Egoera jakin batzuetan. Betiko esaldiak ugari dira futbolaren munduan, eta betiko hitzak ere badirela esan behar. Adibidez, zorte hitza noiznahi eta nonahi erabiltzen da. Igandean, Mendilibarrek bota zuen, eta baita Pepe Melek ere, Betiseko entrenatzaileak. Realaren jiran ere entzuten ari da, azken unean partida iraultzeagatik. Zorte ona eta txarra dagoenik ukatu gabe, iruditzen zait egoera jakin batzuk gertatzen direnean gehiegitan erabiltzen dela zortearen kontua. Esate baterako, norgehiagokari azken unean buelta emateagatik, edota azken jokaldian garaipeneko gola sartzeagatik. Eta zortea baino gehiago egoten dela ahaztu egiten da.
Teknikari omenaldia (I). Zorte ona al da Velak jaurtiketa zailenetako bat bikain gauzatzeko trebetasuna edukitzea? Zortea lagun izan al zuen Ifranek buruz burukoan Demichelis atzelaria atzean uzteko? Zorteaz jardun eta jardun, jokalariei meritua kentzen zaie. Realeko bi aurrelari horien lan bikaina goraipatu ordez, zorte onaren miraria dela esaten ari dira zenbait. Hori bai, Realari sartu izan balizkiote bi gol horiek, atzelariak bigunak eta makalak direla esaten ariko ziren batzuk. Bigunak, jaurtiketa zaila behar bezala ez oztopotzeagatik; eta makalak, buruz burukoan oso erraz gainditua izateagatik.
Teknikari omenaldia (eta II). Sekulako gola sartu zuen Nekunamek azken segundoan. Falta aldekoa ederki baliatu zuen. Baloiari bikain jo zion. Aukera zailena egin zuen. Izan ere, atezaina zegoen lekura botatzea erabaki zuen. Halakoetan, irandarrak astindu zuen bezala astindu behar da baloia. Oinaren barrualdearekin eta oinaren gainaldearekin eman behar zaio baloiari, bi lekuak uztartuz. Erakustaldia eman zuen Osasunakoak. Erakutsi beharko litzaieke haurrei nola ukitu zuen baloia. Zortea aipatzen den lekuetan, nik nahiago maisulana izan zela esan.
Ez etsitzeagatik. Burua ez badabil, gorputzeko beste edozein atal ere ez. Futbolean, hankak eta oinak egon ez balira bezala geratzen dira. Aldiz, burua ondo badago, indartsu eta konfiantzarekin, lasterka erraz egiten du jokalariak, borrokatu ere bai, eta baloia lagun izaten da etsai izan beharrean. Realak ez zuen etsi galtzen hasi zenean, eta azken minutuetan irauli egin zuen emaitza okerra. Tarte horretan, bere zelaiaren atzeko zuloan sartu zuen Malaga. Erakutsi egin zion aurkariari lehia irabaztera zihoala. Bazen garaia Realak halako zerbait erakustekoa. Ez baita ohikoa izaten taldeak emaitzak iraultzea. Gogoa eta grina erakutsi zuten jokalariek azken minutuetan, eta saria jaso. Partida osoan ere lehiatu egin ziren, eta horixe da talde bati eska dakiokeen oinarrizko ezaugarria. Gero, irabazi, berdindu edo galdu egingo da, baina lehiatu, beti lehiatu behar da. Burua ahul denean ere bai. Azken bi emaitza onez haratago, eta sei puntuek sortzen duten euforiaz urrunago, lehiarako beste zerbait erakutsi du taldeak bi aste hauetan. Hori da bidea. Itxuraz, ez da Martin Lasarte motibatzaile on bakarra.
Misterioa. Mendilibarrek zortea erabili zuen Betisen aurkako garaipena azaltzeko. Santuak ere hizpidera ekarri zituen. Betisek zapaldu egin zituela ere bota zuen, bigarren zatiko lana epaitzean. Gertatzen dira halakoak noizbait, eta hor azaltzen dira batzuetan atezainak, taldeari hauspoa emateko. Andres Fernandez izan zen Osasunaren santua herenegun. Gelditu zituen gelditu beharrekoak eta geratzen zailak direnak, eta taldeari eutsi zion. Ondo jokatu gabe hiru puntu batu zituen taldeak. Gertatzen dira horrelakoak ere batzuetan. Eta halakoetan, sailkapenaren behealdean denak goialdean dagoenak baino hobeto jokatu arren, goikoak irabazten du gehienetan. Kalitateaz mozorrotu ohi dira halako egoerak, baina hari horri tiraka, ez dut uste Osasunaren eta Betisen arteko bereizgarria hori denik. Misterio puntua daukate egoera horiek. Osasuna behean egon bazen eta Betis goian, ez harritu Betisek egitea Osasunak egin zuena. Misterio kutsu horri ere zortea esaten diote bazterretan. Azalpenik ez duten gauzak azaltzeko ere, betiko hitzetara jotzen delako futbolean.
Aulkitik begira
Zortea baino gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu