Zorrotza

2008ko Tourra aurkeztu dute, eta bihurria da oso; mendiko etapa zailak ditu eta erlojupeko gutxi. Zein talde ariko diren ez dute esan, baina bai pasaporte biologikoa duten txirrindulariak soilik onartuko dituztela.

Andoni Urbistondo.
2007ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Zorrotza dator Tourra. Zorrotza dator, parte hartzeko arauei dagokionez. Ibilbidea ez dator. Hor dago, eta hori ere zorrotza izango da. Zorrotza, bihurria eta gaiztoa. Ereduari dagokionez, berri samarra ere bai. Aitzin-etaparik ez delako jokatuko, batez ere. Aitzin-etapa Tourreko tradizioaren ikurra bilakatu da urteen joan-etorrian. Ez alferrik, Tourra diziplina berezi horrekin hasi baita azken 40 urteetan. 1967a izan zen aitzin-etaparik gabe hasi zen azken Tourra. Gainsarien berrikuntza ere nabarmentzeko modukoa da. Heldu den urteko Tourrean ez da gainsaririk emango helmugetan. Ez tarteko helmugetan, ezta Tourreko lehen erdian ere, orain arte bezala. Horrek lehen etapetako arriskua handitu dezake, maillot horia lortzeko borroka areagotuko duelako.

Gainsariak kendu izanak lotura zuzena dauka ibilbidearekin. Jakina da Tourreko lehen erdia, edo lehen sei-zortzi etapak, aspergarri samarrak izaten direla. Esprinta esprintari, etapa ehiztariak ahalegin antzuan, erorketak, biribilgune arriskutsuak... 95. ekitaldian laugarren etapan hautsiko da monotonia, antolatzaileek 29 kilometroko erlojupekoa prestatu baitute Cholet hirian, sailkapen nagusian lehen tarteak irekitzeko eta txirrindulariak lasaitzeko.

Bresten hasiko da, Bretainian, eta Pirinioetara iritsi aurretik Erdialdeko Mendigunetik pasatuko da Tourra. Probaren interesa handituko du horrek, eskualde horretan usu gertatzen direlako espero ez diren gauzak. Seigarren saioa Super Besse eski estazioan bukatuko da, eta zazpigarrena ere gorabeheratsua da.

Pirinioak bi egunetan pasatuko dira, eta Parisera joandako txirrindulariek lehen batean han kontu gutxi argituko direla iritzi badiote ere, bestelakoa ere gerta daiteke. Okzitaniako Tolosan hasi eta Bagneres de Bigorren bukatu, 222 kilometro ditu 9. etapak, eta Peyresourde eta Aspin bata bestearen atzetik. Etapa luzea da oso, eta horrek min egin dezake. Biharamunean guztiz kontrakoa gertatuko da. Etapa laburra, 154 kilometrokoa, baina bezperakoa baino gogorragoa. Tourmalet mitikora igoko dira aurrena, La Mongie aldetik, alde gogorrenetik, eta Luz Saint Sauveurreko haranean behera egin ondoren Hautacamera igoko dira.

Euskaldunontzat oroitzapen oneko mendia da Hautacam. Garaipen handia lortu zuen han Javier Otxoa bizkaitarrak, 2000. urtean. Orduz geroztik Tourra ez da berriro Hautacamera igo. Hautacam mendate tentea da benetan. 13,5 kilometro da luze, eta batez bestekoa %8koa da ia. Pirinioetako hirugarrena Foix hirian bukatuko da, baina ez da erabakigarria izango.

Pirinioetatik Alpeetarainoko trantsizioa hegazkinean edo trenean egin izan du Tourrak, baina 2008ko Tourrak berrikuntzarik ere badauka alor horretan. Bi mendikate nagusiak etapen bitartez lotuko dira, Narbona, Nimes eta Digne-les Bains hiriak geltoki gisa erabilita. Tarte horri ekin aurretik lehen atseden eguna egingo du Tourrak Biarnoko hiriburuan, Pauen.



ALPEAK, OSO GOGORRAK. Tourra Italian sartuko da Alpeetako lehen etapan. Prato Nevoso mendatean bukatuko da, 216 kilometroko bidea egin ondoren. Prato Nevoso 11 kilometroko aldapa luzea da, eta %7,1eko batez besteko desnibela du. Aurretik ez dago mendate gogorrik, eta horixe da Alpeetako lehen saioaren gabezia garrantzitsuena. Izan ere, lehen saio hori gogor-gogorra izango balitz, tropel erdia Parisera iritsi aurretik erretiratuko litzateke, batez ere Alpeetako beste bi etapak oso gogorrak direlako. Aurrez bigarren atseden eguna beteko da, Cuneon, Italian, Alpeen altzoan.

Frantziara buelta orain arte inoiz igo ez diren mendate bat zeharkatuz egingo dute: Col de la Lombarde. 2.351 metroko garaiera dauka, eta 20 kilometro pasatxoko malda. www.letour.fr webgunearen arabera, 21,2 kilometrotan %7ko aldapa du. Mendate gogorra da hori. Zer esan Col de La Lombarde jaitsi ondoren igoko duten Bonette-Restefondsi buruz? Europan igo eta jaits daitekeen mendaterik garaiena dela, 2.802 metrorekin -Espainiako Veleta mendatea gorago igotzen da, baina isuri bakarreko mendatea da-. Desnibelari erreparatu, eta Bonette ez da mendate gogorra. %6,2ko desnibela dauka, baina oso gora igotzen da. 15 kilometro ditu ia 2.000 metrotik gora, eta hori ordubete inguruko tartea da, birikei muturreko ahalegina eskatzen oxigeno falta nabaria dela. Gainetik 24 kilometroko jaitsiera arriskutsua dago Jausiers arte, helmugaraino.

17. etapa izango da 2008ko Tourreko gogorrena. Embrunen hasi eta L'Alpe d'Huezen bukatu, hiru mendate mitikotara igoko dira bata bestearen atzetik: Galibier (Lautaretetik), Croix de Fer eta azkenekoa, Alpe d'Huez. 210 kilometrokoa da etapa eta gorantz 65 egingo dituzte. Pilatutako desnibela ere aintzat hartzeko modukoa da: 3.800 metro.

Hainbeste mendi, erlojupekoak noiz jokatuko diren esatea ere komenigarria da. Komenigarria bai, baina, txirrindularien beraien esanak entzunda, ez dira erabakigarriak izango eta 2008ko Tourra igotzaileren batek poltsikoratuko du normalean. Choletekoa laburra da, eta bigarrena, askozaz luzeagoa, 53 kilometrokoa, baina Tourra bukatu bezperan kokatu dute antolatzaileek, eta ordurako garailea eta podiuma zein izango diren erabakita egongo da, okerrik ezean. Dagoeneko jakina da itzuli handietako bigarren erlojupeko luzean espezialistak direnen eta ez direnen arteko aldea txikitu egiten dela.



PASAPORTE BIOLOGIKOA. Ibilbidea zen, ustez, aurkezpeneko kontu erakargarriena, baina Tourreko ugazabak dopin aferei ere garrantzi handia eman nahi izan zien. Christian Preudhommek pasaporte biologikoaren aldeko apustua egin zuen, eta pasaporte hori ez daukan txirrindularirik ez dutela onartuko ohartarazi. Tourrak zein talde onartuko dituen eta zein ez erabakitzeko erabiliko duen neurriaren berri ematea ere espero zen, baina ez zuen xehetasunik eman. Itxaron egin beharko da Tourra zein taldek korrituko duten jakin arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.