Zorion mingarria

Imanol Magro Eizmendi.
2008ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Gazi gozoa, ez behintzat egun borobila. Oinatz Bengoetxea herenegun, Eibarko Astelenan, finalerdietarako txartela lortu eta hatza pitzatu zuen, zoriona eta mina. Gaitz ezaguna Leitzakoarentzat, binakako txapelketako finalerdietan ere pitzatu zuen hatza, eta minari eutsiz jokatu zuen. Buruz burukoaren Asier Olaizolaren aurkako finalerdia ere jokatuko du, bi aste ditu sendatzeko eta hatzeko babesak egingo du bestea.

Oinatz Bengoetxeak herenegungo partidaren hasieran pitzatu zuen ezker eskuko hatz luzea, sake bat itzultzerakoan. Partidako tentsioarekin eta berotan ez zuen bestelako minik sumatu. Atzo goizean hatza handituta zuela eta minez esnatu zen, eta Asegarceko medikuarengana abiatu zen, Tolosara. Medikuak erradiografia egin eta haustura txikia zuela esan zion leitzarrari. Duela bi hilabete, binakako txapelketako finalerdietan izandako haustura berriz ere ireki zitzaion. Ez da haustura larria, baina bai mingarria, eta Bengoetxea VI.ak manomanistako finalerdiak jokatuko ahal izango ditu.

Leitzar gazteak bi aste ditu sendatzeko, eta on bidean ez luke jokatzeko arazorik izan beharko. Dena den, eta binakakoan egin bezala babes berezia jarriko du hatzean. Babesak plastikozkoak dira eta fisioterapeuta batek neurrira eginikoak. Bengoetxeak binakakoan azaldu zuenez babesa jokaldiak egiteko garaian nabaritzen du gehien, hatz luzearekin ematen baitio norabidea pilotari. Zorte txarra izan badu ere okerragoa ere izan zitekeen, haustura handiagoa izan balitz buruz burukoaren finalerdietan ezingo lukeelako atzerapenik eskatu.

Medikuak albiste txarra eman zion arren, leitzar gaztea pozik eta itxaropentsu ageri zen atzo. «Lorturikoa izugarria da, ustekabe handia, orain finala da helburua; baina hurrengo partida ez da erraza izango, Olaizola I.a sasoi bikainean baitago». Herenegungo partidaz umil hitz egin zuen, baina bere buruaren aldarri txikia eginez. «Olaizola II.ak ahal duen bezain ondo ez zuela jokatu badakit, baina nik ere meritu pixka bat izan nuen. Gauzak garbi nituen, banekien nola jokatu eta hori oso garrantzitsua izan zen». Leitzarrak partida bikaina egin zuen, profesionaletara igaro zenetik buruz buru jokaturiko onena. 7-0 galtzen hasi arren ez zuen amore eman eta errematean nabarmendu zen bereziki. Harmailetan ere egon zen bera adina poztu zenik, apustuzale batek bere alde egin baitzuen apustuak 1000-20ri aurka zituenean.

Oinatz Bengoetxeak eta Asier Olaizolak ustekabeko finalerdia jokatuko dute, eta Asegarcek pilotari bat ziurtatu du finalean. Biak ezustean sailkatu dira finalerdietarako txapelketa hasi aurretik inork ez baitzituen faboritoen multzoan sartzen. Bi aste barrukoa buruz buruko txapelketako lehen finalerdia izango da bientzat, baita elkarren aurka buruz buru jokatuko duten aurreneko aldia ere. Biek gainera zerrendaburu bana kanporatu dute, eta heldu den urtean final-laurdenetan ekingo diote txapelketari. Era berean, aurtengoa azken urteetan aurreko txapelduna final-laurdenetan kanporatzen hirugarren aldia izan da. Iaz Barriolak Irujori irabazi zion (22-20), eta 2004ean Xalak Ruizi (22-8).

Final-laurdenetako beste bi partidak heldu den asteburuan jokatuko dira. Larunbatean Sebas Gonzalezek txapelketako aurreneko partida jokatuko du Juan Martinez Irujoren aurka, Donostian. Bihar aukeratuko dituzte pilotak eta kantxako sarrerek 50 euro balioko dituzte. Barriolak eta Ruizek, berriz, igandean jokatuko dute, Eibarren, eta etzi egingo dute aukeraketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.