Ezbeharrez josia dago Beñat Intxaustiren (Muxika, 1986) denboraldia. Hala eta guztiz ere, Espainiako Vueltan ariko da, atzo Movistarrek bederatziko taldean izango dela baieztatu baitzuen. Aurten, bizkaitarrak denetik sufritu behar izan du: osasun arazoak, lesioak, eta arazo gehien ekarri diona, Xavier Tondoren heriotza. Besteak beste. Arazo hauek jarraian lehiatzea eragotzi dioten arren, Muxikakoak ez du amore eman nahi, eta horren adibide da Espainiako Vueltari baiezkoa eman izana.
Eusebio Unzue Movistarreko managerra bizkaitarra Espainiako Vueltara eraman edo ez zalantzan izan da azken egunotan. Bere egoera fisikoaren zain egon da, estreinako Frantziako Tourreko lehen etapan ukalondoa hautsi baitzuen eroriko batean. Hala ere, itzulian jarraitzea erabaki zuen, baina zortzigarren etapan erretiratu egin zen. Frantziako Tourra utzi behar izan ondoren, ukalondoa sendatu, eta denboraldiko planak aldatu zituen. Ukalondoa ongi sendatzea zen helburua, horrela Espainiako Vueltara joan ahal izateko. Pentsatu eta egin, itzuli handirako entrenatzen hasi zelako. Aste batzuk geroago, Getxoko zirkuituan itzuli zen lehiara, eta geroago, berriz ere erori zen, Burgosko itzuliko bosgarren etapan.
Azken ezbeharrak ondorio fisiko txarrik ekarri ez dion arren, psikologikoki jo du. «Nazkaturik nago, etsipenak jota; nire esku ez dauden gauzak gertatzen ari zaizkit, eta horrek nekatu egiten nau. Maiatzetik burua altxatu nahian aritu naiz, baina beti harri beraren aurka jo dut», aitortu zuen Muxikakoak aurreko larunbatean.
Urtea ez zuen ongi hasi, lehen lasterketan ezin izan baitzuen parte hartu, gripeak jota —Paris Niza—. Ondorengo hilabeteetan ongi aritu zen, Euskal Herriko Itzuliko sailkapen nagusian laugarren postua lortzeraino. Aste batzuk geroago, Fleche-Valonnen, hogeigarren sailkatu zen. Orduan hasi ziren ezbeharrak, maiatz beltzean. Tourrerako prestaketa egitera Sierra Nevadara joana zen, eta Tondorekin entrenatzera joan behar zen egun batean, kataluniarra auto ezbehar bateanhil zen. Intxausti berarekin zegoen. Unzue gaztea animatzen saiatu zen arren, ez zuen lortu; kolpe latzegia izan zen. Ezbehar hartatik aurrera, ez du jarraikortasunik izan, ezin izan dio buelta eman zorigaitzari. Vuelta larunbatean hasiko da, eta hor izango du azken urteko norabidea aldatzeko aukera.
Zorigaitzetik ihesi
Movistarrek baieztatu du Beñat Intxausti Espainiako Vueltan izango dela. Azken unera arte itxaron diote, Frantziako Tourrean eta Burgosko Itzulian izandako erorikoek inongo ondorio txarrik ez dutela izan ikusi arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu