«'Zer demontre egin behar diagu guk hemen?'»

Donostia
2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Maiatzaren 12a egun seinalatua da zuretzat. Nolako agurra imajinatzen duzu?

Eguna iristeko irrikaz egon naiz. Badakit ez dela beste neurketa bat izango. Futbola ikustera sekula etorri ez diren horiek ere sarrerak eskatu dizkidate. Poz handia sentitu dut.

Zer da Anoetaz ahaztuko ez duzuna?

Bizipen asko dira. Debuta garrantzitsua izan zen, Celtaren aurkako igoera neurketa hura ere ongi gordea daukat gogoan… Inauguratu zuten egunean (1993ko abuztuan) baloiak jasotzen ibili nintzen. Lehen egunetik egon naiz bertan. Nire etxea izan da.

Zein kokapenetan sentitu zara erosoen zelai gainean?

Euskarri bikoitzean pasatu dut denborarik gehiena. Oraingo sisteman ere eroso sentitu naiz, gora iristeko askatasunarekin. Hegal batetik zein bestetik aritutakoa ere banaiz, baina barrutik jokatzeko joera izan dut.

Txapeldunorde izan zinetenean gozatu al zenuen gehien?

Ziurrenik. Ez da egunero gertatzen Realak liga irabazteko aukera izatea. Sekulako taldea zen. Sendoa, egina, eskarmentua eta gaztetasuna nahasten zituena, maila izugarrikoa. Merkea ere ez zen. Ez dut uste halabeharrez amaitu genuenik bigarren.

Izan zintezkeena eta izan zarena bat datoz?

Beti geratzen zaizu zer edo zer gehiago egin zenezakeen zalantza, baina ez dut inoiz izango saiatu ez naizenaren saminik. Ez dut uste askoz gehiago egiteko ahalmenik izan dudanik.

Gola falta izan al zaizu?

Bai. Ez naiz goleatzailea izan. Askatasun handiagoarekin sarriagotan jokatu izan banu ere, ez zait iruditzen kopuru politak lortzeko moduan nengoenik.

Santanderko lesio latzak zer arrasto utzi dizu zure barnean?

Betidanik izan diet errespetua belauneko lesioei. 'Ene, hau alferkeria, orain horri buelta eman beharra, osaketa lanetan hastea…', pentsatzen nuen lotailu gurutzatua hautsia zuen inor ikustean. Niri tokatu zitzaidan gero, eta nahiko ongi egin nion aurre. Sendagileak berehala jakinarazi zidan kolpearen larritasuna. Orduan ere harrituta geratu nintzen jendearen babesagatik. Izugarri estimatu nien. Medikuei ere asko zor diet, haien lanari esker jarraitu ahal izan dudalako. Profesional bikainak daude Zubietan.

Borroka galtzeko beldurra sentitu al zenuen?

Kezkatu egin nintzen behin baino gehiagotan. Zorionez, urratsak bata bestearen atzetik egin nituen, geldialdirik gabe, jarritako epeen barruan. Taldearekin entrenatzen amaitu nuen denboraldi hura, arazorik gabe.

Kapitain izatea uste baino gogorragoa izan al da?

Taldeko kirol batez ari garenez, ez zait iruditzen futbolari bakarrak izan behar duenik erreferentzia. Garrantzia eman diot multzoa sendotzeari, une latzenetan burua galdu gabe aurrera egiten jakiteari. Ez dugu arazorik izan gure artean, eta hemendik aurrera horri eutsiko dionik bada sobera.

13 urterekin zapaldu zenuen Zubieta aurrenekoz. Gogoan duzu?

Bai, bai. Beste azpeitiar batekin etorri nintzen, Iñaki Urkiarekin, proba moduko saio bat izango zena egitera. Hipodromoan izan zen. Hiru talde batera aldatzen ziren aldagela erraldoi batera eraman gintuzten, leporaino betea zegoena. 'Zer da hau? Zer demontre egin behar diagu guk hemen?'. Horixe galdetzen genion geure buruari. Ez dut uste entrenamendu horregatik hartu zutenik erabakia. Atotxa baino ez nuen ezagutzen Realari buruz. Ez nekien Zubieta existitzen zenik ere. Handik gutxira deitu ziguten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.