Zazpi jardunaldi segidan daramatzate txuri-urdinek ligan galdu gabe, eta bide zuzen horrek, ziurrenik, are eta ulergaitzago bilakatu du Mallorcako erabateko porrota. Txapelketaren errotak etenik ez duenez, garairik gozoenean direla baliatu nahi dute donostiarrek sailkapenean behingoz koska bat gora egiteko. Tarte horretan hainbat lan tresna zorroztu ditu Philippe Montanierrek, eta kirrinka egiten ari diren horiek konpontzen saiatuko da Realak bigarren itzulian hobeto funtziona dezan.
1. Benetan bolada ona
Azken 21 puntuetatik hamahiru aterata, baiezta liteke entrenatzaileak josi egin dituela taldearen urratuak. Gutxitan lortu du Realak oraingo moduan haizea alde izatea. Hain justu, bi aldiz baino ez du lortu, Lehen Mailako azken 11 denboraldiak aztertuz gero. Kraussen eta Denouixen lehen urteak izan ziren oparoenak: 17 eta 19 jardunaldi egin zituzten galdu gabe, hurrenez hurren, eta hirugarren eta bigarren postuetan amaitu zuten sasoia. Denboraldi honetan, beste taldeekin alderatuta, ez dira asko gipuzkoarren azkenaldiko jarduna hobetzea lortu dutenak. Bi erraldoiak alboratuta, hiru talde soilik bereiz litezke: Levante eta Sevilla, bederatzirekin, eta Athletic, zortzirekin. Horrek garbi erakusten du Montanierrek zuzentzen dituen jokalariek gauza asko egin dituztela txukun baino txukunago azaro amaieratik gaurdaino.
2. Zelai erdiko hirukoa
Taldeak hartu duen sendotasunak ez dauka izaterik Elustondo, Aranburu eta Zurutuza barrutik egiten ari diren lan zoragarririk gabe. Entrenatzaileak Sevillan zelairatu zituen lehen aldiz hirurak hasieratik, eta kolpetik antzeman zitzaion aldea taldeari. Kokapenean igarri da, batez ere, haien ibilia. Dagoeneko ez da horren hamaikako hauskorra, zelai erdian zulo handiak uzten zituena. Orekatuago, ziurrago, ongi ari dira elkar hartzen jokalariak, laguntza onak emanez, zentzua aitortuz. Pixkanaka-pixkanaka inguruko guztiek bihotzak altxatu dituzte, eta hortik uler liteke gipuzkoarren hobekuntza.
3. Kontrako gol jarioa eten du taldeak
Ezinbestean zuzendu beharreko okerra zen atzealdeko ezina, eta Elustondok, Aranburuk eta Zurutuzak zerikusi zuzena daukate horretan. Aurreko denboraldian, 66 gol sartu zizkioten Claudio Bravori, eta gol gehien hartutako taldeen artean hirugarren taldea izanik, ez zen harritzekoa izan bukaerako sufrikarioa. Denboraldi honetan, 23 gol sartu dizkiote Realari. 14. jardunaldiaren ondoren, Betisen zelaian irabazi eta gero, hogei sartuak zizkioten, eta Osasunak, Sportingek eta Zaragozak soilik zuten kopuru traketsagoa. Orain, berriz, hiru horiei Mallorca, Getafe, Betis, Rayo Vallecano, Atletico Madril, Malaga eta Vila-real erantsi behar zaizkie. Hamar talde orotara. Atezain txiletarraren segurtasun sarraila mehartzeak garrantzi itzela dauka bolada ona azaltzeko orduan. Halere, oraindik samurregia da taldea hainbatetan; neurketaren gidaritza bere mende izan duen horietan, bereziki, erabakitasuna falta izan zaie jokalariei, bai golak sartzeko garaian eta bai txartel gorri inozoak saihesteko garaian ere.
4. Anoetan nabaritu behar da hobekuntza
Bigarren itzuliari ekitean, etxeko lana hobetzea izango da Realaren helburu nagusia. Izan ere, bi partida baino ez ditu irabazi. Zaragoza baino ez da aritu horren baldar. Etxetik urrun puntu gehien bildu dutenen artean, bosgarren taldea da Reala, eta Bartzelona eta Real Madrilen atzetik gol gehien sartutakoa. Are gehiago, zuriekin eta Rayorekin batera, kanpoan etxean baino zenbaki hobeak dituen bakarra da Donostiako taldea. Hori bai, bi neurketa gehiago ere jokatu ditu etxetik kanpo. Hurrengo bi asteetan Atletico Madril eta Sporting etorriko dira Anoetara, eta etxeko usoa otso bihurtzeko benetako aukera izango dute txuri-urdinek.
5. Antoine Griezmann
Bidegabe samarra izan liteke, beharbada, ezker hegalekoaren lana bestenaren gainetik jartzea, Estrada, Mikel Gonzalez eta Agirretxe ere sasoiko daudelako. Baina oraintxe multzoko jokalaririk erabakigarriena da, inolako zalantzarik gabe. Valentziako arduradunak txundituta utzi zituen Mestallan erakutsitakoarekin, eta haren egoeragatik galdezka hasi ziren. Lehen beste batzuk azaldu ziren moduan, askoz ere gehiago izango dira martxa honetan. Taldekideen aholkuei esker, Griezmannek ulertu du Realarekin berea emanez gero egingo dela famatua; ikasi eta hobetzeko beste inon ez bezalako aukera izango duela Zubietan. Irakaspena hartuta, buruko txoriak desagertuta, jokalari zorrotza, zalantzarik gabea, lotsagabea, bizia, fina eta langilea ari da izaten. Funtsean, ikusgarria.
6. Mariga, Sarpong eta Ifran
Taldeak gora egin duen neurri berean egin du behera Mcdonald Marigak, eta taldea utziko du berehalakoan. Harengandik gertuen daudenek diotenez, erabat blokeatuta dago, bere ahalmenean sinetsi gabe eta alaitasun gutxirekin. Emozioei dagokienez, hondoa jo du, zulo batean sartuta egongo balitz bezala. Gabonetako etenaren aurretik haren gaia aztertu zuten kirol arduradunek, eta alde egiten uzteko erabakia hartu zutenetik, talde txuri-urdina ez da geldi egon. Ingalaterrako Ligako eta Italiako hainbat talderekin harremanetan egon arren, oso litekeena da Parmara itzultzea. Eta ez da alde egingo duen bakarra. Jeffrey Sarpongek ere ez dauka tokirik, eta baliteke utzita jokatzea Bigarren Mailan. Almerian jokatuko du seguruena, eta ondorengo orduotan fitxatuko dute beharbada.
Diego Ifranen egoera ezberdina da. Aurrelariak ez du onartzen entrenatzaileak Agirretxe edo Velaren alde egitea. «Ez nau aintzat hartzen, nahiz eta nik aukerak baliatu», adierazi zuen atzo Zubietan. Lesio bortitzaren aurretik izandako mailara itzuli nahi du lehenbailehen, eta jokatzeko irrika horrek itsutu egin du. Jokin Aperribairekin bilduko da aste honetan, eta Uruguaira alde egiten uzteko erregutuko dio beste behin. Hercules ere adi aztertzen ari da kasua. Realak ez dio joaten utzi nahi, eta oraintxe aldagelako gairik beroena da hori.
7. Kontratu berritzeak
Xabi Prieto, Elustondo eta Agirretxerekin akordioa iritsi eta gero, Zurutuza, Aranburu eta Mikel Gonzalezekin gauza bera egin nahi du klubak. Kapitainak bere esku dauka jarraitzea. Oraingoz gozatzen ari da, pisu handia izaten segitzen du, eta hala, bada, udaberri hasieran hartuko du Realaren eskaintza. Beste urtebeterako. Arrasatearrarekin aurki hasiko dira serio hitz egiten, eta ez luke eragozpenik behar. Baina Zurutuzaren bideak sasi gehiago dauzka. Duela aste batzuk hasi ziren negoziatzen, eta denboran luzatzeko itxura dauka. Ordezkariaren ingurura talde garrantzitsu bat baino gehiago gerturatu da. Halere, baikor dira klubean.
Zazpi orraztu
Hamaika gorabehera izan arren, Realak 24 puntu bilduko ditu lehen itzulian, larunbatean Atletico Madrili irabaziz gero. Etxeko lana txukuntzea izango da bigarren erdiko helburu nagusia. Mariga gabe izan beharko du, kenyarrak berehala utziko baitu taldea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu