Denboraldi honetako taldea prestatzerakoan, Realeko kirol arduradunek bi postu utzi zituzten ukitu gabe: atezainena eta euskarriena. Aurreko sasoian, Diego Rivas, Mikel Aranburu, Gorka Elustondo eta Markel Bergara aritu ziren azken postu horretan, eta Lehen Mailan ere laurek osatuko dute zelai erdiko zutabea. Erabaki eztabaidagarria da, askoren ustetan postu horietan egon baitzen joan den sasoian Realak erasoan izan zituen zailtasunen arrazoi nagusia. Hainbatek aipatu zuten, eta aipatzen dute oraindik ere, joko banatzaile baten falta. Egia da taldearen jokoari arintasuna falta izan zitzaiola askotan, baina datuek honako hau diote: Lehen Mailara igo zen Reala, eta Rivas, Aranburu eta Elustondo gehien jokatu zuten hamar jokalarien artean egon ziren, bigarren, bosgarren eta bederatzigarren postuan hurrenez hurren.
Joan den asteartean, ordea, Martin Lasartek oso erabaki arriskutsua hartu zuen: ordura arte txukun jokatzen ari zen bikotea kendu zuen -Rivas eta Aranburu-, eta Elustondok eta Markelek osatutakoa zelairatu. Arriskatsua, hasteko eta behin, elkarrekin ia inoiz ez dutelako jokatu. Azpiko mailetan bai, baina Reala B-n sekulan ez, eta lehen taldean, berriz, oso gutxitan. Rayoren aurka aurreko denboraldian Espainiako Kopan jokatutako neurketa -0-2 galdu zuen Realak- eta Chris Colemanekin jokatutako pare bat dira salbuespen bakarretakoak. Garai hartakoa da Malaga liderraren aurka Anoetan harrobiko hamar jokalarirekin eta batez beste 22,9 urteko adina zuen taldearekin lortutako garaipen itzela. Markel eta Elustondo izan ziren hasierako hamaikakoan.
Bestalde, Lasartek badaki Elustondok kritikak jaso zituela joan den denboraldian. Badaki, askotan defenditu zuelako. Eta jakin beharko luke, era berean, Osasunaren aurka galduz gero, eta gaizki jokatuz gero, Elustondo eta Markel izango zirela seinalatuak, Realeko zaleen multzo batek errudunak bilatzeko joera aseezina duelako eta etxeko jokalarien artean bilatzen dituztelako ia beti. Azken urteetan badaude adibide ugari. Euskarriek berebiziko garrantzia dute futbolean, erasoan zein defentsan. Golak beste batzuek sartzen dituzte askotan, baina haiek desorekatzen dute sarritan partida alde batera edo bestera. Oso zaila da kolpe batean talde bateko bi euskarriak aldatu eta berdin jokatzen jarraitzea.
Beharbada, Rivas edo Aranburu, bietako bat mantentzea zen logikoena, baina Lasarte entrenatzaile ausarta da. Hori ezin zaio ukatu. Asko zuen galtzeko erabaki horrekin, baina baita irabazteko ere. Realak jokalari talde zabala zuela erakusteko aukera ikusi zuen. Elustondo eta Markel dinamikan sartu, eta haien zein taldekideen konfiantza nabarmen indartuko zuen, Realak Osasunari irabazi izan balio. Beharbada, berak ere plantillaren sakontasuna neurtu nahi izan zuen, froga gisa. Hordagoa jo zuen, eta gaizki atera zitzaion apustua. Partida amaieran ez zuen arazorik izan hamaikakoarekin asmatu ez zuela aitortzeko.
Akats larria izango litzateke porrotaren erantzukizuna Markel eta Elustondori leporatzea. Elgoibartarra hobeto aritu zen bigarren zatian, baina aurrenekoan presaka jokatu zuen, eta txartel hori inozo bat atera zioten -gainditu beharreko ikasgai bat du hor-. Beasaindarra, aldiz, gutxi sartu zen jokoan eta bigun aritu zen lehen golan. Bigarren zatian, berriz, ondo iritsi zen areara Raul Tamudok emandako pase batean, baina kendu egin zioten baloia. Oro har, ordea, talde osoa aritu zen gaizki. Lehen jardunaldietako bizitasuna, grina eta gosea galdu zituelako joan zen esku-hutsik Reala. Osasunari erraztasun gehiegi eman zizkiolako. Hori da atera beharreko ondorioa, eta ez Markelek eta Elustondok piperrik balio ez dutela.
Denboraldi erabakigarria
Egia da denboraldi hau oso garrantzitsua izango dela bientzat, eta gazteagoak zirenean ikusten zizkieten dohainak berresteko garaia heldu zaiela. Markelek 24 urte ditu, eta Elustondok, 23. Biek erregularki jokatu zuten Espainiako selekzioarekin azpiko mailetan, eta lesioekin arazo dezente izan dituzte. Duela bi denboraldi, joko bolada gozoan zegoenean, orkatila bihurritu zuen Elustondok. Bizpahiru asteko kontua zirudiena okertuz joan zen, eta belauna bihurritu zuen gero. Urte osoa galdu zuen. Iragan sasoian ere beste orkatila bihurritu zuen. Markelek, berriz, berna-hezurra apurtu zuen duela zenbait urte, baina giharretako lesioak izan ditu batik bat buruhauste.
Aspaldian sortu zuten ikusmina. Markel Jose Mari Amorrorturen garaian hasi zen lehen taldearekin erregularki entrenatzen. Raynald Denoueixen deialdiren batean ere sartu zen. Debuta, ordea, nahi baino askoz ere beranduegi iritsi zitzaion, Eibar eta Vecindarion utzita egon ondoren, Colemanekin hain justu. Elustondori, berriz, Miguel Angel Lotinak eman zion estreinakoz lehen taldean jokatzeko aukera, Celtaren aurka, 2006ko abenduan.
Jokin Aperribai buru duen zuzendaritzak kontratua berritu zien, 2009an. 2013 arte sinatu zuten biek. Eman dutenagatik baino gehiago, eman dezaketenagatik egin zuen Realak haien alde. Markelen zorroztasun taktikoa eta Elustondoren ahala eta gora iristeko gaitasuna kontuan hartzeko moduko ezaugarriak dira. Baina, hainbat arrazoi direla medio, oraindik ezin izan dute finkatzeko moduko mailarik eman. Lehenbailehen saiatu beharko dute helburu hori lortzen, futbol profesionala oso zorrotza delako, aukera mugatuak ematen dituelako, Realak haien laguntza beharko duelako sasoi honetan eta atzetik Alexander Albistegik, Gorka Illarramendik eta Javi Rosek osatzen duten belaunaldi berria aukera eske datorrelako.
Zirt edo zart
Goi mailan finkatzeko erronka gainditu nahi dute Gorka Elustondok eta Markel Bergarak. Bi jokalariok ez zuten ekarpen handirik egin Osasunaren aurka, baina huts larria litzateke haiei leporatzea porrotaren erantzukizuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu