Eibar, Bigarren Mailara

Zergatik izan da «ametsa»?

Denboraldi eskasa egitearen ondorioz jaitsi da Eibar Bigarren Mailara. Zelaian ez du ia ezertan asmatu, baina ardurak klub osora zabaldu behar dira.

jarraia197806.jpg
Aitor Manterola Garate.
2021eko maiatzaren 17a
11:27
Entzun

Eibarrentzat «ametsa» izan da kluba Lehen Mailan izatea. Horrela definitu zuen atzo sare sozialetan, behintzat. Esnatu da, hortaz, eta izerditan izu esnatu ere, azkeneko denboraldiko ametsa gaiztoa izan baita. Ondorioa: Bigarren Mailara. Gauzak ez dira berez gertatzen askotan gertatzen direnean, eta 37 jardunaldi asko da gauzak zuzentzeko. Ez, Eibar ez da zorte txarragatik jaitsi. Gauzak gaizki egiteagatik doa behera: zelaian eskas, eta zelaitik kanpoko erabakietan ere, zalantzak baino haratago doazen galdera txarrak.

Zelaikoa idatzi gabeko liburu bat izaten da denboraldia hasi aurretik. Baina liburuak azal bat izaten du, letra estilo bat plazara atera aurretik, eta hori ez da izaten jokalarien ardura. Agintariena baizik: kirol zuzendaria, honen gainetik dagoen admisnistrazio kontseilua, eta lehen galdera hemen: entrenatzailearena ere bai? Kontuak kontu, Eibarrek sasoi honetan atera duen liburua ez da irakurtzeko modukoa izan. Azala eta letra estiloa itsusiak zirelako hasieratik —eta bazen horren beldurra eta susmoa baloia jokoan jarri baino lehen—, eta, gero, jokalariak egindakoa ez delako nahikoa izan «amesten» segitzeko.

>Zelaikoa (1): bi areatan erabakitzen da futbola. Ez hor bakarrik, baina baieztapena ulergarria da. Erraza da ulertzen: golik sartzen ez duenak bizirik irauteko modu bakarra gol gutxi jasotzea da. Eibarrek, ez bat, ez bestea. 29 gol bakarrik dauzka sartuta 37 partidatan, eta 51 sartu dizkiote. Kalkuluak eta batezbestekoak atera: beldurgarriak dira. Zenbaki horiekin, Bigarren Mailara joatea da normalena. Beste gabezia handi bat, aurreko sasoietan gertatu ez dena: Ipuruan bi partida baino ez ditu irabazi [beste bat irabaz dezake, Bartzelona menderatzen badu larunbatean, azkeneko jardunaldian]. Sikiera etxetik kanpo berdindu balu etxeko ekarpen eskasa... Baina ez: lau partida irabazi ditu. Gutxi ez dira, baina etxekoa hain izan da eskasa... Miraririk ez.

 

>Zelaikoa (eta 2): jokoa, estiloa, jokatzeko modua. Jakina da nola jokatzea gustatzen zaion Jose Luis Mendilibarri. Erritmo bizia, aurkariaren zelaian baloia, erdiraketak hegaletatik, errematerik ez bada bigarren baloia hartu, berriz hegaletara eraman baloia, erdiratu eta segi horrela. Defentsan ere, aurkaria haren zelaian izatea gustatzen zaio. Presioa ahalik eta goren, eta, baloia zelai zati horretan galdutakoan ere, presioa. Hori dena egin ezean, talde hauskorra da Mendilibarren Eibar. Lehen Mailan haren ardurapean sei denboraldiz izan da taldea, eta noiz ibili da urrutien entrenatzaileari hainbeste gustatzen zaion estilotik? Galdera hau ez da zalantzaz beteriko txar horietakoa, ez. Erantzuna erraza du: denboraldi honetan. Ondorioa: Bigarren Mailara.

 

>Zelaitik kanpokoa (1): galdera txarra orain. Noren erantzukizuna da taldea gai ez izatea Mendilibarren estilora jokatzeko? Entrenatzailearena? Ez du ematen, aurreko denboraldietako talde guztiak moldatu baitira, lehenago edo geroago. Azkenean, estiloa edozein izanda ere, futbolean jokatzeko abilezia behar da, eta gutxieneko ezaugarri batzuk eduki behar dituzte jokalariek: teknikoak, taktikoak, psikologikoak... Ez dute askorik erakutsi, eta erakutsi dutenak oso gutxi izan dira. Oso gutxirekin ezin da Lehen Mailan iraun. Maila oneko jokalariak izan ditu Eibarrek aurreko sasoietan, baina gero eta gutxiago. Zergatik? Dirua kobratu izan du hiruzpalau jokalariren salmentarekin, baina asmatu behar zutenek ez dute asmatu ordezkoekin.

 

>Zelaitik kanpokoa (eta 2): zerbaiten beldur denari gertatu egiten zaio beldurra dion hori. Eibarren, klubean eta inguruan, oro har, beti egon da ustea Lehen Mailakoa bukatu egingo zela egunen batean. Horrela pentsatzen denean, urruti baino gertuago egoten da ikusi nahi ez den hori. Mentalitate kontua. Zergatik bukatu behar zuen egunean batean «ametsak»? Zergatik ez sinetsi Lehen Mailakoa betiko izan zitekeela? Zenbat era gorago jarri helburua, aukera gehiago horra gerturatzeko; eta, lortu ezean, behera ez gerturatzeko aukera ere handiagoa. Betiko ez zela esan dutenek, eta klubaren barruko informazioa dutenek, zer dakite? Beste galdera txar bat: dirua gastatzeko moduarekin al du lotura? Asko gorde eta gutxi gastatu, beti izan da hautsi ezinezko zerbait Eibarren. Baina, hala izan bada klubean, «ametsa» hautsi du. Edo gastatu dena ondo gastatu al da? Bistan da ezetz.  Zelaira begiratu baino ez dago. Eta hori zelaitik kanpokoen ardura da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.