Real Madril 3. Olympique Lyon 0

Zazpi urtean lortu ez dutena

Real Madrilek ongi irabazi dio Lyoni, eta final-zortzirenetako langa gainditzea lortu du halako batean

enekoitz telleria sarriegi
2011ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Real Madril. Casillas, Ramos, Pepe, Carvalho, Marcelo, Khedira, X. Alonso, Di Maria (Granero, 78. min.), Oezil, Cristiano Ronaldo (Adebayor, 75. min.) eta Benzema (Lass, 83. min.).

Olimpique Lyon. Lloris, Reveillere, Lovren, Cris, Cissokho, Toulalan, Kallstrom, Gourcuff (Pied, 68. min.), Briand (Gomis, 46. min.), Delgado eta Lisandro.

Golak. 1-0. Marcelok (36. min.).2-0. Benzemak (65. min.). 3-0. Di Mariak (75. min.).

Epailea. Damir Skomina. Txartel horiak Real Madrileko Peperi eta Carvalhori.

Bestelakoak. Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako partida Santiago Bernabeu futbol zelaian. Minutu bateko isilunea egin zen Japonian hildako guztien omenez.

Uxatu dituzte mamuak. Amaitu da zazpi urte iraun duen madarikazioa. Martxoa zen orduan ere. 2004ko martxoaren 10a. Bayern Munichek utzi zuen orduan Txapeldunen Ligatik kanpora Real Madril, final-zortzirenetan. Eta ordutik, ez du Real Madrilek langa hori gainditzen asmatu. Eta ordutik ez dute langa hori gainditzea beste helbururik izan. Ekarri dituzte entrenatzaileak, ekarri dituzte jokalariak, eta langa hori gainditu ezinda gelditu dira denak. Ligako jarduna baita bat eta Txapeldunen Ligakoa bestea. Real Madrilen lehiaketarik kutunena eta langa beti zama. Atzo arte. Esango dute entrenatzailearekin asmatu dutela oraingoan, edo jokalariekin asmatu dutela oraingoan, baina gainditu dute langa eta kendu dute zama. Aspaldiko partez, final-laurdenetan ariko da Real Madril.

Uste baino partida errazagoa izan zuelako, kontrarioak asmatu ez zuelako, erraztasun asko eman zizkiolako, eta estu sekula hartu ez zuelako. Eta hobeto jokatu zuelako, beste erritmo batean aritu zelako, eta erasoan eraginkorragoak izan zirelako. Hitz batean esanda, atzo, bi taldeen arteko koska nabarmena izan zelako.

Real Madrilena izan zen uneoro ekimena atzo. Biziago eta ausartago ekin zion partidari. Biziegi eta ausartegi ere bai uneka. Kosta egin zitzaien bi taldeei zelai erdian tokia egin eta asentatzea. Agintzen hasi nahi zuen Real Madrilek hasieratik, baina berehala erakutsi zion Lyonek arriskua sortzeko moduko jokalariak eta jokoa bazituela. Ronaldo aritu zen grinatsu lehen minutu horietan. Harenak izan ziren lehen aukerak eta harenak lehen jokaldiak. Lisandro eta Delgado saiatu ziren kontrarioen artean madrildarrak estu hartzen. Lortu zuten uneka, baina desagertuz joan ziren gero. Nabarmentzekoa Real Madrileko bi atzelariek, Pepek eta Carvalhok erakutsi zuten gogortasuna. Txartel hori banarekin zeuden biak lehen ordu erdirako —Pepek bigarren zatian, gainera, sekulako ostikadak eta kolpeak banatu zituen Lyongo jokalarien artean, baina txartel gorririk gabe amaitu zuen—.

Une horretatik aurrera hasi zen lehen zatia apurtzen. Geroz eta atzerago ari zen Lyon, erauntsiari eutsi nahian. Ordurako Real Madrilen zelai-erdia ongi ari zen sormenean eta ongi presioan. Marceloren golak apurtu zuen erabat frantziarren eutsi beharra. Hormarena egin zuen bikain Ronaldorekin, eta keinu eder bakarrarekin atzelari guztiei izkin eginda sartu zuen gola. 36. minutua zen, eta hortik aurrerakoan jokalari bat nabarmendu zen: Lloris Lyongo atezaina. Haren geldituei esker ez zituen etxeko taldeak gol gehiago sartu.

Zirt edo zart egin beharra zeukan Lyonek eta asmo horrekin hasi zen bigarren zatian. Baina ez zuen asmatu. Zelai erdian ez zuen bizitasunik jarri, hutsune handiak utzi zituen eta sekulako akatsak egin zituen atzealdean. Horietako bat baliatuz sartu zuen Benzemak bigarrena, eta ia erabakita utzi zuen norgehiagoka. Ondoren etorri zen Di Mariaren artistakeria, hirugarrena. Eta ondoren Santiago Bernabeuko festa, eta lasaitua.

Chelsea beste sailkatua

Joanekoan 2-0 galdu ostean ez zeukan atzo Kopenhagek zeregin erraza, etxean, Chelsearen kontra. Ez zen besterik espero, eta Chelseak aparteko estutasunik gabe egin zuen aurrera. Golik sartzen ez zuten asmatu ez etxeko taldeak ez kanpotik hara joandakoak (0-0).

Txapeldunen Ligako final-laurdenetako zozketa bihar egingo da Nyonen (Suitza). Sailkatu diren zortzi taldeak honakoak dira: Bartzelona, Tottenham, Shalke 04, Xakhtar Donetsk, Manchester United, Inter Milan, Real Madril eta Chelsea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.