Aitor Zubietak asteburuan erabakiko du heldu den asteazkeneko Mungiako binakako txapelketako partida jokatuko duen ala ez. Eskuin eskua oso mindua zuela bukatu zuen duela bi asteko partida, eta oraindik ez daki garaiz sendatuko zaion. Hanturak behera egin dio, baina pilota bigunarekin bakarrik probatu du orain arte. Masajistak pilota gogorrarekin probatzeko baimena noiz emango zain dago Etxarriko atzelaria. Ondo bidean, asteburuan egin beharko luke proba, eta horren arabera erabaki. Ezingo balu jokatu, litekeena da Pascualek betetzea haren tokia.
Aspek beste bi atzelari zituen min txikiekin: Merino II.a eta Laskurain. Eta biak jokatzeko moduan egongo dira. Errioxarrak eskuko mina zuen, baina bi astez gelditzeak mesede egin dio, eta arazorik gabe jokatuko du igandean, Logroñon. Aurrean izango du Laskurain, hura ere osatu baita. Soraluzekoak ipurmasaileko giharreko arazoekin bukatu zituen azken bi partidak, baina hari ere on egin dio gelditzeak.
Bestalde, Enpresen Ligak hurrengo astetik aurrera jokatuko diren binakako txapelketako partida batzuk aldatu ditu. Hala, Arretxe II.a-Beginoren eta Xala-Laskurainen artekoa hilaren 20n jokatuko da, Azpeitian. Titin-Merino II.aren eta Bengoetxea VI.a-Apraizen artekoa 21ean jokatuko da, Logroñon. Bi aste barrukoei dagokienez, Bengoetxea VI.a-Apraizen eta Irujo-Barriolaren artekoa 28an jokatuko da, Iruñean; eta hurrengo egunean, Titin-Merino II.ak eta Berasaluze VIII.a-Albisuk Bilbon neurtuko dituzte indarrak.
Zubietak aste bukaeran erabakiko du binakako partida jokatuko duen
Merino II.ak eta Laskurainek hobera egin dute, eta arazorik gabe itzuliko dira txapelketako ligaxkara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu