Zigandak badu hamaikakoa

Javier Aguirreren taldea izango du oinarri Osasunak Hanburgon; soilik bi edo hiru aldaketa izango ditu

jon ordonez garmendia
2006ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Javier Aguirreren taldea izango du oinarri Osasunak Hanburgon; soilik bi edo hiru aldaketa izango ditujon ordoñez

Donostia

Sei partida izan ditu Jose Anjel Ziganda Osasunako entrenatzaileak hartu berri duen taldea ezagutzeko. Orain benetako erabakiak hartzeko garaia iritsi zaio. Asteazkenean Txapeldunen Ligako aurreko kanporaketa jokatuko du Osasunak Hanburgoren aurka, 20:45ean, Alemanian, eta hasierako hamaikakoa zein izango den erabaki beharko du. Denboraldi-aurreko sei partidatan hainbat proga egin ditu Osasunako entrenatzaileak, eta pixkanaka taldea zein izango den hasi zaio iragartzen. Ezkutuan gorde nahi du berak, baina aurreko denboraldian Javier Aguirrek zelairatu zituen jokalariak kontutan hartuta, Hanburgoren aurka nortzuek jokatuko duten ageri du; denak ez bada, ia denak bai. Aguirrek zelairatzen zuen hamaikakoa izango du oinarri. Gauzak ondo dabiltzanean, onena ezer ez aldatzea dela esan ohi da, eta entrenatzaile berriak bere egin du esaldi hori.

Zaragozaren aurka egin zuen azken proba Osasunak. Azkena, eta garrantzitsuena. Denboraldi-aurreko aurkari indartsuena izan da, eta entrenatzaileak bere hamaikako hori probatzeko baliatu zuen. Bi dira aldaketa nagusiak. Denboraldi berri bakoitzean fitxatutako jokalariek eta harrobitik igotzen direnek aldatzen dute taldea, eta horixe gertatu da Iruñean.

Hiru fitxaketa egin ditu Osasunak denboraldi-aurrean, eta hirurek parte-hartze oso ezberdina izango dute asteazkenean. Soldado hasierako hamaikakoan egongo da ziurrenik. Valentziako aurrelaria azkarra da, atzelariengandik ihes egiten du eta jokatzeko amorratzen dago, behingoz, Espainiako Ligako Lehen Mailan egonkortzeko. Milosevicekin osatuko du aurreko lerroa. Soldadoren etorrerarekin serbiarrak berezkoa duen postuan jokatuko du sasoi honetan, 9 zenbakidunari dagokionez, defentsaren aurretik, ateari bizkarra emanez. Soldadok bere aurretik jokatuko du, azken pasearen esperoan, errematatzeko prest.

Osasunak egin dituen beste bi fitxaketak ez dira hasiera batean Hanburgoren aurka ariko. Astearteko partidak duen garrantzia aintzat hartuta, Zigandak ezin du Nekunam zelairatu. Egun gutxi dira Iruñera iritsi zela, eta 71 minutu besterik ez ditu jokatu, Numanciaren aurka. Zelai erdian jokatzen du, eta postu horrek atzeko eta aurreko taldekideekin ondo moldatzea eskatzen du; horretarako denbora behar da.

FONT, EZUSTEAN SAR DAITEKE. Fontek izan dezake aukera gehiago jokatzeko. Delporteren postua har dezake, nahiz eta hasiera batean hasieratik frantziarra zelairatuko den. Kluba utziko zuela eta ez zuela utziko aritu da Delporte udan, eta herenegunarte ez da oso fin aritu. Ondo dagoenean erdiraketa bikainak egiteko gai da , zehatz neurtuak. Berarekin ezkerrean eta David Lopezekin eskuinean Javier Aguirre entrenatzaile ohiak erasorako baliabideak biderkatu zituen. Erdiratzea baino gehiago erdirantz sartzeko joera du Lopezek. Baina zalantzarik badu, hobe du Zigandak Fonten alde egitea. Baliabide asko ditu, eta Delporte baino azkarragoa da. Jokoa zabaldu egiten du, eta Delporte sasoi onean jarri ezean, hamaikakoan ezustea eman dezake Zigandak.

Javier Aguirreren hamaikakoarekin alderatuta Natxo Monreal harrobikoa izango da beste berritasuna. Berak eta Corralesek denboraldi-aurreko minutuak banatu dituzte, baina Zaragozaren aurka Monrealen alde egin zuen Zigandak, eta jokatzeko prest dagoela erakutsi zuen. Atzeko lerroan ez da beste aldaketarik izango. Erdian Josetxo eta Cuellar sendotu ziren aurreko denboraldian, eta horiei eutsiko die Zigandak.

Ricardorekin, Puñalekin eta Raul Garciarekin talde horrek 2-1 irabazi zion Zaragozari herenegun Azkoienen. Hala ere, oraindik hobetu egin beharko du Osasunak. Abiadura eta erritmoa falta zaio. Herenegun ez zen buru belarri aritu baina asteazkenean horrenbeste ariko dela pentsa daiteke. Atzean sendotzea eta aurrean erabakitzea falta zaio. Dagoeneko ez dago froga gehiago egiteko aukerarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.