Zelaia bezain sendo

Lehen hiru partidetako lehiakortasuna berreskuratu behar du gaur Realak, bolada txarra eteteko

Xabier Lopetegi.
Donostia
2010eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Futbolean aritzeko zelai bikaina izan da Anoetakoa orain arte. Erauntsi zein lehorteetan, itxuroso eutsi izan dio ia beti. Drainatze gaitasun bikaina izan du, eta baloiarekin aritzeko aproposa izan da, alfonbra hutsa. Ehunka futbol partida, errubgiko beste zenbait ere bai, eta kontzertu erraldoiak jasan izan ditu ia sorreratik. 1993an zabaldu zuten, eta 1994an Pink Floyd talde ingelesaren emanaldiak berdegunean eragindako hondamenak zalaparta sortu zuen. Harrezkero, ordea, beste hainbat musika talde igaro dira bertatik, zein baino zein ospetsuagoa: Depeche Mode, U2, Bruce Springsteen...

Azken egunotan lan eskerga egin dute Realeko langileek zelaia goitik behera berritzeko. Pasatu dituenak pasatuta, ondo merezita zeukan berritu bat. Sendotasun eredu ona da taldearentzat, azken hiru norgehiagokak galdu ondoren bide onera itzuli nahi baitu gaur Espanyolen aurka. Bigarren Mailako lider izatera eta lehen hiru jardunaldietan sekulako ilusioa piztera eraman zuten dohainak berreskuratu nahi ditu Realak. Orain arte etxean jokatutako bi partidetan emandako itxura ona berriro eman nahi dute txuri-urdinek. Hamabost eguneko etenaldiaren atarian, zaleei eta jokalariei lasaitasuna emango dien puntu kopurua nahi dutela aitortu zuen atzo Martin Lasarte entrenatzaileak. Hau da, irabaztea.

Iruñekoa eta Mallorcakoa ezin da berriro gertatu. Itxura guztien arabera, denboraldia fisikoki indar betean hastea zen teknikarien helburua, aurreko denboraldian bezala. Zentzuzko apustua zen, Realak talde apala izan arren aurreko sasoiko oinarriari eusten diolako, igoeraren inertzia dakarrelako, eta horrek abantaila ematen diolako, diru gehiago eduki arren oraindik ere egiten ari diren taldeen aurka. Baina azken bi partidetan intentsitate falta kezkagarria erakutsi dute txuri-urdinek, eta horrek gabeziak azaleratu ditu. Defentsan hasieran. Baita erasoan ere. Markagailuan atzetik doazela jokatzea asko kostatzen zaie. Nahiago dute ekimena aurkariak hartzea.

Lasartek aste honetan ateak itxita egindako entrenamenduak aprobetxatu ditu taktika lantzeko: «Gaizki egindako gauzak hobetzeko, lan berezia egin dugu. Lerro artean tarte gutxi uzten eta geldikako jokaldiak gehiago aprobetxatzen saiatu behar dugu, erakutsi dugun baino talde hobea daukagulako halakoetan, erasoan zein defentsan». Llorente osatuta dago, eta hondarribiarraren kalitatea Tamudoren bolada gozoarekin uztartu ahal izateak buruhausteak sortu dizkio uruguaitarrari. Atzoko prentsaurrekoan ez zuen baztertu biek elkarrekin jokatzea, baina aurkaria nahasteko esan du hori beharbada.

«Aukera ugari dauzkate»

Espanyolek aurreko denboraldiko ildoari eutsi dio, taldearen osaketari zein emaitzei dagokienez. Harrobiari sekulako etekina ateratzen dio, eta jokalari interesgarriren bat fitxatu du, hala nola Sergio Garcia -aurrealdeko jokalarien artean, min hartuta daude bai bera eta bai Ivan Alonso-. Etxeko hiru partidak irabazi ditu, eta kanpoko biak galdu, nabarmen gainera; baina talde handien aurka: Vila-real eta Real Madril. Talde dinamikoa dela azaldu zuen atzo Lasartek: «Teknika eta mugikortasun handiko jokalariak dira, eta aukera ugari dauzkate».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.