbranque izan zen ausartena, baina beldur handirik erakutsi barik.
Golak, bigarren zatian
Bigarren zatian bestelakoak izan ziren kontuak. Athletic gogotsu zelairatu zen atsedenaldi ostean ere, baina Lisandrok nahikoa izan zuen aukera erdi goi mailako gola sartzeko. Ia area handiko marratik buruz egindako erremate eder bati esker aurreratu zuen Lyongo taldea. Lehen kolpea Athleticentzat. Hala ere, ondo jokatzen jarraitu zuen Bielsaren taldeak. Horri eskerrak Susaeta bakarrik geratu zen Vercoutreren aurrean baina baloia loratuz egindako jaurtiketa kanpora bidali zuen. Muniainen lekua hartu berri zuen Ibai izan zen banakoa sartu zuena. Dagoeneko berdegunean zegoen Llorentek emandako paseari amaiera bikaina eman zion, eskuinez eta gurpil handia emanez egindako jaurtiketa bati esker.
Zailena egin ostean, baina, apurtu egin zen zuri-gorrien zelai erdia. Neurketa erotu egin zen, eta eromen horretan birritan abisatu zuen Gomisek. Tartean Susaetak ere izan zuen beste aukera garbi bat, baina ezkerrez egindako jaurtiketa bikain atera zion atezainak. Iraizozek hurrengo jokaldian egin izan ez zuena, hain zuzen ere. Fofanaren jaurtiketa gelditzearekin nahikoa lan izan zuen atezainak, eta ate aurrean geratu zen baloiari bultza eginda eman zion garaipena bere taldeari Briandek.
Olympique Lyon 2. Athletic 1
Zango eta erdi, kanpoan
Athleticek punturen bat eskuratzeko adina egin du Lyonen, baina esku-hutsik itzuli daZuri-gorrien porrotak eta Sparta Pragaren garaipenak Europako Ligan aurrera egiteko ia aukera barik utzi du Bilboko taldeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu