«Zergatik ez dugu, ba, lortuko!»

Euskal Herriko 11 jokalari daude Mirandesen, Espainiako Kopan Lehen Mailako hiru talde kanporatu dituen Bigarren B Mailako taldean. Haietako seirekin aritu da BERRIA solasean.

Haritz Mujika, Mikel Martins, Iñaki Garmendia, Antxon Muneta, Raul Garcia eta Mikel Iribas, Mirandeseko jokalariak, joan den astean, entrenamendu saioa amaitu berritan, Miranda Ebroko Anduva estadioko prentsa aretoan, BERRIArekin solasean. UNAI ZUBELDIA.
unai zubeldia
Miranda Ebro
2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Zero azpitik lau gradu. Elurra goian behean. Edonor izozteko moduko haize fina. Baina Mirandesen aldeko irudiak bazter guztietan. Bero egiten du Anduvan. Futbol usaina dago Miranda Ebron (Espainia). Baloi batek esnatu eta elkartu du hiria. Denak dira futbolzale. Txikienaren zale. Balentriaren zale. «Zergatik ez dugu, ba, lortuko!». Gutxitan egongo ziren jokalariak hain inguru hotzean hain bero. Amorebietaren aurkako asteburuko partidaren bezperan egin du BERRIAk osteratxoa Miranda Ebrora —estu eta larri, 1-1 berdindu dute asteburuan—. 11 arrazoi zeuden horretarako. 11 artista zeuden zain.

Athleticen, Realean, Osasunan, Alavesen… Euskal Herriko epeltasunean ezinean geratu ziren jokalari askoren habia da Mirandes. Han eraiki dute euren futbol txokoa Haritz Mujika, Mikel Martins, Alain Arroyo, Ander Lanbarri, Iñaki Garmendia, Antxon Muneta, Aitor Blanco, Mikel Iribas, Natxo Garro, Cesar Caneda eta Raul Garciak. Horiek dira Mirandeseko 11 idolo euskaldunak. Gainerakoekin batera, Carlos Pouso entrenatzailearen aginduei erantzunez ari dira lanean. Zintzo. Elur artean hiru biribil marraztu, eta paseak lehen ukituan emateko agindu die bizkaitarrak jokalariei. Tentsioa nahi du. Galtza motzetan daude gehienak, azken asteotan bero egiten duelako Miranda Ebron.

Racing, Vila-real eta Espanyol Lehen Mailako erraldoiak kalean utzi ondoren, Espainiako Kopako finala jokatzeko azken pausoa emateko aukera dauka gaur Mirandesek. «Oso partida berezia izango da». Mujika erabat harrituta dago egiten ari direnarekin. 1-2 amaitu zen joaneko partida, Lanbarrik azken unean sartutako golari esker. «Bera da gure Llorente! Berdin dio nolako pasea bidaltzen diozun, dena jaisten du berdegunera». Esan horrekin barrez hasi dira denak. «Joaneko partidan ikusi zen joko zuzena egiten hasi ginenean berehala egin geniela min. Hain zaila ere ez da hori; baloia gora bidali, Lanbarrik kontrolatu, eta barrura». Entrenatzaileari lana erraztu dio Antxon Munetak.

Gipuzkoarrak dira Mirandesen jokatzen ari diren 11 euskal herritarretatik lau: Garcia, Iribas, Mujika eta Martins; beste hainbeste dira arabarrak: Garro, Garmendia, Caneda eta Blanco; eta hiru dira bizkaitarrak: Muneta, Lanbarri eta Arroyo. Mirandan bertan bizi dira gipuzkoarrak. «Taldeak jarri zigun pisu batean», azaldu du Mujikak. Eta Bilbora eta Gasteizera joan-etorrian ibiltzen dira gainerako gehienak. «Otxandiokoa ere joan-etorrian ibiltzen da», bota du barrez Garmendiak. «Bilboko komandoa auto batean etortzen da, eta Gasteiz-Otxandiokoa, beste batean». Hor Munetaren azalpen zehatza.

«Eta Logroñokoa ere bere kasa etortzen da!», bota du serio Alvaro Corral errioxarrak. Barrez lehertzen hasi dira denak, taldean daukaten giro onaren erakusgarri. «Oso giro ona daukagu; familia baten parekoa da». Raul Garcia hainbesterako ere ez dela esanez hasi zaio Iribasi, serio-serio. Azkar iritsi da erantzuna. «35 urtetik beherakoen artean oso giro ona daukagu. Eta Logroñokoren bat edo beste ere jator samarra da…».

Taldean hainbeste euskal herritar egotea entrenatzailearen eragina ere badela argitu du Garciak. «Bizkaitarra da, ezagutzen gaitu, eta normala da etxeko jokalariak erakarri nahi izatea. Kontuan eduki behar da, gainera, Miranda Ebro Euskal Herritik oso gertu dagoela». Euren taldeetan egin ezin izan zutena orain Mirandesekin egiten ari direla-eta amorru berezirik ba ote daukaten galdetu eta… «Ez, ez, amorrurik ez», argitu du Mujikak. «Reala, Athletic, Osasuna, Alaves… talde askoren harrobietan ibilitakoak gara, baina futbola ez da hor bukatzen. Etxean aukerarik ez dagoenean, beste bide batzuk bilatu beharra dago gozatzen jarraitzeko».

