Zerrendaburu bat gutxiago

Andoaingo Gaztelekuk ustekabea eman du eta Arbizuko Aldabide kanporatu du BERRIA Txapelketako final-zortzirenetan

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2010eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Zerrendaburuei lehian sartzeko garaia iritsi zaie BERRIA Txapelketan. Ustez faborito dira euren kanporaketetan, baina txapelketan aurrerago sartzeak ez du ezer ziurtatzen. Pribilegioa baino gehiago ardura izan daiteke, eta hala gertatu zitzaien iragan asteburuan Arbizuko Aldabideri eta Irurtzuni. Aldabidek Andoaingo Gaztelekuren aurka galdu zuen ustekabean, eta Irurtzunek komeriak izan zituen Amurrio kanporatzeko. Bi seikote irabazleek elkarren aurka jokatuko dute final-laurdenetan.

Aldabide 1 (46)

Gazteleku 2 (52)

KADETEAK

Murgiondo-Andueza 15

Jauregi-Tolosa 22

GAZTEAK

Jaka-Karasatorre 9

Irastorza-Ulanga 22

NAGUSIAK

Ezkurdia II.a-Lukin 22

Eskudero-Erreka 8

Arbizuko Aldabidek etxean jokatuz ekin zion txapelketari, baina Andoaingo Gaztelekuk ustekabea eman zuen lehen bi partidak irabazita. Kadete eta gazte mailako partidetan alde handia lortu zuten, gainera, eta azken partidan bi tanto lortzea nahikoa zuten lehen zerrendaburua kanporatzeko.

Kadeteen partida izan zen onena. Ordubeteko lehian, lau pilotariak oso ondo aritu ziren. Hasiera orekatuaren ondoren, Gaztelekuko Jauregik eta Tolosak tarte politak ireki zituzten (6-11 eta 8-16). Atzean Tolosak agindu zuen, eta Jauregik min handia egin zuen saketik. Etxekoek, baina, ez zuten amore eman, eta Murgiondok susperralditxoa ahalbidetu zuen saketik eginiko lau tantorekin. Halere, Andoaingoek ondo eutsi zioten aldeari.

Gazte mailakoen partidak bi zati izan zituen. Lehena, estua (4-6 eta 7-11); eta bigarrena, Gaztelekuren aldekoa. Atzean, etxekoan atzelaria gehiago izan zen, baina Ulangak bi tanto baino ez zituengaldu. Aldea, baina, aurrean egon zen eta Irastorza Jaka baino gehiago izan zen. Gaztelekuko aurrelariak 15 tanto egin zituen guztira. Hori gutxi ez, eta Jakak min hartu zuen 8-16ekoarekin. Gazteen lanari esker, Andoaingoek nagusi mailako partidan bi tanto egitearekin aski zuten, baina urduri ekin zioten, hala ere. 6-1 aurreratu ziren Aldabidekoak Ezkurdia II.ari esker, baina haren huts batek kendu zion emozioa partidari. Kanporatuta egon arren, nafarrek lanean jarraitu zuten, eta aurrean zein atzean gehiago izanda irabazi zuten azken partida.

Irurtzun 2 (58)

Amurrio 1 (51)

KADETEAK

Ansa-Otamendi 14

Goikolea-Urretxo 22

GAZTEAK

Barberena-Beraza 22

Dorronsoro-Legarreta 11

NAGUSIAK

Ollo-Zabaleta 22

Jauregi-Garcia 18

Irurtzun zerrendaburua zen faborito igandean, baina lanak izan zituen Amurrioko seikotea Hernanin kanporatzeko. Arabarrak ondo aritu dira txapelketan, eta kadete mailako partidan erakutsi zieten nafarrei irabazteko hortzak estutu beharko zituztela. 3-11 aurreratu ziren lehenbizi, baina Irurtzungo bikoteak 11nakoa lortu zuen Otamendiri esker. Hortik aurrera, baina, Amurriko bikoteak gora egin zuen berriz. Goikolea aurrelaria nabarmendu zen.

Irurtzunek distira gutxiko partida batean berdindu zuen kanporaketa. Berazak atzean agindu zuen, eta Barberenak min handia egin zuen saketik (11-3). Legarretak, eskuko minez, ezer gutxi egin ahal izan zuen, eta Dorronsoro arriskatzera behartu zuen. Amurrioko aurrelariak tanto politak lortu zituen baina bi bikoteen arteko aldea handiegia zen.

Kanporaketak amaiera polita izan zuen, nagusien mailakoa oso partida ona izan zelako. Amurrioko bikotea 1-6 aurreratu zen lehenbizi, baina Irurtzungoek 9na berdintzea lortu zuten Zabaletaren aginteari esker. Hortik aurrerakoak oso estuak izan ziren (10-11, 16-15 eta 18-18). Zabaleta gehiago zen atzean, baina Garziak ondo eutsi zion nekatu zen arte. Aurrean, berriz, Ollok Jauregik baino hobeto jokatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.