Bayern Munich. Kraft; Lahm, Van Buyten (Badsturber, 68. min.), Breno, Pranjic; Schweinsteiger, Gustavo, Robben (Altyntop, 66.min.), Muller, Ribery; eta Gomez.
Inter Milan. Julio Cesar; Maicon, Ranocchia, Lucio, Chivu (Nagatomo, 86. min.); Stankovic (Coutinho, 50. min.), Motta, Cambiasso, Seijder; Etoo eta Pandev (Kharja, ).
Golak. 0-1. Etook (3. min.); 1-1. Gomezek (21. min.); 2-1. Mullerrek (31. min.); 2-2. Sneijderrek (63. min); 2-3. Pandevek (86. min.).
Epailea. Pedro Proença (Por.). Txartel horia Bayerneko Gustavo eta Brenori, eta Interreko Motta eta Kharjari.
Bestelakoak. 70.000 ikusle, beteta, Municheko Allianz Arena estadioan. Minutu bateko isilunea egin zuten Japoniako hondamendian hildakoen oroimenez. Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako itzuliko partidan.
Zauria odoletan du oraindik Bayernek. Zortzi hilabete geroago iazko txapeldunen Ligako finaleko zauriak min egiten du Munichen. Gehiago gainera, Interrek modu krudelean kanporatu baitzuen atzo Bavariako taldea. Bayernek emaitza hobea lortu zuen joaneko partidan (0-1), eta atsedenaldira 2-1 irabazten iritsi zen beste lau gol aukera garbi izan ondoren. Baina Inter, Inter da, eta jokalariek erraietan daramate sartuta izaera lehiakorra. Sufritu arren ezin da amorerik eman, eta Pandevek partida bukatzeko bi minutu falta zirenean sartu zuen hirugarren gola.
Partidaren bukaeran Allianz Arenako zaleek ezin zuten sinetsi ikusi berri zutena. Ez zuen logikarik, baina Bayernek badu hutsune bat, atzeko lerroa, eta atzelariek garesti ordainarazi zieten aurrelariei lehen zatian huts eginiko gol aukera garbiak. Halere, Inter izan zen aurreratu zena, Etook etxekoen erdiko atzelariei bizkarra hartu eta baloia sareetara bidali zuenean (3. min). Kamerungo aurrelariak lan bikaina egin zuen.
Bayern, baina, gehiago zen. Eraso joko itzela du, eta ordu erdi geroago aurretik zen. Lehen golean Gomezek Julio Cesar atezainaren huts larria baliatu zuen (21. min), eta bigarrenean Interren atzeko lerroa izan zen Muller ate aurrean bakarrik utzi zuena (31. min.). Merezitako saria zen, eta Bayernek, erasoan itsu, lau gol aukera oso garbi izan zituen atsedenaldiaren aurretik. Logika onean atsedenaldiko emaitzak 4-1ekoa edo 5-1ekoa beharko zukeen.
Txapeldun baten adorea, baina, ezin da gutxietsi. Interrek arazoak ditu jokoa eraikitzeko, baina jokalari onak ditu, eta Bayernek atzeko lerro urduria. Etxekoek Interri utzi zioten ekimena, eta bultzaka iritsi zen areara. Sneijderrek, areaz kanpotik trebe, baliatu zuen lehenbizi taldearen ekina (63. min.). Inter hazi egin zen, joko onik egin gabe, baina konplexuak aldendu zituen. Ez zuen beste biderik, eta Bayern urduri zegoen. Atzelariak urtu egin ziren, eta Brenok egin zuen hutsik larriena partida bukatzeko bi minutu falta zirenean. Ez zuen Etoo gelditu area barruan, eta honek pase bikaina eman zion Pandevi jaurtiketa bortitzez hirugarren gola sar zezan (86. min.).
Beste kanporaketan Manchester Unitedek sufritu egin zuen Marseillako Olympique kanporatzeko (2-1). Joanekoa husnakoarekin bukatu zen, eta atzo Unitedek hasieran lortu zuen lehen gola, Hernandezi esker (5. min). 2-0ekoa ere mexikarrak sartu zuen (72. min). Azken txanpa, baina, urduria izan zen, Brownek bere atean gola sartu zuelako (82. min.).
Real Madril, faborito
Txapeldunen ligako final-zortzirenetako kanporaketak gaur bukatuko dira. Real Madrilek Lyongo Olympique hartuko du Santiago Bernabeun (20:45, ETB1), eta joaneko partidaren emaitza ona (1-1) baliatzen saiatuko da.Bi taldeek jokalari garrantzitsuak berreskuratuko dituzte: Real Madrilek Cristiano Ronaldo eta Olympiquek Lisandro. Gaurko beste partida Londresen jokatuko da (20:45), eta Chelseak ondo bideratuta dauka Kopenhageren aurkako kanporaketa (0-2).
Bayern Munich 2. Inter Milan 3
Zauria sakondu du
Bayern Munichek gol aukera gehiago izan ditu baina Interrek bigarren zatian eman dio buelta kanporaketari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu