Zerrendaburuak kale egiten ari dira

Aurrera-Saiazek irabazi egin du Ernioperen kontra, baina Txarutak ezin izan dio aurre egin Huarteri

Erredakzioa
2008ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Final-zortzirenetako bigarren jardunaldia jokatu da BERRIA Txapelketan. Joan den asteburuan iazko txapelduna eta txapeldunordea gelditu ziren kanpora, eta oraingoan beste zerrendaburu bat: Txaruta. Huarteren kontra galdu zuen Txarutak, igandean, Elizondon. Aurrera-Saiaz beste zerrendaburuak ez zuen kale egin, eta Ernioperi irabazita sailkatu zen final-laurdenetara, larunbatean, Tolosako Beotibar frontoian.



AURRERA-SAIAZ (Bidania-Goiatz)51

ERNIOPE (Alkiza) 44

KADETEAK: Irastorza-Ulanga7

Urbieta II.a-Zinkunegi 22

GAZTEAK: Lizarribar-Zubiri 22

Urbieta I.a-Irurzun 13

NAGUSIAK: Renobales-Galarraga22

Axpe-Lopetegi 9



Kadeteen partida izan zen Erniopekoek irabazi zuten bakarra. Maila horretan ari den bikoterik sendoenetakoa dute, eta norgehiagokak ez zuen kolorerik izan. Aurrera-Saiazekoek ez zuten gaizki jokatu, tanto guztietan saiatu ziren gogotik, baina Zinkunegiren sendotasunak eta Urbieta II.ak egindako 16 tantoak -sakez zein errematez- erabakigarriak izan ziren.

Gazteen partida ez zen espero bezain ona izan. Urduri antzean hasi ziren lau pilotariak, eta Aurrera-Saiazekoek hartu zuten aurrea hasieratik, beste mundukorik egin gabe. Kontrarioak egiten zituzten tanto guztiak, eurenak eta Aurrera-Saiazekoenak. Lotuta aritu zen Irurtzun atzelaria, eta erasokor Urbieta I.a aurrelaria. Arrisku handiak hartu zituen. Egin zituen tanto ederrak, baina kale handiak ere bai. Aurrera-Saiazekoek partida erregularragoa jokatu zuten. Lau pilotarien artean onena Zubiri izan zen.

Nagusien partida hasterako sei tantoko aldea zuten Aurrera-Saizekoek. 17 tanto egitea nahikoa zuten final-laurdenetako txartela lortzeko, eta norgehiagoka hasiberritan ikusi zen ez zituztela 17 horiek urruti izango. Erdilanetan 11-3 zihoazen aurretik. Galarraga gehiago zen atzeko koadroetan Lopetegi baino, baina norgehiagoka erabakita utzi zuena Renobales izan zen. Sakez min handia egin zuen, eta errematean bikain moldatu zen. Beotibarrera joandakoek txaloka eskertu zuten Renobalesen lan txukuna.

TXARUTA (Elizondo) 44

HUARTE 56

KADETEAK:Oronoz-Jauregi22

Bendoiro-Mina 12

NAGUSIAK: Zerezo-Elizalde 3

Ioldi-Linzoain22

GAZTEAK: Barberena-Madariaga 19

Kortabarria-Garcia22



Partida ona eta orekatua izan zen kadeteek jokatutakoa. Erdiraino joan zen berdinduta. Aurrelariek min egin zuten saketik, eta atzelariak elkar menderatu ezinda aritu ziren. 11-8kotik aurrera hasi ziren Baztangoak nagusitzen. Jauregi atzelariak eman zion patxada norgehiagokari. Apenas egin zuen hutsik, eta primeran lagundu zion Oronoz aurrelariak -10 tanto egin zituen orotara-.

Antolatzaileek horrela erabakita, nagusien partida jokatu zen ondoren gazteena beharrean. Nafarroako bi bikoterik onenetakoak aritu ziren elkarren kontra, baina inork espero ez zuen bilakaera izan zuen partidak. Huartekoek sekulako erritmoa eman zioten norgehiagokari, ikusgarri jokatu zuten, eta kontrarioei ez zieten aukerarik eman. Linzoainek ederki erakutsi zuen zergatik dituen enpresa profesionalak atzetik, eta Ioldik erakustaldia eman zuen erasoan -16 tanto sakez eta errematez-. Huarteko aurrelaria izan zen lau pilotarien artean onena.

Gazteen partidan ere Huartekoak hasi ziren kontrarioak baino hobeto, baina txakalaldia izan zuten gero. Baztandarrak aurretik jarri ziren 11-6 eta 16-12. Huartekoek 14 tanto behar zituzten kanporaketa gainditzeko, eta urduri jarri ziren. Entrenatzaileak eseri zituen, lasaitu, eta 14 tanto egiteaz gain, partida irabazi zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.