Zierbenak sarea uretara botatzeko prest zuen Ondarroako estropada jokatu aurretik; gustukoa baitu Artibai ibaiko urak isurtzen dituen eremua, izan ere, azken hiru urteetan, bitan etxeratu du trapua. Bada, Juan Zunzunegiren taldeak hirugarrena zakuratu du gaur, Eusko Label ligako hamabosgarren jardunaldian. Borja Gomez lemazainak eta haren kuadrillak arrantza emankorra egin dute beste behin. Sailkapen nagusiari begira, bestalde, Hondarribia sei puntura hurbildu zaio Santurtzi liderrari; Sotera ontziak bosgarren egin du, eta bihar bigarren txandatik arraun egin beharko du Hondarribian (12:15, ETB 1). Orio, aldiz, ohorezko txandan ariko da, laugarren eginda.
Aparteko olaturik ez zegoen, ezta haize petralik ere. Hori naturaren ur azaleko kontua zen; hondokoa, berriz, beste upeleko sagardoa izan da; marea biziak baitaude aste honetan —91ko koefizientea—, hots, itsaslaster handiagoak. Itsasgora 16:45ean dela-eta, Eusko Label ligako ohorezko txandakoek barruranzko bi luzeetan itsaslaster handiagoa zuten aurka aurreneko txandakoek baino. Sakonerari dagokionez, berriz, kaleen artean baziren aldeak ere; Saturraran hondartzatik gertuen dagoen laugarren kale horretan hondo gutxiago zegoen gainerako kaleetan baino; ur-laster txikiagoa, beraz. Aitzitik, kanpoko kaleetan olatuak gehiago harrotzen ziren, ahulak baziren ere.
Lege zaharrera, itsasoko epaileak bandera gorria jaitsita eman du irteera. Zoriak hala erabakita, Santurtzik lehen kaletik arraun egin du; Donostiarra bigarrenetik aritu da; Zierbena gaurko garailea hirugarrenetik; eta Hondarribia laugarrenetik. Lau taldeak Oriok bigarren txandatik burututako denbora kontuan hartuta txanpa bizian atera dira. Hasierako lehen bi minutuetan, erdiko bi kaleetatik joan diren Zierbenaren eta Donostiarren brankak aurrerago ikusten ziren Hondarribia eta Santurtziren ontzienak baino. Sotera traineruak nahi baino atzerapen handiagoa zuen ordurako; bost segundokoa, eta lehen ziabogan, behintzat, Iker Zabalarenak seigarrenak ziren estropadako sailkapenean.
Ohorezko txandako beste hiru taldeak bi segundoan ziren, baina maniobra egin ostean, Zierbenak estropada hautsi egin du; Borja Gomez patroiak ur-aparretan eraman du ontzia, haren kuadrilla minutuko 38 palakadako erritmoan zihoala, eta Zierbenakoek tarteak are gehiago zabaldu dituzte: Donostiarrari lau segundo, Santurtziri sei eta Hondarribiari zortzi. Ostera, Orioren erreferentziak, ordea, ez ziren erraz gainditzekoak; Zunzunegiren taldea oriotarrak baino segundo bat azkarrago heldu da. Donostiarrarekiko zazpi segundoko tarte polita zeukan, zortzikoa Hondarribiarekiko eta bederatzikoa Santurtzirekiko.
Santurtzi eta Hondarribia Eusko Label ligako lehen bi talde indartsuenak banderarako lehiatik kanpo ziren hirugarren luzerako. Markaketa handia zuten elkarren artean, eta bitartean, Zierbena isil-isilik bere lana egiten ari zen, baita Donostiarra ere. Zunzunegirenak palakadak ongi bukatzen zituzten, Carlos Palazuelos —ababorrean— eta Iker Pascual —istriborrean— hankean zirela, erritmoa jarriz. Gomez eta haren arraunlariak Orio baino hiru segundo azkarrago heldu dira. Donostiarra Zierbenarengandik sei segundo geroago iritsi da, eta gero Santurtzi eta Hondarribia.
Erabakiak hartzeko ordua
Azken luzean, lemazainek buruko nekea izango zuten erabakiak hartzerako garaian; kale batera edo bestera jotzeko tenorea heldu zitzaien. Hasieran, itsaslasterrak hala eskatuta, lau ontziak istriborrera joan dira. Zierbena bigarren kaletik zihoan; Donostiarra berriz, lehenengotik. Bada, Arkaitz Diaz Torrekua ontziko patroiari ongi atera zaio jokaldia hasiera batean; izan ere, 600 metro falta zirela, Zierbenarengandik hiru segundora jarri da, bizpahiru olatu hartuta.
Zunzunegirenak, aldiz, herio batean dena ematen ari ziren: jo eta jo. Arraunketa erabat moztuta zuten, Donostiarrakoen aldean. Igor Makazagarenak gehiago bukatzen zuten, harik eta segundo bakarrera jarri diren arte. Bi ontziak helmugara gerturatu ahala, Diazek bere kaleari eustea erabaki du; Borja Gomez Zierbenakoa, baina, istriborrera joan da; olatuen norabidea baliatuz. Bete-betean asmatu du, eta lehenak helmugaratu dira. Bi segundo ere ez dizkio atera Donostiarrari. Atzean, berriz, Hondarribia poparerako jardunean hobeto moldatu da Santurtzi baino, eta aurrea hartu dio. Bi talde horien tartean, gainera, Orio sartu da, berdeen mesederako.
Hain zuzen, Orio nagusitu da bigarren txandan. Lehen luzean, Urdaibaik eta Oriok estropada burua elkarbanatu dute. San Nikolas izan da lehen ziabogara heldu den lehen ontzia, baina segundo bakarrera zuen Urdaibai. Ondarroak bost segundo geroago biratu du, eta gero Cabok. Maniobra egin ostean, ordea, estropada erabat aldatu da; Oriok Urdaibairi hanka egin dio, eta une batez bi traineruko abantaila izan dute oriotarrek, baita alde handiagoa eduki ere. Minutuko 37 palakadako erritmoan zihoan Jon Salsamendiren kuadrilla, arraunketa egonkortuz eta ubera pasatuz. Atzerago ziren Ondarroa eta Cabo.
Ugaitz Mendizabal Orioko patroiak eta Andoni Campos aurrekalariak ontzia azkar eta estu biratu dute bigarren ziabogan. Zortzi segundo atera dizkiote Urdaibairi, 11 Ondarroari, eta hamabi Cabori. Estropada oso aldeko jarri zaio Oriori, hirugarren luzean Urdaibairi segundo bakarra sartu dion arren. Bou Bizkaia ez da guztiz amildu baina, Oriorekiko hiru traineruko atzerapena zuen azken luzean. Lau ontziak istribor aldera joan dira erabat, baina helmugara gerturatu ahala, olatuak lehen kaletik laugarrenera jotzen zuen, eta ababorrera joan dira guztiak.
Oriok momentu oro kontrolpean izan du txanda, eta aise nagusitu da. Hamar segundora heldu da Urdaibai. Atzean, berriz, xextra handia izan dute Ondarroak eta Cabok; bi ontzien artean palak jotzeraino ere iritsi dira, Antiguako Ama etxeko traineruaren kalean zirela, hirugarrenean. Amaieran, Cabo Ondarroa baino segundo bat lehenago helmugaratu da.
Isuntza lehen txandako azkarrena izan da, baina Tiranekin borroka oso estua izan du amaiera arte. Osertz Aldaien taldeak 66 ehunen atera dizkio atera Tirani. Moañakoek, ostera, Zarautzekin jaitsierako duten lehiari begira, egun ona izan dute, Enbata ontziaren kalterako; bi talde horien artean Ares sartu baita. Azken talde horiek ere dema handia izan dute, eta, amaieran, 12 ehunen besterik ez dira egon bi ontzien artean.
Eusko Label ligako ontziak Hondarribian ariko dira, baina haien aurretik Euskotren ligako lau ontziek estropada ez puntuagarria izango dute gaur (11:40), Donostiako Kontxako Bandera prestatzeko eta lehiakortasuna ez itzaltzeko xedez.
Ondarroako bandera
1. Zierbena 19.34,54
2. Donostiarra 1,80ra
3. Hondarribia 6,62ra
4. Orio 6,92ra
5. Santurtzi 11,51ra
6. Urdaibai 17,42ra
7. Cabo da Cruz 22,82ra
8. Ondarroa 24,04ra
9. Isuntza 45,79ra
10. Tiran 46,45ra
11. Ares 58,03ra
12. Zarautz 58,15ra
Sailkapen nagusia
1. Santurtzi 159
2. Hondarribia 153
3. Donostiarra 136
4. Zierbena 134
5. Orio 129
6. Urdaibai 114
7. Cabo da Cruz 83
8. Ondarroa 78
9. Isuntza 67
10. Ares 63
11. Tiran 47
12. Zarautz 37