Ez dute inor hil; ez diote inori eraso egin, baina ordaintzen dien klubaren izen ona zikindu dute. Babes amaigabea eskaini dieten zaleen indarra kolpatu. Eta zorretan daude. Klubarekin, zaleekin eta jarraitzaile guztiekin. Arrakastaz arrakasta historian bere lekutxoa egin duen taldeak duintasunez aritu behar duelako jokatzen duen kantxa orotan, eta Fuenlabradan ez zelako duin aritu. Epel, trakets, baldar aritu zen Baskonia jarreraz ligako azken jardunaldian, eta kritika asko eragin dituen egoerari buelta eman nahi dio azkar, kritika horiek zama astunegi bilaka ez daitezen.
Oraindik ulertzen zaila baita taldeak nolatan erakuts dezakeen halako gorabeherarik. Azterketa mordoa egin dira, baita jokalarien aldetik ere, baina haiek ere zailtasun asko izan dute hondamendiaren azalpen garbi eta zintzoak ematerako orduan. Bietako bat: jarrera txar hori zergatik gertatu zen ez dakitelako, edo zergatia jakin bai baina aitortzeko adorerik ez dutelako. «Ez dakit zer gertatzen zaigun. Aurkariak aurrea hartzen digu, urduritu egiten gara, eta minutu pare batean pikutara botatzen dugu partida guztia». Fernando San Emeterioren hitzak dira. «Agian umiltasun apur bat falta zaigu. Beste taldeak gu garaitzeko gai ez direla pentsatzen dugu partida hasiera ona egin eta aurrea hartzen badugu, baina parean ditugun jokalariak ez dira ergelak, eta badakite gu nola mindu». Marcelinho Huertasena da zehaztapena.
Joko antolatzaile brasildarrak Fuenlabradan emandako itxura kaskarrari buelta ematea derrigorrezkotzat jo du. Nola? «Etxean nahiko talde fidagarria gara, eta hurrengo hiru partidak zaleen epelean jokatuko ditugu. Ligan hirugarren postua berreskuratzea da helburua, Cajasoli irabazita, eta hurrengo astean, garaipen horrek emango ligukeen indarra baliatu Maccabiren aurkako bi partidak irabazteko».
Kontuz Cajasolekin
Esatea erraza da, baina egitea ez hainbeste. Cajasol zortzi onenen artean sartzeko borrokan ari da, eta azken bi asteetan atzerapauso nabarmena egin du, jokatutako bi partidak galduta. Trukean, sei norgehiagoka irabazi zituen jarraian azken biak galdu aurretik, eta horri esker igo da bederatzigarren posturaino. Defentsa zorrotza eta erasoko errebotea dira haren baliabide garrantzitsuenak. Horiei esker hartu zuen mendean Baskonia joaneko norgehiagokan (91-71). Orduan istripu txiki bat bezala hartu zena etxetik kanpoko ezina bilakatu da asteen joan-etorrian.
Baskoniako taldean, Pape Sowek ez du jokatuko gaur, eta ez du jokatuko denbora luzean. Biriketan daukan arazoa espero baino larriagoa da, eta Esteban Batistak berandu baino lehen hasi beharko du neurria ematen. Mirza Teletovic eta Stanko Barac nekeak irentsi baino lehen bai, behintzat.
FUENLABRADA-BASKONIA
Txapelketa. ACB Ligako 26. jardunaldia.
Caja Laboral Baskonia. Pau Ribas, Huertas, David Logan, Oleson, San Emeterio, Bjelica, Teletovic, Batista eta Bara.
Cajasol. Calloway, Satoransky, Bullock, Txemi Urtasun, Sastre, Katelinas, Kirksay, Ivanov, Cabanas, Triguero eta Paul Davis.
Sailkapena. Baskonia 4. postuan dago: 15-10 (+109). Cajasol 9. da: 13-12 (+34).
Lekua. Buesa Arena (9.763 ikusle).
Ordua. 20:30 (ETB1).
Zor asko kitatzeko
Baskonia Cajasolen aurka ariko da gaur etxean, eta Fuenlabradan emandako itxura txarrari buelta ematen saiatuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu