Zurutuza: «Denok sinatuko genuen jaitsieratik bederatzi puntura egotea»

Realeko jokalariak aitortu du «lasai» daudela, baina ohartarazi du ezin direla gehiegi erlaxatu

David Zurutuza, protesta egiten, Osasunaren aurkako derbian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Realeko jokalariek lasaitasun mezua helarazi nahi izan zuten atzo talde txuri-urdineko zaleen artean. «Denok sinatuko genuen sasoiaren hasieran denboraldiaren une honetan jaitsiera postuetatik bederatzi puntura egotea», esan zuen David Zurutuzak. Realeko erdilariak aitortu zuen taldean «lasai» daudela, baina ohartarazi du ezin direla gehiegi erlaxatu. «Ondo kokatuta gaude sailkapenean, oraindik gorago egon gaitezkeela jakinda. Hala ere, partidaz partida joan behar dugu».

Zurutuzaren iritzi berekoa da Raul Tamudo. Aurrelariaren iritziz, ulertzekoa da, taldeak daraman bolada txarra kontuan hartuta, zaleek azalpenak eskatzea. Horrexegatik, Tamudok «oso garrantzitsutzat» jo zuen etzi Racingen zelaian irabaztea, garaipen batek «taldearen dinamika aldatuko» lukeelako.

Tamudok badu errezeta Santandertik hiru puntuekin itzultzeko. «Gijonen eta Getafen bezala jokatu behar dugu. Bi zelai horietan zaila da irabaztea, eta guk bietan lortu genuen. Santanderko partida ere zaila izango da. Racing ondo ari da, nahiz eta partida batzuk galdu dituen. Marcelino iritsi zenetik hobeto ari da».

Aurrelari kataluniarra ez zegoen kezkatuta azken partidetan golik sartu ez izanaz. «Taldea dago guztiaren gainetik. Taldeak irabaztea da garrantzitsuena, ez nik golak sartzea».

Sardinero, zelai aproposa

Realak badu non heldu etzi bolada txarra eten daitekeela pentsatzeko. Izan ere, azken denboraldietan talde txuri-urdinak emaitza onak lortu izan ditu Sardineron. Hala, jokatu dituen azken zortzi partidetatik bakarra galdu du, 2006-2007 sasoian, jaitsieraren urtean: 0-1. Partida horren aurretik jokatutako zazpi partidetatik bost irabazi zituen, eta bi berdindu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.