Markel Irizar (Oñati, 1980) eta Chris Horner (Bend, AEB, 1971). Euskalduna eta estatubatuarra. RadioShack taldean eurena da bikote ofizialetako bat. Elkarrekin daude logelan, eta hizketan hasitakoan ederki nabaritzen da hori. Gertukoa da Irizar, eta une oro irribarrea ezpainetan duena Horner. Sailkapen nagusian laugarren dago estatubatuarra, Joaquim Rodriguezengandik (Katuxa) segundo bakarrera. Iaz bezala, gaur, Zallan, Euskal Herriko Itzulia irabazteko faborito argietako bat da estatubatuarra, Andreas Kloeden (Mittweida, Alemania, 1976) taldekidearekin batera [Sergio Paulinho portugaldarrarekin dago gelan]. Bigarren dago alemaniarra, Rodriguezen denbora berean. Aisia Derio hotelean ari dira atseden hartzen egunotan RadioShackekoak, eta BERRIArekin egoteko tarte txiki bat hartu dute hirurek. Txikiena Kloedenek, etapa, masaje eta afari artean estu-estu baitabil. Irizar eta Horner aritu dira lasaien hizketan, Kloedenen sartu-irtenetan atseden pixka bat hartuz. Azken etaparen bezperan umoretsu daude hirurak, eta ez da seinale txarra. Euren izenak ageri dira podiumerako egindako apustuetan, baina errespetu handia diote Aleksandr Vinokurovi (Astana).
Aurkezpen txiki bat egin beharko duzue hasteko. Markel, nor da Andreas? Chris, nor da Markel? Eta Andreas, nor da Chris? [Kloedenek ez du erantzuterik izan].
MARKEL IRIZAR: Jendeak uste duenaren guztiz kontrakoa da Andreas. Niretzat, gentleman bat da. Oso taldekide leiala da, gertukoa, bromak egiten dituena, eta txapeldun bikaina.
CHRIS HORNER: Gelakide aparta da Markel, eta ongi konpontzen naiz berarekin. Baina gauza batek harritzen nau: beti pijamarekin lo egiten du! Aspertuta nagoenean, beti dauka kontatzeko zerbait. Euskaltel-Euskadik oso profesional ona galdu du, nik coca-colak edan eta txokolatinak jaten ditudan bitartean, berak sekula ez dituelako edaten eta jaten.
Ohiko aurkezpena egin duzue, baina zuetaz ez dakigun zer kontatuko zenigukete?
C.H.: Autokarabanak eta auto handiak atsegin ditudala, eta motoak ere bai.
M.I.: Eskiaren mundua eta mendia ikaragarri gustatzen zaizkit niri, eta autoak ere pila bat. Beti daukat autoen aldizkariren bat maletan.
Zer da zuentzat Euskal Herriko Itzulia?
M.I.: Niretzat, etxeko lasterketa da. Klasikoekin batera dago egutegian, eta, horregatik, askotan ezin izan dut parte hartu. Baina nire lasterketa kutunetako bat da, nahiz eta nire ezaugarriak kontuan hartuta ez den egokiena.
C.H.: Urteko helburu nagusia da,niretzat, Euskal Herriko Itzulia.
Haimarrek [Zubeldia] edo Markelek euskarazko hitzen bat erakutsi al dizute, Chris? Eta zer moduz moldatzen dira eurak ingelesarekin?
C.H.: Ez, ez didate ezer erakusten, oso irakasle txarrak dira. Markelen ingelesa oso ona da, eta Haimarrena, aldiz, bizi ahal izateko nahikoa. Hala ere, ia-ia nire gaztelania baino hobea da! [Barrez].
Andreas, zu liderraren maillotarekin ibili zara Euskal Herriko Itzuli honetan, eta, Chris, zuk oso sasoi onean zaudela erakutsi duzu etapa guztietan. Arrateko etapa igarota, nola ikusten duzue itzulirako lehia?
A.K.: Itzulia RadioShack taldeko txirrindulariren batek irabaztea espero dut; azken batean, hori da garrantzitsuena.
C.H.: Itzulia irabazteko oso egokiera onean nago.
Samuel Sanchez, Joaquim Rodriguez, Ryder Hesjedal, Aleksandr Vinokurov… Zein da arriskurik handiena azken erlojupekorako?
A.K.: Vino [Vinokurov].
C.H.: Vino [Vinokurov].
Haimar falta zaizu ondoan Markel, baina zer moduz moldatzen ari zara hainbeste atzerritarren artean? Ingelesa, beste kultura batzuk, lehiatzeko beste modu bat…
M.I.: Ba, egia esan, ondo. Pena da itzuli honetan Haimar ez egotea, baina ingelesarekin ondo moldatzen naiz, eta ez daukat arazorik taldekideekin komunikatzeko. Gainera, horrela gehiago ikasiko dut beste kultura eta herrialde batzuei buruz.
Andreas, 35 urte; Chris, 39 urte; Markel, 31 urte. Hau da gazte koadrila, hau!
HIRURAK: Adinean aurrera goaz, bai, baina gaztetako ilusio bera mantentzen dugu, oraindik!
M.I.: Ilusioari eustea eta entrenatzeko gogoa ez galtzea da sekretua; egiten duzunarekin gozatzea eta momentua bizitzea.
Besteak beste, 2004an eta 2006an Tourreko podiumera igota, non aurkitzen duzu motibazioa lasterketa txikiagoetan borrokan jarraitzeko, Andreas?
A.K.: Nire bizitza da txirrindularitza. Asko gozatzen dut txirrindularitzarekin. Ez zait kostatzen entrenatzea, eta taldean oso gustura nago.
Iaz itzalean eta aurten Paris-Niza eta Nazioarteko Kriteriumeko etapa bat kolkoratuta. Zer aldatu da zuregan hain fin ibiltzeko? Gaztetuta zaude…
A.K.: Iaz ilusio eta motibazio gehiegi nituen. Talde berria zela eta, gehiegi behartu nuen neure burua, eta gehiegi entrenatu nintzen. Aurten dena lasaiago hartu dut; bai neuri eta bai taldeari gauzak hobeto irteten ari zaizkigu.
Chris, zuk, berriz, iaz harrituta utzi zenuen Euskal Herri guztia, eta aurten ere hegan zabiltza itzuli honetan. Euskaltel-Euskadiren eskaintza jasoko duzu laster, edo Euskal Herrira etorri beharko duzu bizitzera…
C.H.: Gustura etorriko nintzateke hona bizitzera, Euskal Herriko janaria asko gustatzen zaidalako. Baina jaten ditudan gauzekin, ez dakit Euskaltel-Euskadin oso pozik egongo liratekeen... Txuleta, arraina eta sagardoa atsegin ditut gehien, baina ez dakit Euskaltel-Euskadik fitxatuz gero askotan dastatu ahal izango nituzkeen.
Markel, zuretzat, zenbateko garrantzia eduki du aurten Andaluziako Itzulia irabazi izanak?
M.I.: Ez nuen uste sekula itzuli bat irabaziko nuenik, eta konfiantza handia eman dit gainerako helburuei aurre egiteko. Gainera, ikaragarri ari naiz gozatzen txirrindularitzarekin.
Lance Armstrong gora eta Lance Armstrong behera. Zuen taldea harekin lotuta zegoen beti. Harremanik mantentzen al duzue berekin?
M.I.: Egia esan, Australian elkar agurtu genuenetik, mezu bidez bakarrik hitz egin dut berekin. Triatloia prestatzen ari da, buru-belarri.
Nor da zuentzat egungo txirrindularirik onena?
A.K.: Contador eta Andy Schleck.
C.H.: Ez nuke bereziki inor aipatuko. Valverde dut gustukoena.
M.I.: Cancellara.
Eta taldekide baten izena emateko eskatuz gero? Zergatik?
A.K.: Ez nuke bat bakarrik aukeratuko. Denekin daukat oso harreman ona. Oso giro ona daukagu taldean.
M.I.: Haimarrekin oso harreman estua dut, baina harreman hori ona etorri baino lehenagokoa da. Taldean ezagutu ditudanen artean, [Sergio] Paulinho aukeratuko nuke. Oso-oso fina da lanerako, izugarrizko talentua eta tenplea dauka, eta oso gertukoa eta bromazale da.
C.H.: Markel. Beti egoten da nire ondoan, nire esanetara.
Zallako azken podiumerako hiru izen eskatuz gero?
M.I.: Kloeden, Horner eta Vino [Vinokurov].
C.H.: Horner, Vino [Vinokurov] etaAndreas [Kloeden].
Gai librean utzita, Chris, zein galdera egingo zenioke Markeli?
C.H.: Markel, nola demontre egin dezakezue euskaldunok lo pijamarekin, zuen ondoan horren neska politak izanda? Amerikarrok beti biluzik egiten dugu lo!
Zein da bizikleta gainean pasatu duzuen egunik txarrena?
A.K.: 2006ko Tourrean izan zen, Oscar Pereirok 30 minutuko aldea lortu zuen egunean.
M.I.: Suitzako Itzuliko etapa batean.
C.H.: 2006ko Tourreko mendiko lehen etapa, Landisek maillot horia hartu zuen eguna. Gaixo nengoen, eta lehen mendatean atzean geratu nintzen, esprinterrak eurak baino lehenago! Izugarri sufritu nuen esprinterren taldetxoa harrapatzeko, eta gero egoerak okerrera egin zuen, etapa amaitu ondoren sei kilo galdu bainituen.
Eta onena?
A.K.: 2004ko Tourrean. Bassok irabazi zuen etapa, eta oso ondo sentitu nintzen.
C.H.: Iazko Orioko erlojupekoa.
Euskal zaleentzat azken mezu bat?
C.H.: Saunier Duvalen egon nintzenetik asko maite ditut euskal zaleak; oso harrera ona egin izan didate beti.
M.I.: Izugarrizko zaleak ditugula esango nuke. Asko errespetatzen dituzte txirrindulariak, eta Euskal Herriko oso oroitzapen onarekin joaten dira denak etxera. Ez daitezela sekula aldatu, eta mila esker, euren animo eta bultzadengatik.
A.K.: Egia esan, oso maitatua sentitzen naiz hemen. Jendeak argazkiak ateratzeko eskatzen dit, eta Arraten gora ere jende pila bildu zen; asko animatu gintuzten. Egia esan, oso zale onak zarete, eta txirrindulariok ere estimu handia dizuegu euskal zaleei.
Euskal Herriko Itzulia. Eguneko elkarrizketa
Zirikatzailea, 'gentleman'-a eta etxekoa
Zallako gaurko azken erlojupekorako erabat kontzentratuta daude Andreas Kloeden eta Chris Horner, RadioShackeko bi taldeburuak, baina, Markel Irizar oñatiarra gidari hartuta, sekretu txikiak kontatu dizkiote BERRIAri, umoretsu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu