Futbola

Zelairatu bai, lehiatu ez

Racingeko jokalariak zelairatu dira, eta partida hasi, hasi da. Baina Racingek ez du lehiatu Espainiako Kopako final-laurdenetako itzulikoa. Realak baloia kanpora bota ondoren, partida bertan behera uztea erabaki du epaileak. Kopako finalerdietan Bartzelona izango du aurkari Realak.

unai zubeldia
2014ko urtarrilaren 30a
21:11
Entzun

Ezetz esan zuten, eta ezezkoari eutsi diote. Racingeko jokalariek ez dute lehiatu Realaren aurkako Espainiako Kopako final-laurdenetako itzuliko partida. Zelairatu dira (normaltasun osoz egin dituzte beroketa lanak), eta hasi da partida. Baina epaileak txistua jotzearekin batera elkarri helduta jarri dira Racingeko jokalariak, eta epaileak bertan behera utzi du partida Realak baloia kanpora bota eta Racingek ez zuela jokoan jartzen ikusitakoan. Mario Fernandez kapitainarekin hitz egin du Gil Manzano epaileak, eta hark esan dio ez zirela joango hegaletik baloia ateratzera. Zuzendaritzak 21:00ak baino lehen dimisioa eman ezean, ez zutela jokatuko jakinarazi dute eguerdian Racingeko jokalariek, eta hala egingo dute. Batzarra eduki dute goizean Luis Rubiales Espainiako Futbolarien Sindikatuko presidentearekin. "Eta esandakoari eusten diote", adierazi du Rubialesek berak behin bilera amaituta. Ikusi egin beharko da zein zigor jasoko duten.

Larria da Racingeko jokalari eta langileen egoera, ia lau hilabete daramatzatelako kobratu gabe. Egun, Bigarren B Mailan dago taldea, eta 3-1 galdu zuen, joan den astean, Anoetan, Realaren aurka. Bihar elkartuko da Lehiaketa Batzordea, eta, ondo bidean, bertan erabakiko dute Racing Kopatik kanpo uztea. Reala zuzenean sartu da Kopako finalerdietan, eta Bartzelonaren zelaian jokatuko du hurrengo asteazkenean, 22:00etan, finalerdietako joanekoa. 

Bestalde, Reala Sergio Canales fitxatzeko zorian dago. Bihar arteko epea dago neguko merkatuan jokalariak fitxatzeko, eta Donostiako klubak datozen orduetan itxi dezake akordioa Valentziarekin. Azken albisteen arabera, 3,5 milioi euro ordainduko dizkio Realak Valentziari, eta bost urte eta erdirako kontratua egingo diote jokalariari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.