Zuria, gorria eta beltza

Athleticek erabat aldatu beharko du bere jokoa bihar Valentziari aurre egin gura badio

haritz gallastegi
2007ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Zuria. Aukera izanez gero, hobe litzateke orrialde hau zuri uztea. Athleticeko jokalariei elkartasuna adierazteko era izango litzateke. Lezaman lan saioa egin ostean, bi jokalari agertu dira prentsa aretoan. Gehienetan, hasierako hamaikakoan jokatzen duten futbolariak eskatzen ditugu. Haiek dira protagonistak.

Bada, Athleticen beti jokalari berberek jokatzen dutenez, gehienek astero egin behar izaten dituzte adierazpenak. Berez da nekagarria, baina sasoiaren azken txanpan are eta astunagoa izaten da. Denboraldi honetan bereziki da gaitza; jokalariek ez dakite zer esan, eta ez dute aitzakiarik eman gura. Aukeran, ez ziren prentsa aretora hurbildu ere egingo. Normala. Kazetariok ere ez gara oso originalak: beti gauza berberak galdetzen ditugu. Gainera, dagoeneko ez dakigu zer esan. Bi denboraldi kontu berberen gainean jardutea luzea eta nekagarria da. Irakurleen baimenarekin, orrialdeazuri uzteko modukoa.

Gorria. Lotsatuz gero, gorria ipintzen zaio aurpegia askori. Athleticeko jokalari gehienek ez dute gorritzeko arrazoirik; lotsaren ondorioz ez, behintzat. Barruan daukaten guztia ematen ari dira; batzuetan zer egiten ari diren ere ez dakite, baina ez dute etsitzen: baloiaren atzetik esperantzarik barik ibiltzearen ondorioz gorritzen dira; nekearen ondorioz, alegia. Halere, gogoa baino gehiago beharko da salbazioa eskuratzeko: burua erabili behar da. Aulkitik lagundu egin beharko diete, eta gehienek ez dute huts egingo. Huts egiteko arriskua dutenek ez baitute Valentziaren aurka jokatuko. Hasieratik ez, behintzat.

Beltza. Itxuraldaketa erabatekoa ez bada, etorkizuna beltza izango da. Hamar jardunaldi falta dira Liga amaitzeko, eta Athletic jaitsierako postuetan dago. Sailkapenak ikara sartzen du, baina are eta kezkagarriagoa da taldearen jokoa. Azken bost jardunaldietan Lehen Mailako talderik txarrena izan da -okerrago jokatzen duen talderik balego, Bigarren Mailan bidaiatzeko autobus etxeen eskaintzak aztertzen hasi beharko luke-. Gainbeheraren arrazoiak aurkitzea ez da samurra. Izan ere, duela bi hilabete egiten zituen gauza berak egin ditu Athleticek azken hilean. Jokalari berberekin, gainera. Halere, dena oker egin dute.

Ondorioz, Manek taldea itxuraldatzea erabaki du. Valentziari aurre egiteko defentsako lana indartzea erabaki du entrenatzaileak. Erasoko jokalari bat kendu eta hiru euskarrirekin jokatuko du. Murillo osatzen ez bada, Ustaritz aritzea izango da zelai erdiko berritasun nagusia. Lau hilabete pasatxo egon da jokatu barik, eta Valentziaren aurka sekula jokatu ez duen postuan ariko da.

Atzean, Sarriegi eta Casas sartuko dira hasierako hamaikakoan. Lazkaoarrak Amorebietaren lekuan jokatuko du, hura zigortuta baitago. Ezker hegalekoan Casasek jokatuko du. Sopeloztarra ez da fin aritu aukera izan duenean, baina Mane -gainerako entrenatzaile guztiei gertatu zitzaien moduan- gogaitu egin da Javi Gonzalezekin. Lehen Mailan jokatzeko dohain guztiak ditu: teknikoak zein fisikoak. Halere, ezin da partida guztian norberaren arrakastaren bila jardun, futbola talde jokoa da eta. Erasoan, berriz, Adurizek hartuko du Urzaizen postua.

Aurrean Valentzia egongo da, Europako talderik sendoenetakoa, lana eta talentua uztartzen dituen taldea. Manek gurago du talde indartsu baten aurka jokatu, erdipurdiko baten aurka jokatu baino. Jokalarien autoestimuaren mesederako izango omen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.