Zuk lautik, eta nik bitik

Binakakoaren lehen lau partidak galdu ondoren, Gonzalezek eta Laskurainek hiru garaipen lortu dituzte jarraian. Biek zuzenketa taktikoak jo dituzte hobekuntzaren arrazoi nagusitzat.

Imanol Magro Eizmendi.
Zestoa
2011ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Aldartea aldatu zaie azken asteetan, eta irribarrea ezpainetan dutela eta pazientzia handiz sinatu dizkiete autografoak Zestoako pilotalekuan bildu diren umeei. Sebastian Gonzalez eta Aritz Laskurain dira. Txapelketako lehen lau partidak galdu ondoren azken hirurak irabazi dituzte, eta buru belarri sartu dira lehian. «Pixka bat larrituta geunden, normala da», azaldu du Azkainekoak, «baina hedabideek zirudiena baino larriagoa irudikatzen zuten. Ondo zaudenean onena zara, eta gaizki bazaude txarrena. Orain, berriz, bost onenen artean gaude, eta kazetariak zer gertatu den galdetzera datoz».

Kazetariaren larruan jarri da Azkainekoa, eta Laskurainek erantzun du. «Galduriko partidetan, emaitzek baino, ematen ari ginen itxurak arduratzen ninduen, baina gure buruan sinesten jarraitzen genuen. Azken hiru partidetan biok jokatu dugu ondo, bikote lan hobea egin dugu». Azalpena zehaztean, Soraluzekoak arlo taktikoan eta fisikoan izandako hobekuntza nabarmendu du. «Pazientziaz jokatu behar dugu, lautik airez sartuz gero kontrarioari pilota utz diezaiokezu, eta gero ni errekadista ibili behar naiz. Bikote guztieetan atzelariak hartzen du pisua, eta lauan pilota ona badago, ni sartu behar naiz. Hala, agian, pilotakada gehiago joko ditugu, baina hobeto doazkigu gauzak».

Kokapenak zehazten hasita, Laskurainek uste du kideak ere haren jokoa apur bat aldatu duela. «Sebas errematatzailea da, eta errematatzaileak bigarren koadrotik sartzen dira. Lehengo pilotekin lautik min egin zitekeen, baina hauekin ez. Gainera ez dugu askorik berba egin behar izan, ondo ezagutzen dugu elkar; komunikazio ona dugu, eta iaz antzeko zerbait pasa zitzaigun».Hitzez gain, elkarrekin eginiko saio batzuk oso baliagarriak izan dira Gonzalezen iritziz. «Urtean, txapelketa ezberdinak direla-eta, ez dugu elkarrekin entrenatzeko aukera askorik izan, eta hala bikote bezala ulertzea zaila da. Azken egunetan, berriz, entrenamendu tekniko batzuk egin ditugu, eta nabaritu ditugu. Orain, gainera, bioi ondo doakigun tarteko pilota bat aurkitu dugu».

Arazoak konpontzeko lehen pausoa diagnosi egokia egitea da, eta atzera begira jarrita, biek antzeko arrazoiak dituzte txapelketa hasiera kaskarra azaltzeko. Laskurainek azaldu du: «Sebas ondo hasi zen, baina lehen bi partidetan ni fisikoki apur bat justu nenbilen, eta bukaeretan behera egin nuen. Hurrengo bietan, berriz, Sebas ez zen ondo ibili, irabazteko beharrarengatik. Azken hiru partidetan, berriz, biok ondo aritu gara». Gonzalezen teoria ia mimetikoa da, eta oso autokritikoa. «Galduriko azken bi partidetan nik oso gaizki jokatu nuen, eta aurrekoetan biak ez geunden oso ondo fisikoki. Orain, berriz, dena aldatu da, eta hilabete bat dugu».

Baikor dira

Iaz txapeldunorde izan ziren gaizki hasi ondoren, eta egungo egoeran baikorrak dira. «Lau partida galdu ondoren baikorrak baginen, nola ez gara, bada, orain ere izango», onartu du Laskurainek. Ez ditu bere kalkuluak zeintzuk diren azaldu, baina itxaropentsu dago. «Gure esku dago, eta horregatik naiz baikorra». Lehen fasea bukatu aurretik Asegarceko lau bikoteen aurka jokatu behar dute, eta Gonzalezen ustez ia laurak irabaztera behartuta daude. «Bikote asko gaude hor sartuta, eta denok uste dugu sar gaitezkeela. Zazpi garaipenekin sailkatuko gara, baina agian sei eta tanto kopuru ona aski izan daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.