Iraupena. 1.10.30.
Pilotakadak. 584.
Saketik. Xalak bi eta bi falta; Lasak hiru.
Markagailua. 0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 4-2, 4-4, 4-6, 6-6, 7-6, 7-7, 8-7, 8-8, 9-8, 9-9, 9-11, 10-11 10-14, 11-14, 11-20, 12-20 eta 12-22.
Bestelakoak. 400 ikusletik gora Tolosako Beotibar pilotalekuan. Apustuak 100-80ri irten ziren gorrien alde.
Aitor Zubietak gogotsu ekin dio binakako txapelketari, eta haren eskutik, Aritz Lasak tokia merezi duela erakutsi zuen atzo Tolosan, bai behintzat beti hala jokatzen badu. Biek ondo hartu zuten elkar, eta Xala eta Laskurain baino askoz gehiago izan ziren, partidaren erdialdetik aurrera bereziki. Pilotak asko moteldu zirenean aurkariak baino hobeto egokitu ziren, eta Lasak ondo baliatu zuen atzelariaren joa. Nabarmentzekoa Urretxuko aurrelariak Xalaren aurrean defentsan eginiko lana ere. Hamalau partida izango dira ligaxkan, maratoia, baina lehen puntua goiz lortzeak beti ematen du lasaitasuna.
Bi zati izan zituen partidak. Aurrenekoa, orekatua. Bederatzinakoa partidako zazpigarren berdinketa izan zen. Huts asko egin zituzten, tartean Xalak luzeegi ateratako bi sakeak. Lasak ere ez zion oso ondo ekin bideari. Atzean Zubieta gehiago zen, baina Laskurainek oso ondo eutsi zion piloteoan. Herenegungo partida eskasa gogora etorri zitzaien Beotibarreko harmailetako ikusleei.
Hortik aurrera gorriek tartea ireki zuten. Zubietaren agintea nabarmenduz joan zen, eta Xala partidatik irten zen. Etxarriko atzelaria izan da txapelketako lehen jardunaldian gehien nabarmendu den pilotaria. Buruz buruko txapeldunak, berriz, ez zuen bere eguna izan, eta ez zion askorik lagundu Laskuraini. Ezinak eta pilota motelek haren atsekabea azaleratu zuten (10-13).
Xalaren haserrealdia
Xalak berarengan ohikoa ez den ikuskizun tristea eman zuen 10-14ko tantoa egin zietenean. Lasak paretan luze jotako pilotakadara ez zen iritsi, ezin izan zuelako saihestu Urretxuko aurrelaria. Lasak berak onartu zuen «buelta eman zitekeela», baina epaileari ez zitzaion hala iruditu. Xala, haserre, epaileari modu txarrean oldartu zitzaion azalpen eske, bultzada txikia emanez. Gero, ostikoa jo zion aulki bati, eta, azkenik, pilota frontisera harrika bota zuen hamargarren koadrotik. Ikusleek bere jarrera aurpegiratu zioten eta ozen egin zioten txistu.
Xala ezinean zebilen. Pilotak asko moteldu ziren, eta Lasa eta Zubietari egiten zioten mesede. Airez sartuta ezin zuen tantoa egin, eta asmatu zuenean Lasak ondo bueltatu zion. Urdinak hobeto moldatu ziren piloteo gogorretan, eta Lasak tanto dotoreak lortu zituen. Azken txanpan luzimendurako aukera izan zuen, binakako txapelketako bere lehen partida ez balitz bezala. Hark jaso zuen txalo gehien. Partidaren ondoren Xalak gogor kritikatu zituen pilotak: «Txapelketakoak bainoago, entrenatzeko pilotak ziruditen. Berehala higatu dira. Patata horiekin ezin da minik egin erasoan».
Bestalde, Sebastian Gonzalezek prentsaurreko bat antolatu du gaurko Irunen —Xalak ekainean aukeraturiko hotel berean—, binakako txapelketatik kanpo gelditzeagatik sorturiko ika-mikaz mintzatzeko. Enpresak zabaldu du deialdia. Beraz, litekeena da barkamena eskatzeko izatea.
Xala-Laskurain 12. Aritz Lasa-Zubieta 22
Zubieta, turroi gogorra
Etxarriko atzelariak agindu du Tolosan, eta Aritz Lasak oso itxura ona emanez eskertu du kidearen lana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu