Zulorako bi hautagai

Gaur Osasunak irabazten badu, Recreativo izango da sailkapeneko azkena; gainontzean, gorritxoek jarraituko dute hogeigarren

2008ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Azken sailkatua eta azken-aurrekoa ariko dira gaur aurrez aurre Nuevo Colombino futbol zelaian. Tentsiorik ez da faltako, eta joko ona ikustea zaila izango da. Gehienetan bezalaxe, puntuak batzea da garrantzitsuena gaur. Osasuna Recreativo baino hobeto aritu da jokoaren arlo guztietan orain arteko hamalau jardunaldietan: gorritxoek 11 gol sartu dituzte, eta Recreativokoek, bederatzi, eta andaluziarrei 22 gol sartu dizkiete, eta nafarrei, hemeretzi. Erasoko jokaldi gehiago egiten dituzte gorritxoek, areara erdiraketa gehiago ere bai, erremateetan eta goleko paseetan ere nagusi dira Osasunakoak, eta falta gutxiago egiten dituzte, txartel gutxiago atera dizkiete, eta aurkariek erremate gutxiago egiten dizkiete Camachoren mutilei. Hala ere, Osasunak Huelvako taldeak baino puntu bat gutxiago du sailkapenean. Huelvakoek baino partida bat gutxiago galdu dute nafarrek, eta partida gehiago berdindu dituzte, baina partida bakarra irabazi dute gorritxoek, eta Recreativok, bi. Nafarrek irabazi egin behar dute gaur arratsaldean derrigorrean Recreativoren zelaian, baldin eta sailkapeneko azken postua utzi nahi badute.

Recreativok etxean oraindik ez du partidarik irabazi sasoi honetan. Osasunak etxetik kanpo ere ez. Gaur arratsaldeko partidan berdinketa izatea da logikoena, ondorioz, baina berdinketak bietako inori ez dio balio, eta hil edo bizi garaipenaren bila jokatuko dute bai Recreativok, bai Osasunak. Eta Osasunarentzat oso garrantzitsua izango litzateke behingoz partida bat irabaztea etxetik at, apirilaren 13an Espanyolen zelaian Astudilloren gol bati esker 0-1 nagusitu zirenetik zortzi hilabete luze igaro baitira etxetik kanpo irabazi gabe. «Beste zenbait taldek baino meritu gehiago egin ditugu etxetik at, baina ez dugu punturik lortzen, eta erasoan ideiak argiago izan behar ditugu. Dena dela, talde guztiek etxean baino gehiago sufritzen dute etxetik at», esan zuen atzo Jose Antonio Camacho entrenatzaileak horren harira.

Etxean jokatutako azken partidan hiru goleko aldea alferrik galdu ostean, Osasunako jokalarien adorea ere ez da unerik gozoenean izango, baina Camachok ez du aitzakiarik ikusten horretan: «Adoreari dagokionez, ez gaude gaizki, horrek ez du eraginik izango; txukun hasi eta pixkanaka- pixkanaka zulorantz erortzen hasten diren taldeek izaten dituzte zalantzak adorearekin, baina argi dago guk okerrera egiterik ez dugula, eta adorea ez da aitzakia izango, ondorioz. Partidak irabaztea, puntuak batzea eta orain sailkapenean gure gainetik diren taldeei zalantzak eragitea da gure lana», esan zuen herenegun Osasunako entrenatzaileak Huelvara abiatu aurretik.

Jokalari gorritxoek aste honetan final hitza hitzetik hortzera erabili badute ere, entrenatzaile espainiarrak argi dauka gaur arratsaldekoa ez dela finala, baina jokoan diren puntuen garrantzia ukaezina da. «Denbora asko geratzen da oraindik Liga amaitzeko, eta partida hauek finaltzat jotzerik ez dago, baina oso puntu garrantzitsuak daude jokoan eta irabazteko asmoz goaz Huelvara», esan zuen Camachok.

Aldaketak hamaikakoan

Osasunak gutxienez bi aldaketa egingo ditu hasierako hamaikakoan, azken norgehiagokan Valladoliden aurka hasieratik jokatu zuten bi gizon jokatu ezinda baitaude asteburu honetan: Juanfran eskuin hegaleko erdilaria zigortuta dago, txartel pilaketaren ondorioz, eta Santi Ezquerro deialditik at utzi zuen Camachok herenegun, aste barruan arazo fisikoak izan baititu. Juanfranen postuan aritzeko hautagai nagusia Cesar Azpilikueta da, eta horrek atzealdearen eskuin hegalean utziko duen hutsunea betetzeko Oier Sanjurjo hamaikakora itzuliko dela dirudi. Ezquerroren ordez punta-erdi lanetan aritzeko hautagai nagusia, berriz, Hector Font da. Hala eta guztiz ere, «Masudek eta Sunnyk ere badute aukerarik», Camachoren esanetan.

Krutxaga erdiko atzelaria ere deialditik at geratu da, belaunean kolpe bat jaso baitzuen asteko entrenamendu batean, eta Ion Etxaide bigarren taldeko gaztea deitu du Camachok, taldeko beste erdiko bi atzelariak ere jokatu ezinda baitaude: Roversiok ez du gehiago jokatuko sasoi honetan, belauna apurtu baitzuen, eta Josetxo, birus batek jota, taldetik at dabil azken asteetan. Etxaidek aurreko denboraldian egin zuen debuta lehenengo taldearekin, Almerian, eta bihar, agian, aulkitik zelairatzeko aukera izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.