Lau t'erdiko txapelketa ostiralean hasiko da, Mikel Urrutikoetxea eta Ekaitz Saralegiren arteko partidarekin. Eguna eta pilotalekua jakina zen, baina partida ez, lehen kanporaketak gaur goizean erabaki baitira zozketa bidez. Zozketa apetatsua izan da, besteak beste Joseba Ezkurdiak eta Aitor Mendizabalek elkarren aurka jokatuko dutelako igandean Eibarren. Pasa den astean Aspeko atariko kanporaketa bat jokatu zuten elkarren aurka, eta Mendizabalek irabazi zuen (22-10). Aspek, baina, Ezkurdia berriz sartu du txapelketan Gonzalezen ordez.
Jakina zen txapelketak iazkoaren diseinu bera izango zuela, eta ligaxkak finalerdietan hasiko dira. Lehen multzoan Olaizola II.a eta Irujo aurkari zain daude; bigarren multzoan, berriz, Bengoetxea VI.a eta Arretxe II.a —Berasaluze II.aren ordez— daude sailkatuta. Nabarmentzekoa da ere Titin III.aren azken txapelketa dela.
Kanporaketako lau adarrak horrela gelditu dira:
A adarra: Mendizabal III.a / Ezkurdia, igandean Eibarren. Irabazlea Retegi Biren aurka, eta irabazlea final-laurdenetako lehen multzoan sartuko da.
B adarra: Elezkano II.a / Olaetxea, igandean Zaratamon. Irabazlea Xalaren aurka, eta irabazlea final-laurdenetako lehen multzoan sartuko da.
C adarra: Idoate / Jaunarena, igandean Eibarren. Irabazlea Barriolaren aurka, eta irabazlea final-laurdenetako bigarren multzoan sartuko da.
D adarra: Urrutikoetxea / Saralegi, ostiralean Balmasedan. Irabazlea Titin III.a aurka, eta irabazlea final-laurdenetako bigarren multzoan sartuko da.
Final-laurdenetako ligaxka azaroaren 3tik 17ra jokatuko dira. Finalerdiak azaroaren 24ko asteburuan, eta finala, abenduaren 8an, zehazteke dagoen pilotaleku batean.