FUTBOLA-LEHEN MAILA

Zuloa, sakonagoa

Reala lehen zatian aurreratu den arren, Kordobak lehia berdindu du 87. minutuan. Jagoba Arrasateren jarraipena kolokan egon daiteke

Ghilas, Kordobakoa, baloiarekin. Alboan, Zurutuza. R. A./EFE
jon eskudero
2014ko urriaren 26a
00:10
Entzun

Lehengo lepotik burua. Berriro ere garaipena dastatzear egon, eta zapore gaziarekin konformatu behar. Realak berdinketa soila lortu zuen atzo Kordobaren zelaian. Soila, bai. Kasik partida osoan zehar aurretik joan arren, hiru puntuak eskuratzeko gaitasunik ez baitzuten erakutsi txuri-urdinek. Getaferen kontra gertatu bezala, azken minutuetan atzean sartu, eta aldeari eutsi ezinda geratu ziren. Hala, kolpe galanta jaso zuten. Izugarria. Puntu eskas horrekin, itota jarraitzen du Jagoba Arrasateren taldeak, eta entrenatzailearen beraren jarraipena ere kolokan egon daiteke datorren astean.
Gola. Ikusteko moduko beste ezer ez zuen izan lehen zatiak. Lehenbiziko ordu laurdena oso joan zen aspergarria, bi taldeek ere jokoan asko zutenez, izu bezain zuhur jokatu baitzuten. Kordoba inguratu zen pare bat aldiz Eñauten ate ingurura, baina aparteko gol aukerarik sortu gabe. Minutuak igaro eta izerdia bota ahala, bere onera etortzen hasi zen Reala, eta nagusitasunik erakutsi ez bazuen ere, baloia ezker eskuin mugitzen hasi zen, etxekoei lasterka eginaraziz. Hala, horietako jokaldi batean, falta arriskutsua egin zioten Finbogassoni ezker hegalean.
Jokoan ezin eta, geldikako jokaldiak baliatu beharrean zegoen Reala, eta ez zuen aukera alferrik galdu. Canalesek ezkerrez falta atera, Velak baloiari pasatzen utzi eta Iñigok ez zuen barkatu bigarren zutoinean. Negarrez izanagatik, sareetara bidali zuen baloia ondarrutarrak. Bada, Iñigo bertan agertu izana ez zen kasualitatea izan. Orain bi denboraldi Montainerrekin gertatu bezala, bazirudien eta atzo ere Iñigo bera izango zela Arrasateren etorkizunaren salbatzaile.
Bigarren zati eskasa
Golak nahi eta uste baino balio gutxiago izan zuen, ordea. Bigarren zatian, tentsio eta kasta gutxirekin zelairatu baitziren txuri-urdinak. Kordoba nagusi izan zen, eta dezente gerturatu zen Eñautengana. Arrasatek Zurutuza zelairatu zuen Castroren ordez, zelai erdiari indarra eman asmoz, baina ez zuten asmatu. Taldea behera etorri zen. Eta, 71. minutuan, sekulako aukera izan zuen Xiscok. Ez sinesteko aukera huts egin zuen, atepetik bertatik baloia kanpora bidaliz. Dena den, lanean jarraitu zuten Djukicen jokalariek, eta 87.ean lortu zuten saria. Aldaratze batean, eta eskuarekin izan arren, Xiscok berak berdinketaren gola egin zuen.
Hala, zulo sakonean murgilduta jarraitzen du Realak, bururik altxatu ezinda. Arrasatek  karguri eutsiko dion edo ez izango da  Realeko zaleen galdera. 

Golak. 0-1. Iñigo Martinezek (23. min.). 1-1. Xiscok (87. min.).
Epailea. Del Cerro Grande. Txartel horiak: Realeko Carlos Velari.
Bestelakoak. 12.000 ikusle inguru Mediterraneoko Jokoetako estadioan. Horietatik ehun bat Realeko zaleak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.