Amaitu da zazpiko errugbia Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan, eta euskal kirolak beste diploma bat lortu du gizonezkoetan. Vincent Iñigo baionarrak zazpigarren postuan amaitu du txapelketa, azken partidan Australiari 12-10 irabazi eta gero.
Eguneko lehen partidan, Frantziako selekzioak Zeelanda Berriaren aurka 24-19 galdu du. Emaitza horrek bosgarren edo seigarren postuagatik lehiatzetik urrundu du Iñigo, eta 22:30ean jokatu du Australiaren aurka, zazpigarren eta zortzigarren postuak zehazteko. Oso orekatua joan da partida, eta berdintzeko aukera ere izan du Australiak, baina James Stannardek kanpora bidali du baloia entsegu osteko jaurtiketan.
Bestalde, hamargarren postuan amaitu dute txapelketa Igor Genuak, Pablo Feijook eta Ignacio Martinek. Asteazkenean Kenyari irabazi eta gero, aukera zuten bederatzigarren postua lortzeko, baina Ameriketako Estatu Batuetako selekzioa hobeto aritu da, eta 24-12 irabazi dio Espainiako selekzioari.