Herenegun gaueko poza barneratu, eta Miribillako festa ospatzeko irrikan daude Bilbo Basketeko jokalariak, baina ez dute halako mezurik zabaldu, oso bestelakoa baizik. Zuhurtzia dute ikur Bilbo aldean, Valentzian lortutako garaipena oso garrantzitsua dela jakinda ere. Errespetu handia diote aurkariari, banakoa lortzeko gai dela jakitun. Bilbo Basketek dena edo ia dena egin zuen ondo herenegun, eta Valentziak ez dio hainbeste erraztasunik emango gaur eguerdian.
Era berean mintzatu da Fotis Katsikaris, eta ez du batere handiusterik erakutsi: «Valentzia da faboritoa oraindik, eta oso lehia gogorra espero dugu Miribillan». Ostiraleko partida bukatuta, liga erregularrean Valentzian galdutako partida goitik behera aztertu zuela esan zuen greziarrak, eta horri esker irabazi ahal izan zutela: «Orduan beldurtuta bezala kantxaratu ginen, ardiek otsoekin jokatzen duten bezala, eta jarrera aldatzeko eskatu nien jokalariei, ez garela ardiak, ezin dugula beldurrarekin jokatu».
Valentziak bere defentsa jokoa gehiago gogortzea da Katsikarisen beldur handiena. Zehatzago, etorriko den ahalegin horri irtenbideak bilatzea, lehen partidan taldeak egin zuen bezala. Pentsatzekoa da Bilbo Basketek ez duela bi egun atzera erakutsitako joko alairik egingo, hala egiten badu Valentziak oporrak hartuko dituelako. 23 asistentzia eman zituen Bilboko taldeak, eta oso zaila izango da kopuru hori berdintzea.
Valentziak bost aldiz izan du irabazteko beharra sasoi honetan, eta lautan garaipena lortu du. Une kritikoetan erantzuna ematen duen taldea dela erakusten du estatistika horrek, eta konfiantzarik gabe aritu behar dela kantxan. Hernandez-Sonseca eta Axel Hervelle funtsezkoak izan ziren garaipenean, aulkitik kantxaratu eta puntu asko egin zituztelako. Gaur zailtasun gehiago izango dituzte biek, eta Hernandez-Sonsecaren parte hartzea ez da ziurra, kolpe mingarria daukalako orkatilean.
Taldeko zuzendaritzak dei berezia egin die zaleei, Miribillara garaiz joan eta taldea hauspotzeko. Hirutan jokatu ditu kanporaketak Bilbo Basketek, eta azken laurdenak gainditzeko lehen aukera da gaurkoa.
Zuhurtzia ikur hartuta
Finalerdiak eskura ditu Bilbo Basketek, baina ez du sobera puztu nahi, Valentziaren indarraren jakitun (ETB, 12:15)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu