Gary Linekerrek behin esan zuen futbola hamaika hamaikaren aurka jokatzen den kirol bat dela, eta azkenean Alemaniak beti irabazten duela, eta gaur ere hala izan da. Portugalen gainetik pasa da eta hiru puntuak lortu dituzte. Espero zen bezala, germaniarrek partiduaren pisua eraman dute hasieratik, eta iberiarrek kontraerasoaren zain izan dira. Aukerak bi ateetan izan dira aurreneko minutuetan, baina Joao Pereirak Götzeri eginiko penalti baten ondorioz aurreratu dira alemaniarrak. Goiz jarri zaio partida alde Joachim Lowen taldeari eta hori ederki baliatu dute.
Portugaldarrek pare bat aukera izan dituzte gola egiteko Lahmen hutsegiteen eraginez, baina ez dituzte gauzatu golaukerak. Hortik aurrera Alemaniak baloia eroso jokatu du, eta ondorioz heldu dira lehen bi golak: lehena Müllerek penaltiz, eta bigarrena Hummelsek korner bat atera ostean.
Pepe gaur ere protagonista izan dugu futbolarekin zerikusia ez duen zerbaitekin. Kaleratua izan da Khedirarekin izan duen liskar bategatik, eta epaileak txartel gorri zuzena atera dio. Besterik ez zuen behar Paulo Bentoren taldeak, nahikoa arazo ez zituen eta inozokeri batengatik jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan ditu lehen zatiko azken minutuak eta bigarren zati osoa. Gainera, atsedenaldia adierazteko segundo gutxi batzuk falta zirenean, Müllerek berriz, hirugarrena jarri du markagailuan.
Horrenbestez etenaldira iritsi dira, eta norgehiagoka erabakita zegoen. Bigarren zatian, Alemaniak nahikoa izan du partida kontrolpean mantentzearekin, eta Portugalek ez du ahalegin handirik egin emaitza aldatzeko; ontzat eman dute bi taldeek ordura arte eginikoa. Hala ere, Müllerrek azken ziztada bat zuen prest, eta laugarrena sartu du 78. minutuan. Bayern Municheko jokalariaren hirugarrena izan da, eta partida zoragarria borobildu du aldatua izan baino lehenago, eta zelai osoaren txaloaldia jasoz.
Emaitza honekin Alemaniak aurrerapauso handia eman du final-zortzirenetara iristeko, eta Portugalek berriz ondorengo bi partidei begira jarri beharko du lehenbailen, jokoz kanpo ez geratzeko aldez aurretik. Horrez gain, Bentok hurrengo partidarako Pepe galdu du, eta Coentraok eta Hugo Almeidak ezin izan dute partida amaitu lesioen eraginez. Gaurkoa konpontzeko garaiz dira oraindik.