Zintzoa edo maltzurra?

Baskoniak A multzoko bigarren postua lor dezake gaur, etxean Partizani irabazi eta Zalgirisek Moskun galtzen baduGasteiztarrentzat, hala ere, hobea izan daiteke hirugarren postuan sailkatzea

Andoni Urbistondo.
2010eko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Erabakia ez da erraza. Zer egin behar da, partida irabazi, haserre samar dauden zaleei poztasunen bat eman Gabonen atarian, eta gero gerokoak? Edo maltzurra izan, norberaren buruari begiratu, eta tranpa egin? Tranpa egiteko aukera hori hor dago, ez da oharkabean pasa, ezin duelako pasa. Eta zaleek badakite. Euroligako lehen multzoko sailkapena gaur gauean argituko da erabat, gauerdia aldera, eta sailkapen hori zehaztu ondoren jakingo da Baskoniak zein aurkari izan ditzakeen Top16an. Zozketa urtarrilaren 4an izango da, baina gutxi-asko, jakina da arabarrek urtarrilaren 19tik aurrera izango duten panorama —egun horretan hasiko da Top16a—.

Panorama beltza, kirol profesionalean normala dena egiten badu: garaipena lortzen saiatzea. Berak irabazi eta Zalgirisek Moskun Khimkiren aurka galduko balu, bere multzoko bigarren postuan sailkatuko litzateke Baskonia. Pasatakoak pasata, sekulako lorpena litzateke bigarren postua, bi aste atzera hanka bat Top16tik kanpo baitzeukaten gasteiztarrek. Ligaxka bukaeran errenkadan lortutako hiru garaipenek, ordea, opari gaiztoak ekar diezazkioke Dusko Ivanovicek zuzendutako taldeari. Ia ziur, Montepaschi, Panathinaikos edo Olympiakos izango da aurkarietako bat, beste hiru multzoetako liderrak, hain zuzen ere.

Baskonia bigarren sailkatzen bada, beste multzoetan postu bera lortu duten taldeak saihestuko ditu, eta hirugarren eta laugarren postuetan sailkatutako beste bi talde izango ditu aurkari. Horietako bat Bartzelona ahaltsua izan daiteke, Euroligako arauak aintzat hartuta. Perasovic eta Rakocevicen Efes Pilsen eta Unicaja ere Baskoniaren aurkari izan daitezke. Gaur egin daitezkeen kontuek honakoa diote: Baskonia hirugarren bada, Real Madril, Fenerbahce eta Union Olimpija izan ditzake aurkari. Bigarren sailkatzen bada, Bartzelona, Efes eta Unicaja. Aldea nabarmena da: hirugarren postuak onura gehiago dakartza.

Haislip, berriro min hartuta

Partida multzoko azkena izango da, eta Baskonia Moskuko emaitzaren jakitun dela kantxaratuko da. Bat edo beste egin erabakitzeko aukera izango du, beraz. Marcus Haislip gabe egin beharko du, estatubatuarrak zuntz-haustura izan baitzuen herenegun gaueko entrenamenduan. Denboraldiko bosgarren lesioa da, eta estatubatuarrak hiruzpalau aste egingo ditu kantxetatik urrun berriro. Haislip gabe, Pape Sowek, Teletovicek eta Bjelicak orain arte baino arreta handiagoa eskaini beharko diete erreboteen arloari, batez ere defentsan.

Partizan Belgrad etxeko lanak eginda etorri da Gasteizera. Pasa den astean lortu zuen hark ere Top16a jokatzeko txartela, etxean Prokom menderatuta, baina gasteiztarren egoera berean dago. Bigarren, hirugarren edo laugarren izan daiteke. Serbiako taldeak dena edo ia dena egiten du ondo etxean, baina dena edo ia dena gaizki Belgradetik urrun, eta gaur, Baskonia da faborito argia. Partizanek beldur handiagoa ematen zuen pasa den sasoian, askoz talde hobea zuelako. Sasoi honetan Top16a da haren muga.

BASKONIA-PARTIZAN

Lehiaketa. Euroligako lehen ligaxkako azken jardunaldia.

Caja Laboral Baskonia. Logan, Huertas, Oleson, Ribas, San Emeterio, Bjelica, Teletovic, Pape Sow eta Barac.

Partizan. Lafayette, Klobucar, Jaramaz, Bozic, Bogdanovic, Kecman, Lucic, Mitrovic, Gist, Djekic, Vesely, Jawai eta Katic.

Sailkapena. Baskonia laugarren da: 4-5 (+9), eta Partizan hirugarren: 5-4 (-43).

Lekua. Buesa Arena (9.763 ikusle).

Ordua. 20:45 (ETB1).

A multzoko beste partidak. Asecco Prokom-Maccabi eta Khimki-Zalgiris. Gaur jokatuko dira biak, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.