Zerbaitengatik dira sendoenak

Oriok herriko estropada irabazi du KAE 1 ligan, aurtengo zazpigarrena, eta Zumaiak ia eskura du Gipuzkoako liga

Orioko arraunlariak, jo eta su arraunei eragiten, atzo, etxean bertan jokatu zuten estropadan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Kirola eta ezustea elkarri hartuta azaltzen dira batzuetan. Atzo, Orion, ez. Aldez aurretik iragarrita zeuden garaipenak gauzatu egin ziren uretan. KAE 1eko zazpigarren estropadan, etxeko taldea izan zen azkarrena, eta Gipuzkoako ligako bosgarrenean, Zumaiak ez zien aukera erdirik ere eman aurkariei. Bien izenak aipatzen ziren estropadaren aurretik, eta ez zuten hutsik egin.

Orio jaun eta jabe da aurten. Nagusitasun erabatekoa dauka arraun munduko bigarren ligan. Ez da berez, hor ibiltzeko egindako taldea, San Miguel ligan ere txukun moldatuko litzatekeelako. Zazpigarren bandera eskuratu zuen, zaleen aurrean. Aurreko seietan bezala, aurkariei traineruaren txopa erakutsiz.

Azken txandan joan zen garailea, ligako lehen lau sailkatuak biltzen dituen horretan. Santur- tzi, Isuntza eta Elantxobe zituen alboan. Ligako bigarrenak, Santurtzik erakutsi zizkion hortzak, eta denak ez. Lehen luzean bost segundo aurretik zen Igor Makazagaren taldea. Estropadaren hasieran ateratzeko, bada aldea,itsasoa mugitua bazegoen ere. Isuntza eta Elantxobe 11 segundora zituen. Bigarren luzean, Santurtzik segundo batean jan zion tartea. Irekita zegoen estropada, baina inork gutxik jartzen zuen zalantzan zeinek irabaziko zuen. Hirugarren luzean, gora egin zuen aldeak; seikoa zen. Orduan bai, orduan balizko zalantza haren kezka erabat uxatu zen. Are gehiago azken luzearen bilakaera ikusita. Hamar segundoko tartea egon zen azkenean Orioren eta Santurtziren artean. Beste bandera bat, zazpigarrena, eta zortzigarrena irabazteko gutxiago falta.

Erronka polita dauka ligako aurrenak hemendik aurrera: KAE 1 ligan, denboraldi batean estropada denak irabaztea, Inork egin gabeko marka da, eta eskura dauka Oriok. Estropadara itzulita, nabarmentzekoa izan zen Donostiarraren lana. Hirugarren egin zuen, bigarren txandan arraun eginda. Esnatu da, baina berandu. Ligaren hasieran, igoerako kanporaketa jokatzeko hautagaien artean jarrita zegoen, bigarren postua eskuratzeko borrokan egongo zelakoan. Baina oraintsu arte, gutxitan asmatu da, eta garesti ordainduko du.

Atzealdean, Hondarribiak eta Deustuk haize pixka bat hartu zuten atzo, baina ez nahikoa, Santoña urrun samar dutelako oraindik. Bizkaitarrek irabazi zuten atzo hiruren arteko lehia, gipuzkoarren eta espainiarren aurretik; hirurak izan ziren azken hiru lekuetan.

Gizonezkoen lanaren aurretik, emakumezkoak aritu ziren. Jokoan Gipuzkoako ligako bosgarren estropada. Binaka aritu ziren sei traineruak, lehenengo eta hirugarrengo kaleetatik. Hor ere, faboritoa nagusi, eta nola gainera.Zumaiak erraz menderatu zituen beste bost aurkariak. Getaria-Tolosa izan zuen alboan, eta uste baino alde handiagoa egon zen bien artean: 39 segundo. Azken-aurreko sailkatu zen ligako bigarren sailkatua. San Juan izan zen bigarren 16 segundora, Hibaika hirugarren 29ra, Orio gero 38ra, eta azken lekua Hondarribiakbete zuen 1. 32 segundora. Ligan, zumaiarrek sei puntu ateratzen dizkiote Getaria-Tolosari, eta bi estropada baino ez dira falta.

Gaur, Espainiako txapelketa

Atzo, beste bi estropada ere jokatu ziren. KAE 2koan, Trintxerpek irabazi zuen Plentzian, eta lider da. Espainiako txapelketan, gaurko finalerako hauek sailkatu ziren: Kaiku, Hondarribia, Tiran eta Urdaibai. 12:00etan izango da, Castron (Espainia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.