Zazpiturrik indartsu ekin dio lehiari

BERRIA txapelketako hurrengo kanporaketa jokatzeko sailkatu ziren Amezketakoak eta Mallabia

Erredakzioa
2007ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Donostiako Altza auzoko frontoian jokatu ziren asteburuan BERRIA txapelketako bigarren jardunaldiko kanporaketa guztiak. Hernaniko frontoia berritzeko lanetan ari dira, eta hura konpondu bitartean Altzakoan jokatuko dira aldez aurretik zehaztuta ez dauden norgehiagoka guztiak. Talde indartsuen artekoak izan ziren larunbatean eta igandean jokatutako bi kanporaketak -nagusien mailan pilotari zailduak dituztenak dira lau taldeak-, eta Zazpiturrik eta Mallabiak egin zuten aurrera.



ZAZPITURRI (AMEZKETA)66

ARKUPE (GERNIKA)24

KADETEAK: Sukia -- Arzelus22

Iturbe -- Irusta4

GAZTEAK: Ropon -- Leunda22

Azkarai -- Vega9

NAGUSIAK: Baez II.a -- Garmendia22

OarArteta -- Aio11



Aurtengo txapelketa irabazteko hautagaien artean dagoela erakutsi zuen Zazpiturrik larunbatean. Talde orekatua du, eta horixe erakutsi zuen, nahiz eta kontrarioek azken unean egindako aldaketek gauzak erraztu -gazte mailako bi pilotarietako bat gaixotu egin zitzaien gernikarrei, eta taldea goitik behera aldatu behar izan zuten-.

Gipuzkoako txapeldunak dira Amezketakoak kadete mailan, eta agerian gelditu zen hori hasieratik. Sukia-Arzelusek ez zieten kontrarioei partidan sartzeko aukerarik ere eman, nahiz eta Irusta atzelari bizkaitarra saiatu zen nor- gehiagoka orekatzen. Ez zuen lortu (22-4).

Gazte mailako partida berezi samarra izan zen, Gernikako aurrelaria gaixotu egin zelako azken unean eta erabat baldintzatu zuelako horrek norgehiagoka. Beñat Azkarai kadetea jarri zuten Gernikako entrenatzaileek gaixotutako pilotariaren ordez. Partida txukun askoa jokatu zuen arren, ez zion bikotekideak asko lagundu, eta galdu egin zuten (22-9). Ez zen batere partida ikusgarria izan, eta mailarik onena Leunda Amezketako atzelariak eman zuen.

Nagusien partida hasterako 31 tantoko abantaila zeukan Amezketak. Egun afizionatuetan ari diren lau pilotari onenetakoek jokatu zuten. Baez II.aren jarduna izan zen erabakigarria, baina Aioren susperraldiak une batez zalantza eragin zuen harmailetan.

MALLABIA 59

ANAITASUNA (AZKOITIA) 52

KADETEAK:Arrieta -- Aretxabaleta22

Jauregi -- Zendoia 16

GAZTEAK: Olalde -- Garitagoitia22

Epelde -- Epelde14

NAGUSIAK: Martin II.a -- Aldape15

Andreu -- Irureta22



Emaitzak adierazten duen baino kanporaketa erosoagoa izan zuen Mallabiak, eta Zazpiturriren kontra jokatuko du bigarren kanporaketa. Azkoitiarrek nagusien partida irabazita itxuratu zuten emaitza.

Partida polita izan zen kadeteek jokatutakoa. Pilota ulertzeko bi modu agertu ziren kantxan. Ausardia eta erremateak mallabitarrenak, eta segurtasuna eta defentsa azkoitiarrenak. Azken txanpan erabaki zen partida, Iraitz Arrietaren erremateei esker. Joseba Zendoiak ere itxura ona eman zuen, galdu arren.

Gazteen partidan Oier Epelde nabarmendu zen. Hark hartu zuen bere bikotekidearen erantzukizun guztia, eta kolpeka eta erremateka saiatu zen Mallabiko bikotearen kontra. 13nakoa arte lortu zuen, baina indarrez hustu egin zen gero, eta gorabeherarik gabe jarraitu zuten kontarioek, 22raino iritsi arte (22-14). Kanporaketa bizkaitarren alde zegoen erabat.

Mallabitarrek zazpi tanto egitea nahikoa zuten sailkatzeko, eta horixe egin zuten hasi eta berehala (7-3). Orduan erreakzionatu zuten kontrarioek, eta taldearen ohorea salbatu, partida irabazita. Xabier Andreu izan zen onena. Enpresak hurbiletik ari dira hari jarraitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.