athletic

Zerua beste nonbait dago

Athletic ezinean aritu zen atzo Atletico Madrilen presio eta kontraeraso jokoaren aurka Europako Ligako finalean, eta merezita galdu zuen Europako Ligako finala. Falcaok bi gol sartu zituen lehen ordu erdian, eta goitik behera baldintzatu zuen partida. Hiru izan ziren partidaren giltzak. Maiatzaren 25ean beste final bat jokatuko du Athleticek: Espainiako Kopakoa, Bartzelonaren aurka. 

Imanol Magro Eizmendi.
2012ko maiatzaren 10a
16:22
Entzun

Kostata haziko da berriz belarra Errumaniako Estadio Nazionalean gauean xurgatu dituen 15.000 zaleen malko gazien ondoren. Ilusioa kolpetik amildu da; egunik handiena behar zuena kalbarioa bilakatu da hasiera-hasieratik. Zerua Bukaresten zegoela sinetsita, erromesaldia prestatzen pasatu ditu azken asteak Athleticzaleak; Europarekin eta, bide batez, historiarekin kontuak kitatzeko unea iritsia zelakoan. Baina ez, Radamel Falcaok zapuztu du festa: urte luzez kostata eutsitako euforia atsekabe garratz bilakatu du; eta sentimendua, sufrimendu. Bilboko taldearen historia liburuak beste orrialde ilun bat du.

Madrilen izan beharko du, hiru aste barru, Espainiako Kopako finalean. Arantza ateratzeko aukera izango da, baina ez da erraza izango Athleticeko jokalari eta zaleentzat kontsolamendua aurkitzea. Nola irentsi halako txapelketa bikaina egin ondoren burumakur bukatzea? Nola azaldu Europa erdia liluratu eta kontinentea ia konkistatu duen taldea saririk gabe gelditzea? Marcelo Bielsak zizelkaturiko eraso joko ausartak gaurik desegokienean egin du kale, eta bere predikuan ia modu fanatikoan sinetsi duten jokalariek egunik okerrena aukeratu dute euren buruari traizio egiteko. Adorea Atletico Madrilen presioan eta ostikadetan urtu da, eta Athleticek bigarren zatira arte ez du burua altxatzen asmatu; oso goiz, aldapa gora jarri zaio finala.

Zurbil zelairatu da Athletic, eta Atletico Madrilen presioak are gogorrago bihurtu du bilbotarren urduritasun eta izu koktela. Simeonek Athleticen lepora bidali ditu jokalariak, estu har zezatela. Zakur amorratuen antzera, eta joko biziaren argia itzali du. Herrerak ezin zuen pentsatu, Susaeta eta Muniain gehiegi jaitsi behar ziren, eta Amorebieta bilakatu da lemazain. Hori gutxi ez, eta Atletico Madrilek oso goiz jaso du saria, Falcaoren eskutik. Aurrelariak baloia zelai erdian berreskuratu eta kontrolatuz arean sartu da. Amorebietak zaintzen zuen, buruz buru, kideen laguntzaren zain. Bigun, baina, eta kolonbiarrak metro koadro bat aski izan du erdiko atzelaria nahastu eta ezkerkada bikain batekin lehen gola sartzeko (7. min). Kurpil handia hartu du, eta ezerezean utzi du Iraizozen jauzia. Eskuina izan arren, bi golak ezkerrez sartu ditu. Zerbaitegatik izan da Europako Ligako golegile nagusia.

Atletico Madrilek nahi zuen tokian zeukan partida. Kontraerasoa maite duen taldea da, eta abantaila lortuta eroso giltzapetu zitekeen. Athleticek geldikako baloietan egin du min, eta falta batean epaileak ez du ikusi nahi izan Godinek Llorenteri eginiko penaltia. Simeonek jokalariei atzera egiteko agindu die, eta Athleticek okupatu du espazio hori. Presiorik gabe, arnasa hartu du, eta aukerak sortu ditu, baina ez oso garbiak.

Atleticok ordu erdira jo du bigarren atzaparkada (34. min), berriz ere Falcaok. Amorebietak baloi inozoa galdu du area ertzean, eta Turanek ondo baliatu du aurrera egin eta erdiratzeko. Area barruan Falcaok kontrolatu du; harrapari petoa da, eta orpoz atzetik goxo ukituz Aurtenetxe lurrean utzi du. Amorebieta berandu iritsi da, eta ezin izan du gola eragotzi. Athleticek jota eta burumakur bukatu du lehen zatia.

Kontrol antzua

Bigarren zatiaren hasieran Bielsak Athletici txertaturiko genetikaren lehen izpiak ikusten hasi dira. Amorruak eta aldaketek lozorrotik esnatu dute. Jokalariak sinesten hasi dira, gogo hori joko eta aukeretan irudikatzea kostatu zaien arren. Atletico Madrilek, bitartean, berdin jarraitu du, atzean sartuta eta kontraerasoan sinesten. Buruhauste nagusia Llorente estaltzea zen, eta Godinek eta Mirandak oso ondo zaindu dute.

Bigarren zatiko minutuek hegan egin dute. Baloia Athleticek zuen, baina ezin izan du jokaldirik josi. Bat-biko biziak egin ditu, baina ezer gutxi gehiago, eta ia denak urrundik jotako erdiraketetan bukatu dira, Llorenteren bila. Atletico Madrilen atzelariak nola edo hala urrundu dituzte, eta aldaratze horiek elikatu dute partidari buelta emateko itxaropena.

Ibai Gomezek baliatu du lehen aldaratzea bolea batekin (70. min), eta hurrengo biak Susaetak (70. min eta 74. min.). Aurrenekoarekin ez du atearekin asmatu, eta bigarrenean, area barrutik, Courtoisek Athleticek partida osoan izan duen gol aukerarik onena gelditu du. Bilbotarrek ez dute zorte handirik izan ate aurrean. Atleticok konforme zirudien, baina ez zen hala, eta, minutu bat geroago, berriz ere Falcaok baloi luze bat dotore kontrolatu eta berriz ere izkin egin ondoren zutoinera bidali du.

Athleticek itsu-itsuan egin du goraka. Bide bakarra zen, sakrifizio logikoa, eta aurkariak berriz ere ordainarazi dio. Diego izan da borreroa, kontraerasoan, nola ez. Behin area zapalduta erdilariak burua hotz izan du eta zale sutsuena ere jota utzi du (85. min).

Galdu arren, Athleticeko jokalariei ez zaie txalorik falta izan, zaleek eginiko bidea saritu dutelako. Zerua ez zegoen Bukaresten, agian Madrilen egongo da hilaren 25ean, Espainiako Kopako finalean (aurkari, Bartzelona). Ilusioa bizirik mantendu behar da, eta badaezpada gabarra ez gorde. Maiatzaren 29an xanpaina freskoago egongo da, Athletic honek trofeo bat altxatzea merezi duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.