Zerutik infernura, koskarik ez

Brasilek azkar sartu du gola, baina Herbehereek buelta eman diote partidari, Felipe Melok bere atean sartutako gol batek hauspotuta

Julen Etxeberria.
2010eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Gaur beteko dira 36 urte Herbehereetako selekzioa Laranja mekanikoa bilakatu zela, futbol totalaren ikur. 1974ko Alemaniako Errepublika Federaleko Munduko Kopan izan zen. Dortmundeko Westfalenstadion futbol zelaia izan zen horren testigu. Herbehereek 2-0 irabazi zioten Brasili bigarren ligaxkako azkeneko partidan, eta horri esker sailkatu ziren finalerako. Ezustekoa izan zen herbeheretarren garaipena. Batetik, Brasil zelako faborito, aurretik jokatutako lau Munduko Kopetatik hirutan nagusitu baitzen. Bestetik, hutsune garrantzitsuak izan arren, -ez ziren aritu Pele, Gerson, Clodoaldo eta Tostao, besteak beste-, Mario Zagallok talde bikaina baitzuen bere aginduetara: Jairzinho, Rivelino, Dirceu, Valdimiro... Horiek guztiak, baina, ezinean aritu ziren txima zein ile-zango luzedun 11 jokalari bizi eta nekaezinen aurrean. Jansenek, Repek, Neeskensek, Cruyffek eta enparauek erotu egin zituzten brasildarrak, eta haren amesgaizto bilakatu.

Egun horretan jo zuen goia Herbehereetako selekzioak. Gero titulurik gabe geratuko zen -etxeko taldeak 1-2 irabazi zion finalean-, baina Brasilen aurka egindako balentriak arrastoa utzi zuen, atzo36 urte geroago berriz ere Brasilen borrero izanak utziko duenak bezala. Ez joko erakustaldirik oraingoan herbeheretarren aldetik. Kemena izan da giltza, partida hasi eta berehala gola jaso ondoren, emaitzari buelta emateko izandako kemena. Baita zorte pixka bat ere, susperraldiari hasiera eman zion gola kontrarioak sartu baitzuen bere atean. Horren saria: toki bat finalerdietan -hamabi urte ez zirela hain urruti iristen-. Atzoko garaipenarekin, gainera, odolkian ordainetan eman dizkiote Brasili, Munduko Kopan elkarren aurka jokatutako azken bi alditan, harentzat izan baitzen garaipena.

Herbeheretarren poza, brasildarren etsipena. Lehen porrota Hegoafrikan, eta etxera bueltan, irudi eskasa emanda, gainera, bigarren zatian batez ere. Markagailuan aurretik izan zen bitartean txukun aritu ziren brasildarrak, Munduko Kopa honetan jokatutako zenbait partidetan baino hobeto. Baina Felipe Melok bere atean sartutako golak min handia egin zion. Handik gutxira Sneijderrek sartutako golak azkena eman zion. Zerutik infernurako bidea egin zuen minutu gutxitan, eta iparra galdu. Eta hala aritu zen azken minutuetan, iparra galduta, noraezean, zabu-zabuka.

Bigarren aldiz jarraian final-laurdenetan bukatu da Brasilen ibilbidea Munduko Kopan. Badago horren lehen biktima: Dunga. Brasilgo hautatzaileak atzo partida amaituta iragarri zuen ez duela selekzioa entrenatzen jarraituko. Lau urtez eseri da Dunga brasildarren aulkian, eta ez da izan egun bakar bat ere inork haren lana kritikatu ez duenik. Hark tituluak irabazita egin die aurre kritika horiei guztiei -Amerika Kopa bat eta Konfederazioen Kopa bat irabazi ditu-, baina azterketa nagusian egin du kale, Munduko Kopan, hain zuzen ere. Hori izan da haren galbidea.

Ondo hasi, gaizki bukatu

Ez da harritzekoa norgehiagoka amaieran Brasilgo selekzioko kideak burumakur, ia negarrez egotea. Ez zuten espero horrelakorik, are gutxiago partida nola hasi zen kontuan hartuta. Izan ere, Brasilek hamar minutu eskas behar izan zituen lehen gola sartzeko. Felipe Melok pase bikaina eman zionRobinhori -Felipe Melok atzo eginiko gauza on bakarra-, eta Robinhok ezin hobeto amaitu zuen jokaldia. 0-1. Ezin hobeto hasi zen partida.

Golak Brasilen nagusitasuna areagotu zuen. Erraz ari ziren jokalari brasildarrak, erraz atzean, herbeheretarrak ez baitziren Julio Cesarren area ingurura iristen. Beste horrenbeste zelai erdian. Gilberto Silvak eta Felipe Melok ezerezean uzten zituzten herbeheretarren erasoko ahalegin guztiak. Eta aurrealdean, Robinhok, Kakak eta Luis Fabianok arriskua sortzen zuten euren arteko jokaldi guztietan. Hiru jokalarion arteko jokaldi bikain bati esker egon zen Brasil bigarren gola sartzekotan, baina Sketelenburgek geldiketa ikusgarria egin zion Kakak egindako jaurtiketari.

Nahierara ari zen Brasil. Lurrikara baten moduko hondamena gertatu beharra zuen garaipenak ihes egin ziezaion. Haren zoritxarrerako, hondamena gertatu zen. Sneijderrek eskuinetik erdiratu zuen baloia, Felipe Melok eta Julio Cesarrek ez zuten elkar ulertu, nahikoa atzelariak baloia buruz atzeraka jo eta sareetara bidaltzeko. Bana.

Gol horrek dar-darka jarri zituen Brasilen sendotasunaren oinarriak, eta Herbehereak hauspotu. Partida hautsita zegoen, baloia alde batetik bestera zihoan. Kakak aukera ona izan zuen Brasil berriro aurretik jartzeko, baina kanpora joan zen haren jaurtiketa. Brasildarrari falta izan zitzaion eraginkortasuna erakutsi zuen Sneijderrek hurrengo jokaldian. Entseatutako jokaldia izan zen. Robbenek eskuinetik atera zuen kornerra, Kuytek atzera ukitu zuen baloia buruz lehen zutoinean, eta arearen erdian azaldu zen Sneijder buruz sareetara errematatzeko. Herbehereen miraria, brasildarren hondamena.

Golak bere onetik atera zituen Brasilgo jokalariak. Horren adibide, epaileak Felipe Melori ateratako txartel gorria, Robben nahita zapaldu ondoren. Herbeheretarrek bizpahiru aukera izan zituzten hirugarren gola sartu eta partida erabakita uzteko. Baina ez zuten asmatu, ezta horren beharrik izan ere. Onena emanda zegoen Brasil.



Partidako giltzak

1. Robinhoren gola. Brasilek hamar minutu eskas behar izan zituen markagailuan aurretik jartzeko.

2. Felipe Meloren hutsa. Erdilari brasildarrak bere atean sartutako gol bati esker berdindu zuten Herbehereek.

3. Sneijderren gola. Erdilariak sartutako golari esker eman zioten buelta Herbehereek norgehiagokari.

4. Brasil, hamarrekin. Sneijderrek golak onetik atera zituen brasildarrak, eta epaileak Felipe Melo kanporatu zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.