«Zaragozaren aurka ez jokatzeak zaildu egingo luke nire egoera»

Jon Aurtenetxek utzitako lekua betetzeko borrokan ari da. Sei talde onenen mailara ailegatzeko «apur» bat falta zaiela uste du.

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Joaquin Caparrosek hiru aukera zituen lehen taldean defentsaren ezker hegalerako: Xabi Castillo (Durango, Bizkaia, 1986), Mikel Balenziaga eta Koikili Lertxundi. Hala ere, nahiago izan zuen 18 urteko esperientzia bako futbolari baten alde egin; Jon Aurtenetxeren alde, alegia. Zornotzakoa, baina, ez da ariko hurrengo bi partidetan, eta Caparrosek Castillo, Balentziaga edo Koikiliren alde egin beharko du. Kanpoan geratzen direnek etorkizun beltza izango dute, beharbada, Athleticen.

Pentsatzekoa da aste berezia izango dela zuretzat. Liga hasi zenetik ez duzu jokatu, eta orain, Jon Aurtenetxek utzitako lekuak hasierako hamaikakoaren atea zabal diezazuke. Motibatuta zaude?

Apur bat berezia bada astea. Jokatzeko aukera ikusten dut, eta horrek asko laguntzen du. Hala ere, ikusi egin beharko da zer gertatzen den.

Joaquin Caparros probak egiten ari da ezker hegalean. Egun batean Koikili ipintzen du ohikoekin, hurrengoan zu... hasierako hamaikakoan ikusten al duzu zeure burua Zaragozaren kontrako neurketan?

Ez dakit zer esan. Erabakia entrenatzaileak hartu behar du. Nik lan egiteko ilusioa besterik ezin dezaket eskaini. Ez dakit entrenatzaileak hartuta edukiko duen erabakia, baina guk, behintzat, ez ditugu gauzak argi ikusten.

Zer esan nahiko luke zuretzat igandeko neurketan hamaikakotik kanpo geratzeak?

Kolpe gogorra litzateke. Igandean jokatzen ez badut, beste ikuspuntu batetik aztertu beharko dut egoera. Nire egoera zaildu egingo litzateke. Hala ere, denboraldiaren hasieran gaude, eta gauzak aldatu egin daitezke.

Joan den sasoian asko jokatu ostean, zaila izaten ari al da norbere burua hamaikakoetatik eta deialdietatik kanpo ikustea?

Gaitza da. Futbolariok zelaian egon gura dugu. Neurketak jokatu gura ditugu. Orain arte ez naiz egon sekula egoera honetan. Hala ere, badakit futbolean ohikoak direla horrelako egoerak eta jokalariok ez dugula amore eman behar. Egoerari patxadaz egin behar zaio aurre eta lanean jarraitu beharra dago. Etorri beharrekoa etorriko da.

Jokatzeko aukera izanez gero nahitaez aprobetxatu behar dela jakiteak areagotu egiten al du futbolariak berez duen presioa?

Presioak baino gehiago erritmo faltak eragin dezake gehiago. Sarritan esan dugu entrenamenduek ez dutela lehiatzeko behar den erritmoa ematen, eta hori nabari dezaket.

Athleticek hiru jokalari zituen atzealdeko ezker aldean jokatzeko. Eta, hala ere, harrobiko gazte baten alde egin zuen Caparrosek. Zer pentsatu eman behar du horrek.

Entrenatzailea erabakiak hartzeko dago. Jokalari bakoitzak bere iritzia dauka, baina dagoena onartu behar du.

Eman al dizu argibiderik?

Ez dit ezer esan.

Horrelakoetan autokritika ere egingo duzue jokalariok. Zuk zertan uste duzu huts egin duzula?

Ez dakit. Joan den sasoian norgehiagoka asko jokatzeko aukera eman zidaten, eta denboraldion ere aurreko sasoiko gauza berak egiten jarraitu dut. Ez dakit zertan aldatu naizen.

Asko daukazu oraindik Athletici emateko?

Argi dago oraindik ez dudala eman dezakedan onena eman. Joan den denboraldia ona izan zen, baina, era berean, argi esan nuen oraindik hobetu egin behar nuela. Ea aukera izaten dudan.

Athleticen elastikoarekin beste partida bi jokatzen baldin badituzu, beste 200.000 euro ordaindu beharko dizkio talde zuri-gorriak Realari. Hasiera batean, aitzakia merkea dirudi taldetik kanpo geratzeko. Ados?

Klausula horrek ez dauka zerikusirik nire egoerarekin.

Jokatzen ez duen futbolaria ezin da gustura egon. Taldeari dagokionez, sasoi hasiera ona izan dela irizten diozu?

Txapelketa hasiera gaitza izan dugu. Horregatik, Zaragozaren kontrako partida oso garrantzitsua dela irizten diot. Hiru puntuak eskuratzen baditugu, gauzak beste era batean ikusiko ditugu. Igandeko neurketa abiapuntu ona izan daiteke hazteko.

Helburuak lortzeko giltza etxeko partidak direla esaten duzue sarri. Ba, orain arteko hiru partidetan puntu bi baino ez dituzue eskuratu.

Bistan da puntu asko galdu ditugula etxean. Egoerari buelta eman beharko diogu.

Bestalde, ligako talde indartsuenen kontra jokatutako hiru partidak galdu dituzue. Sei onenen eta Athleticen artean aldea dagoela erakusten du horrek?

Goian dauden sei taldeak oso indartsuak dira. Zerbait falta zaigula uste dut. Athletic talde gaztea da, hazten ari da, baina onenen artera ailegatzeko zer edo zer falta zaigu oraindik.

Zaragoza sailkapenaren zuloan dagoen taldea da. Beraz, garaipenak bakarrik balio du?

Irabazi beharreko partida bat da. Zaragoza txarto dabil, eta zaleen aurrean ezin dugu huts egin. Gainera, igandeko partidaren ostean bi neurketa zail-zail jokatuko ditugu etxetik kanpo [Sevillan eta Vila-realen, hurrenez hurren].

Zaragozako jokalariek bost hilabete daramatzate kobratu barik. Emaitzek ere ez diete lagundu. Hori guztia batuta, posible al da eguneroko lana egoki egitea?

Ez da egoera erraza. Edozein lanbidetan da gogorra kobratu barik egotea, eta futbola ez da salbuespena. Kontu horiek ez dira onak eta igarri egiten dira zelaian.

Zer egin behar da krisian dagoen taldea mendean hartzeko?

Erritmoan egongo da giltza. Zaragoza bere zelaian sartu behar dugu. Erritmo biziari etekina ateratzen badiogu eta markagailuan aurreratzen bagara, gertu izango dugu garaipena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.