16:45ean hasi da entrenamendua, eta Pousok ez die atsedenik eman 18:10 arte. Dutxatzera joan aurretik bildu ditu BERRIAk Mujika, Martins, Garmendia, Muneta, Garcia eta Iribas, prentsa aretoan. Berehala iritsi da jokalarien abisua: «Athletici buruz ezin dugu adierazpenik egin: entrenatzaileak debekatu egin digu». Baina lotan daudela ere Athletic daukate buruan Mirandeseko jokalariek. Horren erakusgarri, kazetariak «Athletic» aipatzerako begiak ireki-ireki eginda jarri dira denak. «Bigarren zatian langara bidali nuen baloi hori sarera joan balitz…». Mujikak oraindik ere gogoan dauka jokaldia. «Area ertzean geratu zen baloia, eta ondoegi eman niola uste dut. Pena izan zen, baina Lanbarriren azken uneko golak indarra eman digu».

Balentria lor dezaketela sinetsita daude jokalariak eta zaleak. Entrenamendua ateak irekita egingo dutela jakinarazi du klubak, eta Mirandeseko bospasei zale Anduvako atea noiz irekiko zain daude. «Ezin omen da sartu!». Itxuraz, Lehen Mailako futbolaren gaitz ulertezinak jota dabil Mirandes ere. Kazetariek ere ezkutuan ibili behar izan dute entrenamendua bertatik bertara ikusteko. Hori bai, jokalariek goratu egin dute gero entrenamendua ikusten utzi ez dieten zale horien eta gainerakoen babesa. «Koparekin dena ari da ikaragarri hazten», azaldu du Iribasek. «Baina Mirandesek beti eduki izan du zale asko. Kanpoko partidetara ere jende asko etorri izan da, eta asko eskertzen da hori».

Joan den asteartean «Athleticen baldintza fisikoekin» geratu zen erabat harrituta Muneta. «Orain arteko taldeek ez dute halako abiadurarik eta indarrik erakutsi». Bigarren B Mailan presioan oinarritzen du bere jokoa Mirandesek. Eta presio horri esker dago sailkapen buruan. «Lehen zatian bereziki, asko estutu gintuzten. Aurkariek, normalean, ezin izaten dute gainditu gure presio hori, eta Athleticekin horixe gertatu zitzaigun guri». Martinsek beste xehetasun bat gehitu du. «Partida hasieran gogotsuegi jokatu genuen agian. Oso goian egin genien presioa, baina eurek asko estutu gintuzten».

San Mames. Asteartea. 22:00. Harmailak lepo beteta… Hausnarketa barru-barrutik atera zaio Martinsi. «Ikaragarria izango da. Zaleak oso bero egongo dira, eta gu, noski, ezustekoa ematen saiatuko gara». Kopako finalean sartzea «sinestezina» litzatekeela onartu dute denek. «Espanyolen aurkako azken minutuko golarekin sentitu genuena ere txiki geratuko litzateke», gaineratu du Munetak. «Horixe izan zen momenturik onena. 92. minutuan sartutako golari esker Kopako finalerdietan sartzea… Ikaragarria izan zen!». Eta ikaragarria izango da gaur San Mamesen jokatzea bera ere. «6 urte nituenetik naiz Athleticeko bazkide, eta ahal dudan guztietan saiatzen naiz hara joaten. Lagun guztiak eta familiakoak Athleticen alde egongo dira, baina…».

Helburua, Bigarren Maila

Kopa «polita» dela onartu dute, baina ligan daukate burua jokalariek. «Badakigu egiten ari garena talde honen eta hiri honen historiara pasatuko dela», azpimarratu du Mujikak. «Baina igoera fasean sartu eta datorren sasoian Bigarren Mailan jokatzea da helburua». Hori bai, betiko gordeta geratuko zaie gaurko eguna. Irabazi edo galdu, jada ospakizunetan pentsatzen hasi direla argitu du Martinsek. «Hainbeste Koparekin, orain arte ez dugu ezertarako denborarik izan. Baina egin beharra daukagu handiren bat. Mirandan bertan, Gasteizen, sagardotegi batean… ikusiko dugu».

Athleticeko zaleak Madrilerako hotelak hartzen hasita daude jada, baina badaezpada ere itxoitea hobe dutela gogorarazi diete Mirandeseko jokalariek. Gaurko partidarako aurreikuspenak entzun besterik ez dago. «0-2», bota du lehenengoak. Errioxarrak. «Ez, ez. 1-2. Luzapenarekin eta penaltiekin, hobeto». Zakur zaharra da Raul Garcia. Baina Mujikari ez zaio gustatu emaitza. «Luzapena? Lehertuko gara! 2-3 emaitza bikaina litzateke». Erdi serio, erdi txantxetan, baina Athleticen aurka orain arteko balentrietan handiena egiteko gai direla sinetsita daude Mirandeseko jokalariak. «Saiatuko gara, behintzat». Abisua emanda dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.