«Zirkuitua oso azkarra denez, lasterketa irekia izango dela esan eta esan ari dira denak, baina litekeena da lehen itzulian erorketa handiren bat izatea eta proba haustea». Marka da gero, baina Espainiako Txapelketa iritsi, eta zirkuituak gaina hartu dio kirolari bakoitzaren mailari. Denboraldiko emaitzak aztertuta, Egoitz Murgoitio abadiñarra da gaur urrezko domina irabazteko faborito argia —hamabi proba irabazi ditu dagoeneko—. Baina Gandiako zirkuituarekin arduratuta dago bizkaitarra. Arrazoirik ez zaio falta, orain arte jokatu diren gainerako probetan erorketa dezente izan delako.
Denentzat zirkuitu bera izango da, ordea, eta Murgoitiorena izango da zaindu beharreko gurpila. Javier Ruiz de Larrinaga eta Aitor Hernandez euskal herritarrak ere ageri dira faboritoen zerrendan, baina, ondo bidean, Jose Antonio Hermida kataluniarra izango da bizkaitarraren aurkari nagusia. 13:30ean hasiko da lasterketa.
Gaurko lehiaren bezperan, podiumetik pauso bakarrera geratu zen atzo Olatz Odriozola emakumezkoen elite mailako proban. Erorketa handi samarra izan zen lasterketa hastearekin batera, eta horrek erabat baldintzatu zuen proba. Lau txirrindulari geratu ziren aurrean, eta tartean zen urnietarra. Odriozolak berak onartu zuen moduan, ordea, «oso arriskutsu» zegoen zirkuitua, eta aurreko gurpila kontrolatu ezinik geratu zen oztopoetako batera iritsi baino lehen. Eskaileren gune batean erori egin zen gipuzkoarra, eta hortxe galdu zuen podiumera igotzeko aukera oro.
Gomez anaiak podiumean
Rocio Gamonal zen emakumezkoen proba irabazteko faborito argia, baina katea hautsi zitzaion bigarren itzulian, eta Rocio Martinek eskuratu zuen, azkenerako, urrezko domina, Isabel Castroren eta Lucia Gonzalezen aurretik. Emakumezkoen junior mailako lasterketan hirugarren amaitu zuen proba Eider Merinok, eta gizonezkoen 23 urtez azpikoan zilarrezko eta brontzezko domina eskuratu zuten Iñigo eta Jon Gomez anaiek. Euskal Herrira iritsi ziren beste domina batzuk ere. Master 40 mailan Xabier Mendiaraz bigarren sailkatu zen, eta Rafael Ruiz de Arkaute hirugarren; eta master 50ean Jose Antonio Mazaira hirugarren.
Zirkuitua izango du aurkari nagusia
Egoitz Murgoitio da gaur Ziklo-kroseko Espainiako Txapelketa irabazteko faboritoa, Gandiako zirkuituan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu