Egoitz Murgoitio. Hirumet taldeko txirrindularia

«Zirkuitua lokaztuta egongo denez, Sven Nys da faboritoa»

Ziklo-kroseko Munduko Kopan lehiatzen ari da Egoitz Murgoitio, eta bihar Igorren lehen hogeien artean sartu nahi du

unai zubeldia
Donostia
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Belgikako eta Herbehereetako «ziklo-kros zaleen suarekin» harrituta geratzen ari da Egoitz Murgoitio (Abadiño, Bizkaia, 1983). «Beste filosofia bat daukate». Euskal Herrian nazioarteko probak antolatzen hasi dira sasoi honetan. «Eta garrantzitsua da hori, txirrindulari hobeak etorriko direlako. Horrek mugituko ditu zaleak, babesleak eta dirua». Hirumet babesle gisa eduki du azken urteotan Murgoitiok. «Baina denboraldi honetan taldea sortu du, eta Munduko Kopan lehiatzeko aukera eman dit». Munduko Kopa hori etxera etorriko da bihar, Igorrera, eta aurreko saltsan sartu nahiko luke bizkaitarrak.

Gain-gainean dago urteroko proba: Igorre. Euskal Herriko txirrindulari batentzat zer da Igorren Munduko Kopako proba bat jokatzea?

Denboraldiko lasterketarik garrantzitsuena da Igorrekoa, Euskadiko Txapelketarekin batera. Ondo nago, gainera. Koksijden (Belgika), Munduko Kopako azken proban, ondo sentitu nintzen. Zirkuitua zaila zen, baina eroso sentitu nintzen, eta azken bi itzulietan sartu arte 18. nindoan. 23. amaitu nuen azkenean, baina indartsu nagoela ikusi nuen.

Euri asko egin du egunotan, eta Igorreko zirkuitua lokaztuta egongo da.

Lokatz handia egongo da Igorren. Erreka bazterrean dago zirkuitua, eta beti egoten da lokatz dezente. Baina azken urteotan erakutsi dut gustura ibiltzen naizela zirkuitu horietan.

Ibilbidea aldatu egin dute pixka bat. Asfalto zati bat kendu eta eskailera batzuk jarri dituzte. Horrek nabarmen gogortuko du proba, ezta?

Ibilbidea aldatuta dago, bai. Lehen asfalto zati bat zegoen igoera batean, eta hori kendu egin dute. 50 metro utzi dituzte asfalto gainean, eta ondoren belar zati bat eta hamabost eskailera jarri dituzte. Gogorragoa izango da proba.

Bi egunen buruan Igorre eta Asteasu. Helburuak azaltzerik bai?

Asteasun ez dakit ziur zein txirrindulari lehiatuko diren, baina iazko antzekoak izango dira, eta haien atzetik etxeko lehen txirrindularia izatea da helburua, eta haien ondoan ahalik eta denbora gehien irautea. Iaz itzuli bat eta erdi egin nuen haiekin, aurretik ere ibili nintzen, baina gehiegi berotu nintzen. Hotzago jokatu beharko dut, baina ea eusten diedan. Igorrerako, berriz, lehen hogeien artean sartzea da helburua.

Munduko Kopan aritzeko apustua egin duzu denboraldi honetan, eta asko ari zara lehiatzen. Sasoia oso luzea izango den beldurrik bai?

Aurreko denboraldian, udan, gehiago ibili nintzen errepidean. Bost itzulitan parte hartu nuen, eta nekatuta iritsi nintzen Munduko Txapelketara, aurretik Espainiako Txapelketa ere izan genuelako. Sasoi honetan aldatu egin dugu prestaketa, Munduko Kopa geneukalako tartean. Udan itzuliak albo batera utzi genituen, egun bakarreko lehiaketetan parte hartuta. Prestaketan lasaiago goaz, eta denboraldi amaierara indartsu iritsiko garela uste dut.

Munduko Kopako lehen bi proben ondoren, Karrantzan eta Muskizen, garaile izan zinen, eta UCIren sailkapenerako 80 puntu lortu zenituen.

Puntu horiek oso garrantzitsuak izan ziren ondorengo probetan irteeran postu hobea edukitzeko. Orain arte hemen ez da jokatu nazioarteko probarik, eta niretzat ona da aldaketa. Une honetan 32. postuan nago UCIren sailkapenean, baina orain, Igorreko, Asteasuko eta Puente Viesgoko probekin, gora egitea espero dut. Ea berriz ere lehen 25en artean sartzen naizen. Aurreko sasoian Munduko Txapelketan neukan puntu kopuru bera daukat orain, eta hori oso garrantzitsua da irteerarako.

Argiari ilunak jarrita, elkarren aurka aritu zineten lehen proban, Valladoliden, aurre hartu zizun Javier Ruiz de Larrinagak, eta Espainiako Kopako lehen bi probetan ere bai. Buruari buelta asko eman zenizkion?

Valladoliden, agian, bai. Belgikatik bueltan nahiko sasoi onean nengoen, baina ahul sentitu nintzen. Villaralbon, berriz, neure lasterketa egin nuen, eta berak irabazi zuen. Hurrengo asteburuan bai, larunbatean Galizian geneukan proba, eta igandean Asturiasen. Igandekoa irabazi egin nuen, baina larunbatean, Ruiz de Larrinaga eta Suarezekin nindoala, gurpila zulatu, eta hor galdu nuen irabazteko aukera. Baina badakit neurea egiten badut Ruiz de Larrinagak lanak izango dituela niri aurrea hartzeko.

Proba bakarra falta da Espainiako Kopa amaitzeko, eta Ruiz de Larrinaga dago buruan. Alcobendasen irabaziz gero, ordea, Ruiz de Larrinaga bigarren izatera behartuko zenuke.

Argi dago dena alde daukala, baina nik neurea egingo dut. Alcobendasko proba irabazten saiatuko naiz, eta berak bigarren eginda Espainiako Kopa irabazten badu, ez da ezer gertatuko.

Hala ere, porrota litzateke Espainiako Kopa ez irabaztea?

Ez, porrota ez. Txirrindulari gehiago ere badaude, eta haiek ere parte hartzen dute. Argi dago irabaztea dela helburua eta aukera badaukala. Motibazio horrekin joango naiz, eta lasterketaren ondoren aterako ditugu ondorioak.

Munduko Kopako azken proban, Koksijden, lehen 20en artean zindoazela erori egin zinen hondar zatian. Teknikan dago aurrekoekiko aldea?

Sei-zazpi txirrindulariko talde bat dago aurrean, eta horiek alor guztietan dira hobeak. Teknika aldetik, egurra ematen digute; fisiko aldetik ere, oso erritmoa bizia jartzen dute... Ondoren, 16. postura arte, beste talde bat dago; horiek egunaren eta zirkuituaren arabera aurrerago edo atzerago sailkatzen dira. Eta horien atzetik gaude gu.

Igorreko zirkuitua kontuan hartuta, nor da bihar irabazteko faboritoa?

Zirkuitua nahikoa lokaztuta egongo denez, Sven Nys da faboritoa. Ondoen Niels Albert dago, baina buruz ez da indartsuena. Sasoiari lasaiago ekin zion, baina azken probetan ikusi da gainetik dagoela. Bien arteko borroka espero dut Igorren.

Aurreko denboraldian zazpi proba irabazi zenituen, eta sasoi honetan lau garaipen daramatzazu jadanik (Karrantza, Muskiz, Treto eta Navia). Nazioarteko egutegian sartuta, etxeko probetan beste koska bat gora egiteko itxaropenik baduzu?

Bai, bai. Etxean eta etxetik gertu lasterketa asko geratzen dira oraindik: Euskadiko Txapelketa, Ispasterko proba, Espainiako Txapelketa... Nazioarteko probetan eta Munduko Kopan jauzia egitea ondo dago, baina aipatutako proba horiek irabaztea ere bada helburua. Denboraldi honetan etxeko proba asko galduko ditut Munduko Koparen eraginez, baina hemen nagoenean oso garrantzitsua da proba horiek irabaztea.

Goraka-goraka zoaz, baina etorkizunera begira jarrita, zer ikusten da?

Zaila da esatea. Azken hiru urteotan pixkanaka goraka goaz. Denboraldi honetako egutegiarekin gehiago ikasten ari naiz: probetan lasaiago egoteaz gain, esperientzia hartzen ari naiz. Sasoi honetan helburuak bete eta datorrenean gorako bideari eustea da helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.