Mendi lasterketak

Zegama-Aizkorri mendi maratoia, bertan behera

2020an bezala, pandemiagatik geratu da bertan behera. Espero dute lasterketa laster antolatzea berriro ere.

2021eko martxoaren 30a
23:09
Entzun

"2021ean ez gara elkarrekin egongo". Halaxe iragarri dute Zegama-Aizkorriko antolatzaileek aurten ere ez dela lasterketarik izango. Berez ekainaren 6an egitekoa zen, "baina osasun agintarien aholkuak jarraituz, ez dugu egingo", adierazi dute ohar batean. "Antolatzen ditugun hiru lasterketak geratu dira bertan behera". Nabarmendu dute aurreko urteko hutsunea betetzeko "are gogo gehiagorekin" egin dutela lan, "baina berriro ere ezin izan dugu guztien segurtasuna bermatu". Hala, 2022rako gordeko dira zozketako dortsal guztiak, baita itxaron zerrenda ere. Horrenbestez, hurrengo urtean ere ez da izen emate eta dortsalen zozketarik egingo.

Antolakuntzak gogorarazi du lau direla beren zutarri nagusiak: korrikalari herrikoiak, elitekoak, publikoa eta boluntarioak. "Soilik eliteko korrikalariekin lasterketa bat antolatzea gure balioen aurkakoa izango litzateke. Publikorik gabe, duen xarma galduko luke, ez luke zentzurik izango". Gogorarazi dute irabazi asmorik gabe antolatzen dutela lasterketa, eta, horri guztiari lotuta, eta aipatutako lau zutarriak errespetatuta, ez egitea erabaki dute.

Horrekin batera, iragarri dute lanean jarraituko dutela, ahalik eta lasterren berriro ere lasterketa antolatu ahal izateko. "Gure lasterketaren lau zutarriekin eta beti izan duen magiarekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.