Zulo potoloa

Lagun Arok lau jokalariko sorta du saskipean, baina haien zenbakiak apalak dira oso. Adeleke eta Loranten parte hartzea anekdotikoa da ia-ia.

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Potoloen zuloa ere izan zitekeen lerroburua. Saskibaloian jokalari handiei, saskipeko jokalari garaiei esaten zaie potoloak. Lagun Arok zulo handi-handia daukan gunean, hain zuzen ere. Sei partida jokatu, eta bost galdu ditu Donostiako taldeak, eta bistan da taldeak dituen lau piboteko sortak apenas lagundu duela emaitza onak lortzen. Are gehiago, haien zenbaki pobreak zama astuna bilakatu dira. Ez dira errudun bakarrak, baina eragin handia dute.

David Doblas, Andrew Betts, Kenny Adeleke eta Peter Lorant dira lau pibotak. Lehen biek eskarmentua dute ligan, eta pieza garrantzitsuak izan beharko lukete taldean, baina ez dira. Doblasek ditu zenbaki onenak, baina joan den sasoikoak baino nabarmen okerragoak dira. Zazpi puntu eta hiru errebote lortzen ditu batez besteko, baina partida on bakarra egin du: Zaragozan. Faltekin arazo asko izan ohi ditu espainiarrak, eta arazo hori konpondu ezinik segitzen du. Bettsek ere ez du eman harengandik espero zena. Azken orduan fitxatu zuten, eta fisikoki ez zen sasoi on-onean etorri, baina lehiaketako lehen hilabetea joan da, eta 3,5 puntu eta 4,2 erreboteko batez bestekoarekin jarraitzen du.

Beste bikotearen jarduna txarragoa da. Adelekeren kasuan, hala espero zen, azken orduan iritsi zelako, Alexis Ajincak baietz esan eta bere konpromisoa hautsi ondoren. Esku-hutsik geratu ziren Lagun Aroko teknikariak, merkatua itxita zegoela, eta nahi zutena ez, ahal izan zutena fitxatu zuten. Lehen sei jardunaldiek, dena den, agerian utzi dute Adelekek borondatea daukala soberan, baina talentuz oso urria dela. Loranten kasua harrigarriagoa da. Urrezko LEB ligan 11 puntu eta bost errebote lortu zituen partidako, baina garesti ordaintzen ari da txapelketa gogorrago batera ohitzeak daraman zama. Ez du apenas talde jokoan parte hartzen, eta haren batez besteko balorazioa txarra da: bi.

Lehen hilabetean Pankok, Vidalek eta Raul Netok hartu dute taldearen ardura erasoan, eta bistakoa izan da pibotek ez dutela luzitzeko aukera asko. Doblas ondo moldatu izan da orain arte bizkarreko jokoan. Pisua galdu zuenetik, azkar samar mugitzen da pareko handien aurka, baina sei partidetan apenas izan duen jokaldi hori egiteko aukerarik. Antzekoa esan liteke Bettsen kasuan, haren 217 zentimetroei etekina ateratzen saiatzea logikoa badirudi ere. Taldekideek pibotekin ez dutelako jokatzen gerta liteke hori, edo Sito Alonsok beste lan batzuk garrantzitsuagoak direla pentsatzen duelako. Jaurtitzaileentzat blokeo onak egin, adibidez, edo erasoko errebotea indartsu kargatzea.

Ez batean, ez bestean, Doblas eta Betts ez dabiltza fin. Valentziaren aurka inbidia sanoa eragiten zuen Listxukek, Ogilvyk eta Faveranik Rafa Martinez, Markovic edo De Colorentzat ze blokeo onak egiten zituzten. Kantxaren bestaldean, ero baten moduan korritzen zuen Jimmy Baronek, baina Martinez gain-gainean zuen beti, Bettsen blokeoak erraz gainditzen zituelako. Erreboteetan ere eskasak dira Doblas eta Bettsen zenbakiak. Hiru eta lau alderatze, eskolta edo hegalekoek lortu ohi dituzten zenbakiak.

Kontuz Doellmannekin

Taldeak ez dauka aldaketarik egiteko asmorik, baina emaitzek erabaki hori alda dezakete. Onartu beharra dago Iaroslav Koroleven lesioak ere kolpe handia eman ziola taldeari, baina pibot sortak gaur daukan errendimenduarekin ezin da urrunegi iritsi, eta aldaketak, egitekotan, Gabonak baino lehenago egin behar dira. Ondoren, berandu izan liteke.

Iluntzean azterketa zaila izanen du laukoteak. Manresak ligako pibot onenetakoa dauka, Justin Doellmann, eta Josh Asselin eta Kieron Achara ere zenbaki politak lortzen ari dira. Doellmann hamasei puntu eta bost errebote lortzen ari, da batez beste. Asselin 11 puntu eta bost errebotetan dabil, eta Acharak ere Lagun Aroko pibot guztiek baino zenbaki hobeak ditu: zazpi puntu eta hiru errebote. Kontuz ibiltzeko moduko hirukotea. Erreibindikatzeko aukera ezin hobea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.