Xanti Utergak ez zuen esku hutsik alde egin nahi Kutxa Torneoaren final-laurdenetako ligaxkatik, eta atzo 25-30 irabazi zion Patxi Zeberiori, Galarretan. Doneztebekoak ez zuen aukerarik finalerdietara sailkatzeko, baina bere lana ongi bete zuen. Garaipen horrek Zeberio II.ari asko zaildu dio finalerdietarako txartela eskuratzea. Elduaingoak ia nahikoa zuen norgehiagoka irabaztearekin, baina ez zuen ongi jokatu eta galdu egin zuen. Hala, Javier Urriza hurrengo fasera sailkatu da matematikoki, eta Miguel Mari Urrutiak bere esku du aurrera egitea. Bi horiek datorren ostegunean jokatuko dute elkarren aurka ligaxkako azken partida, eta Saldiaskoak irabazten badu, hura igaroko da finalerdietara, Urrizarekin batera. Ez badu irabazten, berriz, Zeberio II.a ariko da.
Presioa eta urduritasuna izan zituen etsai atzo Zeberio II.ak. Faborito argia zen, baina ez zuen ezertan asmatu. Uterga askoz gehiago izan zen arlo guztietan, eta merezita gailendu zen. Doneztebekoak ongi egin zuen sakea, erabat baztertu zuen ezker horman, eta Elduaingoari ez zion inolako aukerarik eman. Partida hasieran ihes egin eta ongi jakin izan zuen aldeari eusten. Zeberio II.a ahalegindu zen aldea murrizten, baina alferrik. Hasiera batean bera eta Urrutia ziren hurrengo fasera sailkatzeko faboritoak, baina bietako bat kanpoan geratuko da.
Zeberio II.ak 25-30 galdu du Utergaren aurka, eta finalerdietatik at gera daiteke
Urriza sailkaturik dago matematikoki, eta Urrutiak geratzen zaion partida irabazi behar du aurrera egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu